Eli PAGOLA

Erabiliko al zenuke plastiko txikiz betetako konposta?

Egun gero eta gehiago erabiltzen diren poltsa biodegradagarriak etxeko konpostean ea zenbateraino degradatzen diren ikertu nahi zuten EHUko zenbait ikertzailek. Poltsek dituzten etiketek zenbat eragiten duten eta konpostaren kalitatean eraginik ba ote duen aztertzea izan dira helburuak. Gomendio batzuk ere egin dituzte.

Igeldoko herri konposta egiteko gunea, artxiboko irudia.
Igeldoko herri konposta egiteko gunea, artxiboko irudia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Etxeko egin zaizkigu poltsa biodegradagarri eta konpostagarriak. Zalantzan jarri da, ordea, ea benetan ote diren biodegradagarriak, toxikotasunik eragiten ote duten edo zein den kudeaketa egokiena. Juncal Gutierrez eta Gorka Gallastegi EHUko ikertzaileak dira, eta poltsa biodegradarriak landu dituzte, polimeroaren deskonposatze maila eta eragina ikertu dituzte.

EHUko Agenda 2030 dokumentuaren barruan badaude plan sektorial desberdinak, eta horien artean dago Planeta Campus, ingurumen erronkei aurre egiteko atala. Atal horretan kokatzen da Campus Bizia Lab programa, eta bertan unibertsitatearen desafio komun baten inguruan Gradu Amaierako Lan edo Master Amaierako Lan bateratuak egiten dira. Horrela, Unibertsitateko Gasteizko kafetegiko hondakinak konpostatzeko lana garatu zuten ingeniaritza mekanikoko, elektronikoko eta kimikoko ikasleek, alegia, konpostaren bueltan, hiru diziplinak landu zituzten. Egungo hondakin organikoetan poltsa biodegradagarriak ugaritu direla ikusiz, horri ere erreparatu zioten, eta polimero horien deskonposatze maila eta eragina ikertzeko aprobetxatu zuten Gutierrezek eta Gallastegik.

Gasteizko Unibertsitateko kafetegiarekin elkarlanean osatu zuten ikerketa hau. Kafetegian geratzen ziren hondakinekin zer nolako konposta osatzen zen ikertzen hasi ziren: kafea, oilaskoa, ogia, entsalada... material asko sartzen zuten konpostean. Ikerketaren azken fasean erabaki zuten poltsa biodegradableetan arreta jartzea, kafetegiko langileak horiekin zer egiten zuten galdetu baitzien, eta zenbait ondorio ateratzea lortu dute horren inguruan ere.

Poltsen erabileraren gorakadari lotuta, alde batetik legea dagoela uste dute adituek, baina baita gizarteko aldaketak ere. 2018an sartutako errege dekretu batek jasotzen zuen 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera ezin direla plastikozko poltsa arinak banatu, horien ordez poltsa konpostagarriak banatu behar direla. Eta egun, erosketak egitean, poltsa konpostagarriak dira aukera bakarra. Aldaketa horrek positiboa izan beharko luke, baina Gallastegik bigarren aldea ere ikusten dio: «Zer egiten du jendeak? Fruta bakoitzeko, barazki bakoitzeko, poltsa bana hartu; konpostagarriak direnez, bio-hondakinekin batera kubo marroira botatzen dira. Beraz, pasatu gara poltsa gabeko hondakin batetik poltsa asko dituen hondakin mota batera».

BI KONPOSTA, EMAITZA ANTZEKOA

Poltsa horietatik abiatuz osatu dute ikerketa. Urteetako lana izan da, eta ikerketaren berezitasun bat bada ikasleak nork bere lana egiten ibili direla, eta era berean diziplinen lana dela. Poltsei dagokionez, hondakin biodegradagarriek %5-10 inguruko garrantzia izan zezaketela pentsatu zuten ikertzaileek, eta ikerketaren funtsa bi konpostagailuri erreparatzea zen; batean poltsak ere konpostatu zituzten, bestean ez, kontrol moduan. Poltsa konpostagarriek UNE bat dute atzean eta OK Compost Home zigilua, Gallastegik azaltzen du etxeko konpostaren baldintzetan degradatuko direla esan nahi duela horrek. «Zigiluak dio %90 degradatuko dela, eta ikusi nahi genuen degradatzen ez den %10ak zelako eragina duen konpostaren heltze prozesuan eta lortzen den produktuaren kalitatean eta erabilgarritasunean».

Ikerketaren muina degradatu ote zen ikustea zen. Gutierrezek egin zion jarraipena gertatutakoari, eta degradatu zela dio, behintzat, «legeak eskatzen duen» neurrian. «Legeak dio ez duela erabat degradatu behar, baizik eta, OKCH-ren kasuan, 12 hilabeteko periodoaren ostean lortu behar diren zatien azalerak 4 mm2 (2x2 mm) baino txikiagoa izan behar duela. Gure kasuan hala izan da».

Horrelako poltsak konpostaren kalitateari ez diote eragiten, Gutierrezen arabera, baina bai egunerokotasunari: «Ikerketa egiten ibili zen Raluca ikasleari galdetzen badiogu, berak esango digu mantentze prozesua zaildu egiten dutela, poltsak irabiagailuan korapilatzen direlako, uraren banaketa kontu handiagoz egin behar delako... Hala ere, bi konposten prozesua ia-ia berdina izan da, baita neurtutako parametroen aldetik ere. Gure hipotesien arabera, kalitatean eragingo zuen, baina ez da hala izan; kalitate oneko konposta lortu da».

