Maite UBIRIA
BAIONA
Entrevista
ENEKA BARNETXE BORDA eta irantzu idoate funosas
Xuti Gazte-ko kideak

«Gazte bakoitzari ahal duen heinean inplikatzeko aukera eman nahi diogu»

Bagira prozesuarekin elkarlanean, Gazte Eguna eginen du, gaur, Hazparnen, Xuti Gaztek. Eskualdez eskualde harilkaturiko harremanetan sakonduz abagune berria nahi dute zabaldu, Ipar Euskal Herrian gazte mugimendua bizkortzeko. Hunkitzen dituzten borroken gainean gazteen engaiamendua badela defendatzen dute bere ordezkariek.

(Guillaume FAUVEAU)

 

Xuti Gaztek eta Bagirak Gazte Eguna antolatzeko asmoa ezagutzera eman bezain pronto, ezinbestean, beteranoentzat oroimen kutxa zabaldu zen. Horren lekuko, 1996an Sohütan izan ziren Gazte Egunetara atzera bidaia egin dute Gazteriak-en ibilitako hainbat lagunek “Kazeta” hedabidean argitaraturiko iritzi zutabean.

Izan ere, orainetik gerora igarotzeko zeharkaldi berria hasiko da gaur Hazparnen. Ontziaren lemazain izanen da, Bagira dinamikaren babespean, Xuti Gazte. Gazte Egunaren hitzorduaren prestaketa lanetan buru-belarri aritu diren Eneka Barnetxe Bordarekin eta Irantzu Idoate Funosasekin solasaldia izan du GARAk.

2022ko martxoaren 12an aurkeztu zen Xuti Gazte dinamika, «mugimendu parte-hartzaile, zabal eta irekia» gorpuzteko asmoz. Urte eta erdi igarota, zertan dago asmo hori?

Irantzu Idoate Funosas: Bilana biziki positiboa da. Ikasturte erdian abiatu baginen ere, geroztik dinamika ugari egin dugu eta helburuak bete ditugu, mugimendu bat hedatzen hastea baitzen xedea.

Feminismoa, lan prekarizatua, etxebizitza eta lurraren gaineko espekulazioa, migratzaileen auzia… Gazteak zuen baitarik erantzunak irudikatzen ikusi zaituztegu. Borroka zehatzen gainean sarea osatzea, hori al da helburua?

I.I.F: Gazteria ez dela antolatua entzuten da sarri, baina gazteei aukera eman diegunean beraiek hunkitzen dituzten problematiken inguruan mobilizatzeko, han azaltzen dira. Arrangoitzeko golf zelaian baratzea landatu genuenean, migratzaileen aldeko ekintza proposatu genuenean Santiagoko zubian... Leku eta espazio ezberdinetako gazteak bertaratu ziren. Era berean, erantzun horiek borroka zabal baten antolatzeko beharra baieztatzen digute. Bakoitzaren atxikimenduaren arabera, aukera egon badagoelako, gure ustez, borroka eremuak zabaltzeko.

Besta komiteak, herri elkarteak, ikasle mugimendua edota gazte asanbladak hor daude. Alta, tokiko dinamiketatik engaiamendu orokorrera pasatzeko zubia falta da?

Eneka Barnetxe Borda: Gazteak engaiatuak dira, baina arloka eta borroken arabera antolatuak dira. Baina ikusi dugu badela elkartasun bat, baita gogoa ere, elkartzeko eta batera gauzak aitzina eramateko.

Hasieratik jarraitutasun bat aldarrikaturik, zerbait berria eraikitzeko xedea azaldu zenuten. Lehenagotik hasita, nola begiratzen diozue azken urteetan gure herrian izan den aro politikoaren aldaketari?

E.B.B.: Mugimendu abertzalea presente izan dugu beti, baina azken urteetan gazteen eremuan hutsune bat bazela sentitu dugu. Alta, horrek ez du esan nahi gazteak ez direla ezkertiar eta abertzaleak.

I.I.F.: Ekimen handiak aurrera eraman dira azken urteetan Ipar Euskal Herrian. Euskal Elkargoaren sorrera, etxebizitzaren gaineko borroka eta, bistan da, presoen dosierra. Blokeatze eguna dut gogoan. Gazteriak presente ditu ekarpen horiek guztiak, eta beharra sentitzen du mugimendu abertzale zabal eta sendo baten baitan bere borrokak garatzeko.

