GARA Euskal Herriko egunkaria

Bueltan dakar Jon Arretxek Toure detektibea, «beti bezain azti»

Toure detektibearen sagaren 10. atala izango dena, “Musker amarruak” aurkeztu du Jon Arretxek. Oraingoan, Kanaria uharteetara eraman du protagonista, Bilbotik ihesi. Uxue Razquin editorearen esanetan, «beti bezain azti» itzuli da Toure. Atzo aurkeztu zuten nobela berria eta datorren urtean estreinatuko den “Toure detektibea” telesailari buruz ere aritu ziren.

Jon Arretxe, liburu berria eskuetan duela. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Jon Arretxek lan berria aurkeztu du, “Musker amarruak”. Toureren sagako hamargarrena da eta oraingoan ez du Bilboko San Frantzisko auzoa agertoki izango, Las Palmas Kanaria Handikoa baizik. Uxue Razquin editorearekin aurkeztu zuen nobela, Donostian. Razquinen hitzetan, «beti bezain azti» itzuli da Toure.

Lagun kazetari batek proposatu zion Arretxeri Toure detektibea Las Palmasera eramatea, La Isleta auzora. Hasieran jaramon handirik egin ez ziola aitortu bazuen ere, miresten zuen Alexis Ravelo idazlea hiltzean hura omentzeko modua iruditu zitzaion nobela haren jaioterrian kokatzea.

Erronka izan da Arretxerentzat Toure San Frantziskotik ateratzea, oraingoan Las Palmasera joan eta «ibili eta ibili» egin behar izan du.

Liburu berrian, Las Palmasen zoriak horrela nahi izan duelako agertuko da Toure, Bilbotik itsasontzi batean ezkutatuta ihes egin ostean. Arretxek gogoratu zuen denetarik egin izan duela protagonistak bizimodua aurrera ateratzeko eta antzera jarraituko du liburu berrian ere: «Lehenengo nobelan, agian, ez, baina honetan dagoeneko edozer egiteko prest dago dirua irabazteko, bizirik irauteko».

Kirol apustuen negozioan sartu da Toure, kanariar borrokari ekinda, Escaleritasko Muskerra txapeldun ohiak konbentzituta. Horrela, abentura batean barneratuko da.

«Agertzen diren gehienak errealitateak oparitu dizkidan pertsonaiak dira», azaldu zuen Arretxek. Muskerrek bizileku duen bunkerra egiazkoa da, baita bizilagun duen galiziarra ere. Gezurra badirudi ere, ziurtatu zuen lehen kapituluko “Batman” ere bene-benetakoa dela: «Nobela hau idazten nuen bitartean sortu zen ‘“La Isletako Batman”, horrela jantzita agertzen zena pintadak-eta egitera».

SURREALISTA ETA UMORETSUA

Nobela beltza da “Musker amarruak”, baina «surrealista» ere egiten dute aipatutako pertsonaiek, egilearen arabera. Umoreak ere badauka tartea obra berrian: «Nahiz eta abiapuntu tristea eduki, Toureren nobela umoretsuena da».

“Toure detektibea” telesailaz ere aritu zen Arretxe. Datorren urtean estreinatuko dute eta «oso zoriontsu» agertu zen idazlea, lehendabizi ETB1en euskaraz estreinatuko dutelako. Ondoren, TVEn emango dute, gaztelaniaz.

Azaldu zuen bera idazteaz bizi den idazlea izaki, ekonomikoki proiektu garrantzitsua dela. Horrez gain, esperantza du San Frantzisko auzoari justizia egingo diola. «Medioetan beti atera izan da gauza negatiboengatik, turismo bulegoetan tatxatu egiten zuten, marjinala izan da...» eta telesailak horri buelta ematea espero du Arretxek.

«Toureren perfileko pertsonak» desestigmatizatzeko balio izatea ere nahi luke eta jendartea «horrenbeste sufritzen duen jendea» errespetu handiagoz tratatzera bultzatzea.