Arnaitz GORRITI
BINAKAKO TXAPELKETA

Unai Laso «gogotsu», asteazkenean Tolosan berriro debutatuko duelako

Binakako Txapelketako finalean eskuin aldakako labruma hautsi zuen, eta ekainaren 12an ebakuntza izan zuenetik ez du jokatu Bizkarreta-Gerendiango aurrelariak. Artola eta Imazen aurka arituko da, 2024ko Binakako Txapelketako bigarren jardunaldian.

Sei hilabeteren ondoren, Unai Lasok berriz ere galtza zuriak jantziko ditu bihar.
Sei hilabeteren ondoren, Unai Lasok berriz ere galtza zuriak jantziko ditu bihar. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Unai Lasok Binakako Txapelketan aldaka hautsi zuen, eta Binakako Txapelketan, baina 2024ko edizioan, itzuliko da. Jakina zen hori, aurreko egun batean konfirmatu baitzuen Arangurenekin bikote «titularra» osatuko zuela Beotibarren Artola eta Imazen aurka, ligaxkako bigarren jardunaldiari dagokion azken norgehiagokan, bihar.

«Gogotsu» dagoela adierazi zuen atzo Bizkarreta-Gerendiangoak material aukeraketan. Nola ez zen ba gogotsu egongo, maiatzaren 12tik partidarik jokatu gabe egonda?

Lesioa hilabete aurretik izan zuen, apirilaren 2an, Binakako Txapelketako finala Imazekin batera jokatzen ari zela Elordi eta Zabaletaren aurka. Ekainaren 12an igaro zen ebakuntza mahaitik, eta operazioa «arazorik gabe» joan omen zen, Mikel Sanchez traumatologoaren aginduetara. «Ebakuntza espero bezala joan da, bestelako, arazorik gabe. Labrumean haustura zuen, eta lesio txiki bat ere antzeman zaio kartilagoan», adierazi zuen Iñigo Simon sendagileak, Baikoko sare sozialaren bidez.

«Berriro galtza zuriak janzteko zenbat denbora beharko duen esatea zaila da halakoetan, baina sei bat hilabete inguru beharko dituela kalkulatu liteke gutxi gorabehera», gaineratu zuen Simonek.

Enpresako sendagileak aurrez eginiko kalkuluak nahiko zorrotz bete direla esan behar da, bihar jokatzeko moduan egongo baita Unai Laso.

GOGOA ETA ERREALITATEA

«Lehiatzeko gogotsu nago. Ea nola ikusten dudan neure burua kantxan. Azkenean, horixe da gustatzen zaiguna pilotarioi eta, oro har, kirolariei. Tira, gogotsu nago, bai», azaldu zuen Bizkarreta-Gerendiango aurrelariak.

Esan gabe doa partida zaila izango duela berriz ere martxa hartzeko. Azkenaldian «gusturago eta konfianza gehiagorekin» dabilela onartu arren, alferrik ez dira sei hilabete pasa, ezta bi aste ere Binakako Txapelketako bikoteak modu kritikoan aztertu zituenetik ere.

«Ez ditut bikoteak ulertzen. Ez nago ados eta ez dut esaten Arangurenekin jokatzeagatik. Nik uste dut ez dutela txapelketa ondo atondu. Nik enpresarekin hitz egin nuen eta aurten atzean laguntza handiagoa behar nuela esan nien, ez nintzelako %100ean irtengo. Eta ez dute kontuan hartu eta ez nago batere ados», kexatu zen.

Arangurenekin jokatzea ez ei da arazoa, baina Baiko enpresako izar nagusienetako bat izanik eta Binakako Txapelketara hain justu iritsita, atzelari jotzaileago bat esperoko zuen bizkartzain lanetan.

Eta desioaren aurrean errealitatea gailendu ohi denez, hasteko bere bikoteak debut ezin aldrebesagoa izan zuen: Larrazabalekin bikoa osatuz 22-7 galtzaile atera zen Aizarnazabalen, Jaka eta Mariezkurrenaren aurka. Ligaxka oraindik oso luzea bada ere, biei berehala jokoan jartzea komeni zaie, bestela martxa hartzerako aukerarik gabe geratzeko arriskuan izan litezke.

«Nire helburua erritmoa berreskuratu eta maila hartzea da», esan zuen Unai Lasok, baita «beldurra gainetik kentzea» ere. Haren hitzetan, aurreneko entrenamenduetan «beldurra sentitzen nuen zabalera abiatzen nintzenean», baina «partidak jokatu ahala, beldurra galdu, jokoa hartu eta maila berreskuratzea» izango da bere aurreneko egitekoa, emaitzak ahaztu gabe, noski.