GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Iragarritako iragazpen baten kronika?


Pluton zer hartan txakolina ekoizteko baldintza aproposik ote den galderak ez dauka oraino guztiz erantzun argia, baina bidean omen dator. Halere, argiagoa, bai, mendebaleko hiru euskal lurraldeotako hauteskundeak noiz izango ote diren galderak baino, Auskal(o) Herria baita jelkide jeltzaleena! Pertsona bakar baten esku egotea hori ere! Edo, hobeto esanda, hori bakarrik! Gaur gaurkoz bera ei da burujabe bakarra! Kontuak atera! Eta laster burujabe ohia! Ene, enea, Ajuriaenea!

Harira! Kolpea gero Sabin Enean izandako filtrazio horrena, gaur zortzikoa edo! Are kolpeagoa Black Friday demontrezkoan gertatu izana! Produktu berri baten sustapen usaina dario! Filtrazioak gehiago zeukan iragarpenetik iragazpenetik baino. Iragarritako iragazpen baten kronika, akaso? Ama, ama, amen! Bestela zalantzan jarri beharko zuten Sabin Enean duten iragazki-sistema, hainbeste bikaintasun eta bikaintasun oste! Ez, ez dirudi teknologia aurreratuan aurrean direnik, gehiago ikusten ditut nik lege zaharretan... Sabintel ez diren bitartean! Baina bidean omen dira; ez dute, ba, lehendakarigaia erretratu robotez atera? Lepotik hasitako erretratua, gorbataren euskailu, eta ondo zementatutako tuneltasuna! Baina kontuz, robotikak duen txarrena kableak dira, batzuetan nahastu egiten dira…

Total, robocop! Bai, Dubai, COPetan 28.a! Pederastiako nazioarteko goi-bilera gaueko haurtzaindegi batean ospatzea bezala. Eta hortxe dira, asko eta asko, pentsatzen dutenaren kontrakoa esanez, engainatzeko intentzioz. COP han eta Christmas On Progress hemen. Hasiak dira, abenduarekin batera, gure hirietako erdiguneak gain-argiztatuak izaten, goian bazterrean beste kable, gabonetako klimaxa berotzen… Abendua berriro gabonila balitz sikiera, gabon hilak, eta neguila, negu gorria…