08 DIC. 2023 AZKEN PUNTUA Estazio meteorologikoak Iker IBARLUZEA Meteorologoa Orain aste gutxi Tolosaldeko Atarian azken 20 urteetako klimaren joeraren inguruan eginiko elkarrizketa batean, estazio meteorologikoen inguruan aritu nintzen, besteak beste. Bai eguraldian, bai klimatologian funtsezko garrantzia dute estazio meteorologikoek, datu bilketa eta eguraldiaren jarraipen erreala egiteko garaian, horrela txosten klimatiko zehatzak egiteko aukera errazten baita. Baina zer gertatzen da estazio hauek ez badaude zehatz-mehatz eta toki egokian kokatuta? Ba, lortzen diren datuak ez direla errealak bilakatzen. Estazio batek asfaltotik eta autoen eraginpetik erlatiboki urrun egon behar du, horrela errepideek eta asfaltoak eragindako beroak ez baitio termometroari eragiten. Bestela tenperatura errorea gradu bat edo gehiagokoa izan daiteke eta hori datu bilketetan errore handia da. Egungo gizarte honetan, dena eraiki behar horretan eta gero eta zementu gehiago ikusten dugun honetan gure kaleetan, ez da erraza estazio meteorologiko bat toki egoki eta zehatz batean kokatzea, eta orain kokatuta dauden asko leku hobeetan kokatzea legoke. Iruditzen zait buelta pare bat eman beharko lioketela gaiari honetan aditu direnek. Estazioak lekuz mugituta sorpresa batzuk egongo lirateke…