03 DIC. 2023 PILOTA Zabaletak modua egin du, apartekoa berarengan ohikoa izatera itzultzeko Azkoitian ez bezala, Lizarran erabat nagusitu zen etxarrendarra atzeko koadroetan. Egindako huts bakarra pilota frontisetik errebotean zuzenean jartzeko ahaleginean ihes egin zion bat izan zen. Peio Etxeberriak etekina atera zion bere nagusitasunari. Jose Javier Zabaleta goitik behera nagusitu zitzaion Julen Martija auzotarrari. (Monika DEL VALLE | FOKU) Jon ORMAZABAL Historia handiko herria da Lizarra zaharra, ohitura handikoa bere San Andres feria ere, eta pilotaren memorian bere lekua egin nahi duen Jose Javier Zabaletak bertan aurkitu du gutxienez azken hamarkadako atzelaririk onena izatera eraman duen jokoa. Lehen jardunaldian tradizio handiko beste kantxa batean zalantzati aritu bazen, atzokoan sailetik apartekoa den bere ohiko maila berreskuratu zuen Remontivalen eta, Lau eta Erdiko finalaren bestondoa gaindituta, askoz eraginkorrago aritu zen Peio Etxeberria batekin, txapelketako lehen puntua eskuratu zuten Elezkano eta Martijaren gainetik pasatuta (22-9). Egungo atzelari txapeldunak, ezker-eskuin, frontisetik oso urrun ibili zituen pilota eta Martija. Txapelerako oso kontuan izan beharreko bikotea direla berretsi zuten, atzelari etxarrendarra bere mailan aritzen den guztietan gertatu ohi den bezala. Lehen egunean Azkoitian sortutako zalantzak errotik uxatzeko asmoz irten ziren Lizarrako kantxara Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta, eta ez zuten denbora askorik behar izan Gurean falta izan zitzaien konexio hori Remontivalen erakusteko. Hasiera batean, pilota paretara ondo baztertuta, bi tanto egin bazizkion ere, auzotarren arteko deman, Jose Javier Zabaleta erraz samar nagusitu zitzaion atzeko koadroetan Julen Martijari, eta Peio Etxeberriak estreinakoan erakutsi ez zuen eraginkortasuna izan zuen errematean. Hirunako berdinketaren ostean, 0-7ko partzial batekin partida erabat hautsi zuen bikote nafarrak. Tarte horretan nahieran ibili zen Jose Javier Zabaleta, hainbeste, ezen bikote urdinaren lehen hutsa, Zabaletaren partidako bakarra, 3-10ekoan heldu zen, etxarrendarrak goiko sabaira bidalitako pilotakada batean. Lehen koadroan topatu zuen pilota atzelariak, eta boterik eman gabe errebotean jarri nahi horretan ihes egin zion. NAHI ETA EZIN 48 ordu ziren gorriek Eibarren jipoi handi samarra hartu zutela, eta atzo ere partida osoa defentsa lanetan aritzea egokitu zitzaien, Julen Martija erabat dominatuta egon zelako. Enpresako bi jotzailerik handienen aurka jokatzea egokitu zaio etxeberritarrari lehen bi jardunaldietan, -hurrengoan Mariezkurrenaren aurka aritu beharko du-, atsedenerako oso denbora gutxirekin gainera, eta erabat gaindituta aritu zen. Saiatu zen Danel Elezkano, aukera zuen bakoitzean, jokoa aurreko koadroetan nahasten, eta ezin zaio gehiago eskatu zaratamarrari, baldintza oso zailetan aritu zelako, baina bere ahaleginak antzuak izan zira parean bikote segurua aurkitu baitzuten. Denera, hiru pilota baino ez zituzten galdu nafarrek, eta Elezkano eta Martija garaipenetik oso urrun geratu ziren berriz. Altuna noiz itzuliko zain, abenduaren 10ean iragarri dute hurrengo partida Bilbon. Txapelketa hasiera ez da batere ona izan duela bi urteko txapeldunentzat, garaipenik ez batzeaz harago, tanto aldea handia izan delako kontra, baina honek ez luke amezketarrarengan presarik sortu behar. MARTIJAAltunarik gabe, enpresako bi jotzailerik handienen aurka jokatu behar izan du, hurrengoa Mariezkurrenaren aurka dauka, eta bietan oso dominatua izan da. MALLABIAElordi-Rezusta eta Ezkurdia-Tolosak lehen postua izango dute jomugan gaur arratsaldean aurrelari gorria eta atzelari urdinarentzat berezia den kantxan.