GARA
BAIONA

Brebetaren azalpena frantsesez ematea arbuiatu du Seaskak

Frantziar Hezkuntza Ministerioak gutun baten bidez jakitera eman duenez, brebeta azterketaren probetako gaiak frantses hutsean azalduko dira 2024an. Erabakiari aurre egiteko asmoa dute ikastolek.

Seaskako ordezkariek arazorik ez dagoen tokian trabarik ez jartzeko gomendioa egin zioten frantses Hezkuntza Ministerioari.
Seaskako ordezkariek arazorik ez dagoen tokian trabarik ez jartzeko gomendioa egin zioten frantses Hezkuntza Ministerioari. (Patxi BELTZAIZ)

Sei urteko borrokaren ondoren, frantziar Hezkuntza Ministerioarekin lortutako akordioari esker, kolegioa bukatzean egiten den brebeta azterketa euskaraz osorik idatzi ahal izan zuten Seaskako ikasleek joan den ekainean.

270 ikaslek izan zuten aukera lizeora igarotzeko jasotzen den ziurtagiria eskuratzeko azterketa euskaraz egiteko.

Proba horiek idazteko, azalpenak frantsesez eta euskaraz jaso zituzten ikasleek. Zientzietako azterketaren inguruan gibelaldia gertatu arte hala zen lehenago ere.

Alta, egoera ezberdina izan daiteke heldu den urteko ekainean. Atzo eguerdian Baionan Hezkuntza Ikuskaritzak duen egoitzaren aurrean deituriko agerraldian Seaskak jakitera eman zuenez, atzerapausoa eman nahi du ikasturte honetan Hezkuntza Nazionalak.

Hala, azaroaren 20ko data duen gutunaren bidez, brebetaren azterketei buruzko gaiak eta horien gaineko azalpenak frantses hutsean eman behar direla agindu du Parisko erakundeak.

«Erabakia eskubide urraketa larria eta atzerapauso onartezina» dela salatu du Seaskak deituriko protestan Iban Thicoipek, Bernat Etxepare lizeoko lehendakariak.

Erabakiak Hezkuntza Ministerioaren ezjakintasuna agerian jartzen duela gaineratu du. Jakin behar baita brebeta azterketan ikasleek erantzun behar dituzten Historia, Geografia eta Matematika probei dagozkien azalpenak frantsesez eta euskaraz jaso zituztela iaz bertan Seaskako gaztetxoek.

Piarres Larzabal kolegioko zuzendari Eneko Irigoienek zehaztu duenez, gibelera pauso bat da Parisek aitzineratu nahi duen formula berria. «Iazko brebeta azterketan gaiak osoki euskaraz ziren, salbu eranskin batzuk. Galdea zen horiek ere itzultzea eta kontrako erantzun bat ukan dugu. Ministerioan aitzinatzen dute kultura-aniztasuna badela eta hori goraipatzen dute, baina gero ez dute onartzen», salatu zuen.

Hezkuntza Ministerioak azaldu du erabaki hori brebeta pasatzen duten ikasle guztiei «berdintasuna eta segurtasuna» bermatzeko hartu duela.

Heldu den urteko brebeta azterketari buruz joan den astean Seaskak jaso zuen gutunean Hezkuntza Ministerioak honakoa gaineratzen du: «Berdin da zer hizkuntzatan erantzungo zaion azterketari, bai gaiak bai azalpenak jasotzen dituzten agiriak frantsesez idatziak izanen dira eta ez da eskualde-hizkuntzara itzulpenik egingo».

BI PAUSO AURRERA, BAT ATZERA

Ikastoletako ordezkariek kexa azaldu dute ulergaitza egiten zaien erabaki horren aurrean, brebeta azterketa euskaraz egiteko aukera eman bai, baina azterketaren probei behar bezala erantzuteko orduan frantsesa inposatzen duelako. «Bi pauso aitzinean, bat gibelean», laburbildu du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak.

Frantziar Hezkuntza Kodea eskuetan, erabakia bertan behera gera dadin borroka egiteko asmoa agertu dute Seaskako ordezkariek.

Korrikaren datorren urteko edizioak azterketak euskaraz egiteko Ipar Euskal Herrian emandako borroka goraipatuko duela oroitarazi ondoren, hau gehitu du Peio Jorajuriak: «Ospatzeko parada izanen genuela uste genuen, baina berriro ere borroka bat izanen dela pentsa daiteke. Hala ere, ikasleen hizkuntza-eskubideak errespetatuak izan arte borrokan segituko dugu».