GARA
BILBO

EAJk eskumenei buruzko kexari eutsi dio, burujabetzari EH Bilduk

EAJk eta EH Bilduk 1978ko Konstituzio espainolak nazioen eskubideei dagokienez utzitako hutsuneak plazaratu zituzten atzo. Aitor Estebanek transferitu gabe dauden eskumenak izan zituen hizpide. Oskar Matutek, berriz, herrien erabakitzeko eskubidea izan zuen aldarri.

Maria Berasartek abestu zuen Kongresu espainolean egindako ekitaldian.
Maria Berasartek abestu zuen Kongresu espainolean egindako ekitaldian. (Eduardo PARRA | EUROPA PRESS)

Espainiar Konstituzioaren urteurrena betetzen zen egunean, 1978an onarturiko lege nagusi horrek nazioen eskubideak egikaritzeko orduan sorturiko oztopoak aipagai izan zituzten EAJk eta Euskal Herria Bilduk. Nork bere ñabardurekin, Konstituzioa indarrean izan den aroan nazioen eskubideen arloan izan diren gabeziak mahai gainean jarri zituzten, batetik, EAJk Kongresuan duen taldeko bozeramaile Aitor Estebanek eta Ganbera berean Euskal Herria Bildu ordezkatzen duen Oskar Matute diputatuak, bestetik.

Hierro uhartean Konstituzioaz jarduteko antolaturiko eztabaida batean parte hartu zuen Estebanek, eta bertan ulergaitzat jo zuen 1979an onartu zen Gernikako Estatutuaren «kasik 30 bat eskumen oraindik ere bete gabe izatea». Bere esanetan, horrek «zentzu handirik ez izateaz gain, ez du ezer onik esaten Konstituzioari berari buruz».

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko prozesuak bost urteotan izan duen blokeoa aipatuz, espainiar alderdi handiei Konstituzioan idatzita dagoen horretan ez sinestea leporatu zien Estebanek. Hala, 45 urte igaro eta gero testu hori «aldatzeko beharra» dagoela defendatu zuen diputatu jeltzaleak.

Egungo egoerara itzulita, ondorengo erronkak aletu zituen Estebanek: «Aitortza nazionala, aldebikotasuna eta gaur-gaurkoz Auzitegi Konstituzionalak ordezkatzen ez duen arbitro neutral bat izatea».

Bestalde, Konstituzio espainolak nazioen eskubideen ikuspuntutik utzi duen uzta eskasa nabarmendu zuen Oskar Matutek. Radio Euskadin elkarrizketatu zuten eta bertan 1978ko Konstituzioak ezarri zuen Estatu ereduak «autogobernu maila ezberdinak aitortu arren» ez ziola funts nagusiari erantzun oroitarazi zuen, hau da, ez zuela «haien etorkizuna erabakitzeko Euskal Herriko, Kataluniako, eta Galiziako herrien burujabetza aitortu».

Ildo horretatik, Matutek adierazi zuen EH Bilduk ez duela onartzen Konstituzioa «euskal gizarteak duen borondatea saihesteko harresi gaindiezin» bilakatzea.

Euskal gizartearen gehiengoak -betiere gutxiengoak errespetatuz- erabakitzen duena onartzea da koalizioaren helburua, ordezkari subiranistak gaineratu zuenez.

«Hori da EH Bilduk aurrera eraman nahi duen borondate politikoa eta horretarako egungo testuak, Konstituzioa barne, eguneratu ahal dira edo, beste era batean, argi eta garbi adierazi behar da Konstituzioa ezin dela izan herriek izan ditzaketen asmoak gelditzeko harresia», nabarmendu zuen Matutek.