Andoni ARABAOLAZA
MENDI FILM JAIALDIA

Motorrak bero-bero daude; nazioarteko 17 film estreinatuko dira

Abenduaren 8tik 17ra, Bilbon, euskal mendiko zinemaldiaren 16. ekitaldia egingo da. Sail ofizialean, denera, 51 pelikula lehiatuko dira.

Mendi Film Festibalaren aurkezpen ekitaldi ofiziala, Euskalduna Jauregian.
Mendi Film Festibalaren aurkezpen ekitaldi ofiziala, Euskalduna Jauregian. (Oskar MATXIN | FOKU)

Abendua ate joka dabil, eta, urtero legez, garai horretan Euskal Herrian mendiko kulturak badu hitzordu berezi bat: Mendi Film Jaialdia. Nazioarteko izaera duen mendiko zinemaldi horren 16. edizioko aterpea Bilbo izango da, eta hamar egunez mendiarekin, abenturarekin eta naturarekin harreman zuzena duten pelikulak ikusteko aukera dago.

Aurten 51 film lehiatuko dira Sail Ofizialean, mundu zabaleko hamabost herrialde ordezkatuz. Tartean, Euskal Herriko proposamenak daude: 14 ekoizpen.

Hamabi sari banatuko dira, eta ohorezko ikurrak norentzat izango diren bost lagunez osatutako epaimahai batek erabakiko du.

Ez dira pantailaratuko diren ekoizpen bakarrak; izan ere, Zabalandi sailean, lehiaz kanpo, bost aurkeztuko dira. Eta toki berezia izango duten beste bi film ere ikusgai izango dira. Horietako bat Mendi Film Bizkaia-Ternua Beka jaso duen proiektuaren pelikula: Leire Egañaren ‘Oinez’. Film horiek guztiak hiru aretotan eskainiko dituzte, eta hogeita hamar zine saio programatu dira. Dagoeneko saioetako sarrerak salgai daude.

EGITARAU ABERATSA

Zenbait erakusketa antolatu dira, eta hauek hitzaldiei emango diete lekukoa. Besteak beste, Eduardo Martinez de Pisonen ‘Lo que vi en las montañas’, ‘El arte en el croquis de escalada’ liburuaren aurkezpena… Aitortzei dagokienez, bi emango dira: WOP Mendi Film saria Edurne Pasabani eta IAMF erakundearena Eliza Kubarskari.

Bestalde, mendiko zinemagintzaren industriaren inguruko jardunaldi bat antolatu dute. Eta hori guztia biribildu ahal izateko, Mendi Film Jaialdiaren antolatzaileek gonbidatu andana eta ospetsuak ekarriko dituzte: zuzendariak, saridunak edo izen handiko kirolariak.