Fraisoroko laborategian egin zuten karakterizazio fisiko-kimikoa eta emaitzak oso antzekoak izan ziren: %4ko masa berreskuratu zuten polimeroetan. Bolumenari arreta jarri dio, ordea, Gallastegik: «Dentsitate oso baxua dute; beraz, masa gutxian bolumen aipagarria da, baina kalitatean ez du eraginik».

Poltsarik gabeko konpostean hamar minutuan txekeo guztia eginda zutela kontatzen dute, hondakinak botatzerakoan azkar egiten zela, ura gainazal guztitik ongi banatzen zela... Baina poltsekin hori oso zaila zen, irabiagailu tradizionala ezin zelako erabili eta eskuz egin behar zuelako hondakinak gehitzea. Poltsek gehiago zailtzen dute prozesua, beraz; baina baieztatzen dute emaitzaren kalitatean ez duela eragin nabarmenik.

ETIKETAK POLTSETAN

Poltsak, izatez konpostagarriak diren arren, poltsei etiketak jarri ohi dizkiegu supermerkatura joatean, adibidez. Eta, honenbestez, hasieran aipatzen diren konpostagarritasunak aldaketak izan ditzake. Plastiko ezberdinen panel bat osatu zuten, etiketen konpostagarritasuna neurtzeko, eta plastikoz osatutako panel hori konpostean sartu zuten zuzenean.

Gallastegik poltsei etiketak jartzeko ohiturak azaltzen ditu: «Fruta edo barazkiak erostean, poltsari etiketa jartzen diogu eta, normalean, etxean ez dugu ez poltsa zatitzen, ezta etiketa kentzen ere. Etiketa horiek ez dute konpostagarritasun zigilurik, baina, gehienetan konpostera doazenez, zer gertatzen zen ikusi nahi genuen». Etiketa batean papera, tinta eta itsasgarria poltsara itsatsita daude; horiek ere konpostaren etapa ezberdinetan murgildu zituzten, degradagarritasuna ikertzeko. Ondorioen berri ere eman dute: «Pegatina mikroorganismoen aktibitatea handia zenean egokitzen bazen, pixkanaka degradatzen zen, baina konposta heltze prozesuan bazegoen, etiketa berdin mantentzen zen». Gomendioa ere egin dute: etiketa konpostara ez botatzea.

Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko (CSIC) ikertzaileek poltsa biodegradagarriek toxizitatea dutela agertu dute, poltsak egiten dituzten ekoizleek gehigarri kimikoak botatzen dizkiotelako eta toxitizitate maila areagotzen dielako. Baina EHUko ikertzaileek egindako ikerketak eta beraiek aztertutako faktoreetan ez dute horrelako emaitzarik jaso. Zehaztapen bat egin dute: «Kontua da plazaratu diren ikerketetan lixibatuak izan dituztela aipagai, eta guk ez dugu hori aztertu».

ZENBAIT GOMENDIO

Etxean konposta egiten dutenei begira zenbait gomendio ere eman dituzte, ikerketa osatu eta gero. Batetik, horrelako poltsak konpostagarriak direla baieztatu dute, eta, beraz, gomendagarria dela etxeko konpostean botatzea zenbait lan egin ostean: «Bota aurretik etiketa kendu, ahalik eta gehien txikitu. Eta, ahal den heinean, kantitate txikiak botatzea litzateke onena».

Hala ere, ikerketak nabarmentzen du zenbat eta poltsa gutxiago izan, orduan eta errazago egingo dela konposta; eta, beraz, gutxi botatzea gomendatuko lukete. Gutierrezek gomendioei beste buelta bat emateko galdegin du: «Geratzen diren plastiko zati txiki horiek organikoak dira, karbono hidrogenoa, gainerako hondakin organikoak bezala. Baina, propietate aldetik primeran egonda ere, prest al gaude ikusteko eta erabiltzeko konpost bat plastiko zati txikiekin?».



EHU AGENDA 30: ELKARLANAREN BIDEZ, BIDE BERRIAK SORTZEN

EHUk abiatutako proiektua da Agenda30eko Planeta Campus, eta unibertsitatean dauden pertsona guztien elkarlana bilatzen du: ikasleena, irakasleena zein zerbitzuetako langileena. Kasu honetan, bertan dauden ingurumenaren eta iraunkortasunaren arazoei aurre egiteko proiektuak planteatzea du helburu. Hezkuntza Departamentutik iritsitako proposamena izan zen konpostaren inguruko proiektuaren abiapuntua. Etorkizunean irakasleak izango ziren ikasleekin, naturaren bidez, gauzak irakastea zuen helburu irakasle batek, eta, ortu ekologiko bat zuenez eta han konposta egiten zuenez, iruditu zitzaion konpostaren prozesua erabil zezaketela. Bertan, prozesua ulertzeaz gain, intsektuen eta beste izaki bizidunen kateak nola osatzen diren aztertuko zuten; baina horretarako konpost ona behar zuten. Une horretan hasi ziren ingeniaritzako kideekin lanean, konpost horren ziklo ahalik egokienak sortzeko.