GARA Euskal Herriko egunkaria

«Hiztun berriez gain, euskara erabiltzeko espazioak behar dira»

Euskaltzaleen Topaguneak III. Kongresua burutu du, «Erabileraren arorako mugimendu berritua» lelopean. Horretaz jardun zuen Irati Iciarrek NAIZ irratian. XXI. mendeko erronkei erantzuteko asmoz, Topaguneak erabileran jarriko du indarra, lankidetza oinarritzat hartuta.

Irati Iciar, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Euskaltzaleen Topaguneko Irati Iciar lehendakariaren ustez paradigma aldaketa baten aurrean dago euskalgintza. Une hori baliatu du Topaguneak berak III.Kongresua egiteko, eta hausnartutakoaz aritu zen NAIZ irratian. «Gizarte eraldaketa bat behar du euskarak, jauzi bat izateko erabileran. Gizarte eraldaketa hori ezin du Topaguneak bakarrik egin», horretarako, lankidetza da behin baino gehiagotan Iciarrek errepikatutako hitza.

«Euskara jakitetik erabilerara arrakala bat dago», aitortu zuen Iciarrek. Hizkuntza bat ezagutzea ez da nahikoa hizkuntza hori biziberritzeko, lehendakariaren esanetan. «Erabili egin behar da», zehaztu zuen. Eta horregatik, Topagunearen ustez, hiztunak sortzean ordez, «euskararen erabileran» daude etorkizuneko erronkak. Azken 30 urteetako errepasoa eginez, hiztun berriak sortzeko garaian hezkuntzak betetako papera nabarmendu zuen, baina hizkuntzaren erabilerak behera egitearen kezka adierazi zuen.

«KEZKA DINAMIKOA»

Euskalgintzak urtetik urtera kezka berriak identifikatzen ditu, eta «dinamikoak» dira Iciarren ustez. Horregatik dio, hiztunak sortzetik harago, euskara erabiltzeko uneak eta espazioak irabazi behar direla.

XXI. mendean inguru digitalak duen presentziaren eraginez, ezinbestekoa da horri erreparatzea. «Euskarak biziberritzea behar du aurrez aurrekoan, kalean, etxean, eskolan... Hori behar da, baina mundu digitalean ere bai, mundu digitalak bere dinamika propioak dituen moduan, euskarak ere dinamika horretara bildu behar baitu».

Mundu digitala pantailekin lotu ohi dugu, baina Iciarrek azpimarratu zuen mundu digitalaren atzean norbanakoak daudela, eta Topaguneak garrantzitsutzat jotzen du «hor ere euskaldun eta euskaltzale aktiboak egotea». Aipatu zuen, euskararen eguna dela-eta, «makinei euskara irakatsi» behar zaiela nabarmenduz zenbait ekimen aurkeztu zirela, eta horiek garrantzitsuak direla. Baina, aldi berean, norbanakoek erabiltzen dituzte gailuak, eta beraz, euskaraz konfiguratzea beharrezkoa dela iruditzen zaio.

«SOZIALIZAZIO KOMUNITARIOA»

Hezkuntzaren garrantzia ere mintzagai izan zuen Iciarrek. Hezkuntza formalak hiztunak sortzeko eta ahalduntzeko funtzioa jokatzen duela azaldu zuen, eta hezkutza ez formaleko euskaltegien sareari balioa eman zion. Baina horri baliabideak gehitu behar zaizkiola ohartarazi zuen.

Hezkuntzaren arloan, hirrugarren hanka «sozializazio komunitarioa» da Topaguneko lehendakariaren ustez: «Ikasitakoa erabiltzeko espazio erosoak sortu behar dira, dinamika eta motibazio saioak».