EDITORIALA

Konstituzio espainola eta lurralde eztabaidaren muina

Atzoko egunari demokraziaren jaia esaten diote, besteak beste, instituzio eta alderdi espainiar gehienek, demokrazia eta Konstituzio espainola kontzeptu beraren adierazletzat jota. «Bat egiten gaituena» ospatzeko eguna dela diote; hala ere, estatu horretako herritar askok ez diote inolako ospakizunetarako motiborik sumatzen; esate baterako, euskal herritar gehienek. Izan ere, duela 45 urte Estatu osoan bozkatu zen Konstituzio hori Euskal Herrian ez zen onartu, eta gertakari hori aspaldiko gatazka politiko baten isla izan zen, oraindik ere konpondu gabe dirauen gatazkarena. Euskal Herrian Espainiako Konstituzioaren eguna ez da ezer ospatzeko jaia; izatekotan ere, aldarrikapen eguna da, hainbat ekitaldi eta adierazpen izaten baitira, herriei beren geroa erabakitzeko oinarrizko printzipio demokratikoa ukatzen dien lege hori salatzekoa.

Herri honetan bizi den edonork sumatzen duen hori duela 45 urteko datuek berresten dute. Erroldatuta zeuden 1.913.980 pertsonetatik 661.412k baino ez zuten Konstituzioa onartu; beraz, ez ziren herenak izatera ere iritsi. Kontuan hartzeko moduko kopuru batek baliatu zuen ezezko botoa: 203.995ek; hau da, hautesleen %10ek baino gehiagok, eta Estatu osoan (Euskal Herria barne) %2k soilik aukeratu zuten formula hori. Euskal herritarren irizpena, beraz, Estatuko gainerakoen oso bestelakoa izan zen eta ez zuen alderdi espainolen kontsignekin bat egin. Hego Euskal Herriko euskaldun gehienak abstenitu egin ziren. Gaur egun 66 urte baino gutxiago dituen inork bozkatu ez zuenez, gaurko euskaldunen ehuneko hutsal batek baino ez zion baiezkoa eman diktadura batean sortutako aparatu militarraren kontrolpean idatzitako testuari.

Emaitza hura nazio gatazka baten erakusgarri argia izan zen, eta oraindik ere bada, konponbide politikoa behar duen gatazka batena. Paradoxikoa da, ordea, demokraziaren babesle nagusi gisa agertzen direnek oraindik konponbide demokratikoen aurkako jarrera erakustea, Konstituzioa dutela argudio, Euskal Herriak uko egindako legea, hain zuzen. Herri honek, berriz, konponbidea eskatzen du, eta horixe da azkenaldion aipatzen ari den «lurralde eztabaidaren» muina.