Mugimendu abertzalea birsortzeko abian den Bagira dinamikara batu zarete. 2023 eta 2024ko aberri egunen artean igaroko den prozesu horren sustatzaileek Gazte Eguna mugarri gisa hartu izana aitortza bat da?

I.I.F.: Hastapenetik prozesu horren partaide sentitzen gara gazteak. Eztabaida-dinamika anitz eta zabal horrekin bat egiten dugu. Bai, esan daiteke aitortza bat dela Gazte Egun hau prozesu horren baitan antolatzea. Guretzat onuragarria da, baina pentsatzen dugu Bagirarentzat ere positiboa dela gazteak entzuteko.

Gazte Eguna, formatu modura, egokiagoa da eztabaida arrunt bat baino?

I.I.F.: Gazteen gustuen eta beharren araberako ekimen bat antolatzea interesgarria da. Gazteek beraiek gazteentzat antolaturiko zerbait da Gazte Eguna. Gainera, abiapuntua dela uste dugu. Ziur gara topaketa honek ekarpen bat egiten diola, era berean, Bagira prozesuari.

Festibalek gazteen politizazio prozesuan izan duten eragina ezaguna da. Baina, gaur eta hemen, zertarako Gazte Egun bat?

E.B.B: Komunikazioari eman diogu garrantzia. Gazte Egun horrekin bigarren prozesu bat abiatzen dugu, eta zenbat eta gazte gehiago, zenbat eta dinamika anitzagoa izan, aukera hobeagoak sortuko ditugu. Gazte Eguna aitzin harreman lanak ekarri du zerbait, baita ondoren ere.

I.I.F.: Gazte Egunak espazio zehatz batean, denbora zehatz batean, elkartzeko, ezagutzeko, trukatzeko aukera emanen du. Gazte Eguna giro bat da. Horri gehitu behar zaio festibalei buruz aipatzen duzun elementu mitiko hori.

Antolatzeko eta egitaraua osatzeko orduan, bilakaera berri hori presente izan duzue?

E.B.B.: Eskualdeka antolatzea eta gazteak entzutea. Hori izan da lan eredua. Era berean, elkarteekin ere mintzatu gara elkartasun horren bila. Gazte bakoitzari ahal duen heinean inplikatzeko aukera eman nahi genion. Aurrera begira ere ekarpena egiteko aukera anitz badirela argiki nahi genien erakutsi. Uste dugu jendeak ulertu duela hori.

I.I.F.: Hitzaldiak, lekukotzak eta atelierrak izanen dira. Borroka ezberdinez baina bereziki feminismoaren borrokari buruz trebatzea inportantea dela iruditu zaigu. Garaia zen hori plantan emateko, eta aitzina begira ere garrantzi handia hartuko duen zerbait dela esango genuke. Protokolo feminista jarri dugu martxan Gazte Eguna kari. Besta eredu sano bat nahi dugu, nahi dugu giroa zaindu, hau ez delako kontzertu batera joatea bakarrik, hemen zerbait nahi dugu landu geroari begira. Besta egiteko aukera bada, baina ez da herriko besta soil bat.

Gazte Egunaren ondoren zer? Zein dira hurrengo geltokiak?

E.B.B.: Gazte bakoitzari ahal duen heinean inplikatzeko aukera eman nahi diogu, ahal den eta gazte gehienen artean erabaki behar dugulako zein den tresna egokiena. Gazte Egunean sortuko diren harremanek gogoeta prozesu polita ahalbideratzea espero dugu. Gazte Eguna antolatzeko dinamikak dagoeneko jendearengana errazago heltzeko balio izan du.

I.I.F.: Gazteria ezkertiar eta abertzalea engaiatua dela eta baduela gogoa zerbait amankomuna egiteko nabaritu dugu dugu azken hilabeteetan egin ditugun harremanetan. Gazte Egunak sentimendu partekatu bat emanen digula espero dugu. Helburuak, lan ildoak, antolaketa.. denari buruz ahal dugu mintzatu, eta denon artean behar dugu tresna berriak sortu. Gazte Egunaren ondotik bide egiten segituko dugu.