GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikatik abiatuta, laguntasunari buruzko nobela idatzi du Lide Hernando Muñozek

Musikari buruzko nobela bat idazteko asmoarekin abiatu zen Lide Hernando Muñoz, baina prozesuaren amaierara iritsita, laguntasunari buruzko nobela ondu du. Bilakaeraren emaitza Susak argitaratuko «Izotz ura» liburuan ikus daiteke. Saioaren eta Mararen, banandu egin diren txikitako lagunen, ibilbidea jasotzen du.

Lide Hernando Muñoz, atzo Donostian egindako aurkezpenean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Pandemiako itxialdian izan zituen nobela bat idazteko lehen ideiak Lide Hernando Muñozek. Hiru urte eta erdi eman ditu historia horrekin, atzo Donostian aurkeztu zuen “Izotz ura” (Susa) liburura heldu arte. Musikaria izateagatik da ezaguna Hernando, baina musikaria izan aurretik idazten zuen. Orain arte, ordea, ez omen du argitaletxe batekin testu bat kaleratzeko beharrik edo ausardiarik izan. Lander Garrok egin du azala.

Ezaguna denari buruz idatzi behar dela esan zioten eta musikari buruzko nobela bat osatzeari ekin zion. «Hori esan nion neure buruari behintzat», onartu zuen. Prozesua amaituta, berriz, laguntasunari buruzko nobela dela dio. «Musikari buruzko nobela dela esatea motz geratzen da. Musikarik gabe ez zuen berdin funtzionatuko nobelak. Baina ardatza ez dago hor, laguntasunean dago ardatza», azaldu zuen.

Itxialdiak kalte handiak eragin zituen musikarien artean. Batzuk konponezinak izan dira. Talde askok diru iturri nagusi galdu zuten. Beste batzuk desagertu egin ziren. Hernandori sormen, entsegu eta kontzertuen etengabeko gurpila gelditzeak pentsamendu intrusibo andana eragin zion. Musikarekin zuen harremanari buruz, musikariekin zuen harremanari buruz, industriaren inguruan, emakume musikarien arteko harremanei buruz...

ILDO KONTRAJARRIAK

Azaldu zuenez, pentsamendu haiek bi ildo kontrajarritakoak ziren. Alde batetik, «Lide zentzudun eta morala zegoen, euskal kultura defendatzea misio duela pentsatzen duena» eta, bestetik, aldiz, «Lide ausarta eta buru irekia».

Bi «Lide kontrajarri» horietatik sortzen dira nobelako pertsonaia nagusiak, Saioa eta Mara. Txikitatik ezagutzen dute elkar; ikastolan eta abesbatzan elkarrekin ibilitakoak dira. Baina denboraren poderioz banandu egin dira. Saioa herrian gelditu da, musika utzi du eta bikotekidearekin eta semearekin bizi da. Mara, berriz, musikaren industrian murgilduta dago, herria utzi zuen, hurrengo diskoa Londresen grabatuko du eta amaitutakoan han geratzeko asmoa du. Ezagun baten heriotzak, ordea, aspaldiko bi lagunak berriz elkartuko ditu. Hori da, hain zuzen, liburuaren egituraren muina.

Hemeretzi ataletan zehar, Saioarengandik Mararengana eta Mararengandik Saioarengana salto egiten du eleberriak. Une oro hirugarren pertsonan egindako narrazioan, baina bi protagonistak oso gertutik azalduz, pertsonaien eta denboren plano nahasketa dago. «Haien harreman bihurgunetsua, musika ibilbidea, gertukoekin duten harremana. Diskoen grabazioak, birak, talde bat sortzeko unea, desegitearena...»; hori dena jasotzen du Hernandok “Izotz ura”-k.

HARREMANEN GORABEHERAK

Bi pertsonen arteko harremana eta gorabeherak biltzen dira. Musikari buruzko ikuspegi desberdinak. Musika bizitzeko bi modu. Bizitzaren bideak dakarrena, musika politika egiteko bitarteko gisa erabiltzearen ondorioak, euskaraz ala gazteleraz kantatzearen arteko hautua egin beharra, komunikabideekin izan beharreko harremana, zer ondorio dituen pertsona batentzat ezaguna bilakatzeak. Zein kontraesan eta zein koherentzia dituen bakoitzak. Hori guztia ere azaltzen da Hernandok idatzi duen liburuan barrena.

«Musikak eta literaturak sormen prozesu desberdinak dituzte. Luzea eta bakartia da nobela bat idaztearena», aitortu zuen Hernandok.