GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Animalien kantak


«Erri batian ikusi det nik/ tximutxa gitarra jotzen,/ arkakosua berriz tangua/ zorriyarekin dantzatzen».

Pepe Artolaren bertso hauek, “Animaliyen kantak” saila, lehen aldiz irakurtzean ez nuen «tximutxa» hitza ulertu. Orain Parisen festa betean dabilen zomorroa da, euskara jantzian «zimitza». Haur eta gazte garaietan ez nuen ezagutu. Gaztelaniaz entzun nuen inoiz chinche hitza soldaduskan, hango oheetan agertzen zirela eta. Joandakoan irratian elkarrizketa egin zioten aditu bati eta galdetu, zergatik orain hainbeste agertzen diren hiri moderno handietan. Txunditu egin ninduen erantzunak: globalizazioa jartzen zuen errudun eta bereziki pisu turistikoak. Nonbait, merkearen turistek motxila eta maletetan ekartzen dituzte “tximutxen” arrautzak. Alegia, ez dute soilik dirua ekartzen.

Zorriak ere ez nituen umetan ezagutu. Seme-alabak ikastolan hasi zirenean ikasi genuen zomorro pikaroekin borroketan. Aldiz, oso ezagunak genituen arkakusoak. Gure zaharrek abilidade handia zuten siphonaptero txikiak barruko arropen tolesetan harrapatzen eta bi atzazalen artean akabatzen. Donostia eta inguruko arkakusoak famatuak izan ziren; kantak eta bertsoak eskaini zizkieten. Victor Hugo idazleak ere aipatu zituen hemengo oroitzapenetako liburuan.

Bestelako zomorro ugari badira. Togadunak bertsio solemnea dira. Behin eta berriz jaurtitzen -hauxe da hitza- dituzte euskara itotzen jarraitzeko epaiak. Berdintasun eta libertatearen izenean legeak agindutakoa betetzen dutela diote. Zuzenbide estatuan bizi omen gara. Medikuen faltan gaudelarik, Kotxintxinako doktore bat hona etorriz gero, lehen eskakizuna gaztelaniaz ongi egitea da, Abaltzisketan sendagile aritzeko bada ere. Garrantzitsuena ez al zen ba ongi sendatzea, beste zomorro kuadrillari milaka aldiz entzun diogunez?

PPko filosofoek ere maiz aipatzen dituzte berdintasuna eta libertatea. Martimuiloaren berdintasuna eta liberalismoaren libertatea; alegia, el que no corre vuela. Hauek eta Espainiako epaile jendea aztoratu egin da orain amnistiaren kontuarekin. Eta bereziki lawfare hitza aipatzearekin. RAEkoek ere ez zuten hitza maite, nahiago espainol jatorra erabiltzea: «Judicamorra» esaterako. Euskaraz, «epaisesio» ere ongi legoke. Izenak izen, jazarpen judiziala egon badago procésaren inguruan. Castejon epaile izarrak asmatutako gidoia, bihotzekoak jota hil zenaren kontura terrorismoa leporatzea, ongi erosiko dio Beldurrezko eta Fantasiazko Zinearen Astean edozein produktorak.

Laburrean, Franco hil zenean aukera eman ziguten: sustoa edo heriotza. Noski, sustoa aukeratu genuen. Ia 50 urte pasatu dira eta ikusi dugu sustoa ere ez dugula gustuko eta hitzarmena aurkeztu zutenek ez dutela zegokien partea bete. Erpinean zegoen Borboi txorizoak familiako tradizioari jarraitu diola. Baina epaile, fiskal eta monagiloak isilik geratu dira eta babestu egin dute immunitate legearen interpretazio teologala egiten. Eta kokoteraino gaude. Baten bat, halabeharrez jakina, konturatu omen da zerbait aldatu beharra dagoela eta prest agertu da egiteko. Bera gailurrean jarraitzearen truke. Horrelaxe baita bizitza. Ziur aski ez du dena beteko, baina erdia lortuta ere konformatuko gara… oraingoz.

Okerragoak dira besteak; orain 50 urte gehiegi eman zigutela iruditzen zaie eta gorrotoa lantzen jarraitzen dute. Baina gorrotoa ereinez, landatuz, ureztatuz… gorrotoa hazten da noski. Netanyahu ere ez omen da horretaz ongi konturatu.

Azkeneko ikerketen arabera, Europako lehen gerra luzea Euskal Herrian, Guardian, gertatu zen, Kristo aurreko 5000. urtearen inguruan, Neolitoan. Hortxe gabiltza oraindik euskara gora eta behera. Ea gauza garen gorrotorik gabe jarraitzeko. Ez da erraza.

Dena den, pozik bizitzeko bada arrazoirik. Egindako kanpaina izugarriaren (izua sortzekoa) ondoren, PPko manifestazioetan asko bai, baina ez da proportziozko jendetzarik bildu. Eta fatxa gorrotozaleak ere monarkiaren aurka azaltzen ari dira. Leonor printzesari, hain eder, jator, moñoña eta azkarra izanagatik, errazago jartzen ari zaio etorkizunean Espainiako Errepublikaren presidente izatea, erregina baino. Gogoan izan, hilaren 20an Franco hil zeneko 48. urteurrena. Atzo gertatu zela ematen du. Tximutxa hemen dago gogorarazteko.