GARA Euskal Herriko egunkaria

Galtzekotan


BigFady Joudah-ren “Remove” (Desagerrarazi) poemako lehen bertsoek honela diote: “Nire etxetik atera ninduzun horrek / inoiz uzten ez zaituen / iraganarekiko itsu zaude / ez zara sator bat, ordea, / usaindu eta antzemateko zer egiten ari zaren / orain niri zu”. 2021eko maiatzean idatzitakoa da poema, palestinarrak Israelek ezarritako apartheidaren kontra altxaturiko hamaika aldietako batean. Gaur goizean bertan idatzitakoa izan zitekeen.

Bonbek suntsitutakoaz ari da poema, eraikinez zein giza gorputzez. Gerora, “The New Yorker”-ek poema argitaratzeari uko egin ostean, Joudahk idatziriko saio laburrean, gerra aparatu kolonialaren pean urteak diruditen egunak azaltzen ditu poetak. “Remove” egun amaiezin horietako baten ondorio eta isla da.

Joudahk ingelesera itzulitako Mahmoud Darwish-en poemak argitaratu zituen ‘‘The New Yorker’’-ek urte batzuk lehenago, Al-Birwako poetaren heriotzaren harira. Horregatik mingarria egin zitzaion aldizkariaren zentsura. Hurrengo hilabeteetan, ezezko gehiago jasoko zituen: ‘‘The New York Review of Books’’, ‘‘The Guardian’’, ‘‘Times Literary Supplement’’…

Trauma bere izaeraren parte bada ere, palestinar herriak iluntasunean argiari bide egiten jarraitzen du. Hosam Maarouf Gazako poetaren bertsoak gogora dakartza Joudahk: “Ordezko bihotzak fabrikatu / gutako bakoitzak duena galtzekotan”.