Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

Great Osobor nafarrak Tuteran hasi zuen bidea NBAn amaitu nahi luke

12 urte zituela Ingalaterrara bizitzera joan zen Erriberan duela 21 urte jaiotako mutila. AEBetan NCAAn hirugarren urtea egiten ari da, bi aurrenekoak Montana Staten, eta Utah Staten, orain, eta hirugarren urte honetan hasi da bere mailarik onena ematen.

Great Osobor Tuterako semea, saskira bidean indartsu.
Great Osobor Tuterako semea, saskira bidean indartsu. (UTAH STATE)

Great Osobor du izena eta Tuterakoa da 21 urteko, 2,03 metroko eta 105 kiloko mutil hau. Egun NCAAn ari da saskibaloian jokatzen Utah State Unibertsitatean, hegal-pibot postuan, Soziologia ikasten ari den bitartean. Bere helburuetako bat NBAn jokatzea omen da, eta, gezurra badirudi ere, mundu guztia orain bere izena errepikatzen ari den arren hirugarren urtea du AEBetan, aurreneko bi urteak Montana Staten eman eta gero.

Hego Euskal Herrian, EAE eta Nafarroa biak batuta, saskibaloia da lizentzia kopuru handiena duen kiroletako bat: 40.000tik gora. Horietatik, noski, oso kopuru txikiak lortzen du elitera iristea. Baina maila altua ematen duten horientzat elitera iristeko modu bat AEBetan unibertsitate ikasketak egitea da, saskibaloiarekin uztartuz. Zaharragorik aipatu gabe, euri ugari bota du Iker eta Antxon Iturbe anaiek NCAAn ibilbidea osatu zutenetik, eta zenbait gizon zein emakume, tantaka bada ere, bide bertsua egitera joan dira.

Askok ez dute elitea zapaldu. Gutxi batzuek NCAAko lanak ez ezik, eliterako bidea ere jorratu dute: hor daude, adibidez, egun Zaragozan ari den Nerea Hermosa pibot gasteiztarra edo Lugoko Ensinoko antolatzaile titularra den Ane Olaeta jokalari gernikarra.

JOKALARI BIDAIAZALEA

Great Osobor hegal-pibot nafarrak ere azken horien bidea jorratu nahiko luke. Tuteran jaio eta hazi zen John eta Mabel Osoborren semea, baina 12 urterekin Ingalaterrara -Bradford aldera- jo zuen familiarekin, lan kontuak zirela-eta.

«Lan kontuek eraman gintuzten handik, baina nire semea nafarra da, Erriberakoa, inondik ere», esan dio John aitak “Noticias de Navarra” egunkariari. «Udan Iruñean egon zen eta, ahal duelarik, harantz jotzen du, umetako lagunekin egon nahian».

Bidean aurrera egitea asko kostatu zaio Tuterako Genesis taldean saskibaloia ezagutu zuen 2,03 metro eta 105 kiloko hegal-pibot honi. Hasteko, 12 urte zituenetik Ingalaterran aritzeak Nafarroatik edo, areago, Espainiako Federaziotik urrun mantentzea ekarri dio. 2002an jaioa, bere adin bueltako jokalariek, Usman Garuba, Jeffrey Godspower, Golden Dike eta bestek, bidea itxi zioten gazte mailetan.

Harik eta Prestongo Myerscough College saskibaloi akademian 2020/21 denboraldian izena eman zuen arte, inor gutxi oroitzen zen bazela behinola Tuterako Genesis taldean pibot gisa antolatzaile gisa bezain erraz jokatzen zuen mutiko bat, aurrez Robinson Idehen bezala -Tuterakoa hau ere, joan den abenduan tibia eta peronea hautsi zituenetik geldirik dago-.

Prestonen 18,7 puntu, 11 errebote, 1,7 asistentzia eta 1,3 txapel lortu zituen, batez beste, eta NCAA ate-joka hasi zitzaion. Areago, NBL1 mailan Bradford Dragons taldearekin, 2021eko HoopsFix U19 All-Star Classic delakoan MVP izendatu zuten gero, 17,1 puntu eta 10 errebote lortuta. «NBAn ez bada, maila altuko ligaren batean lekua egitea nahiko nuke», esan zion Great Osoborrek Zonadebasquet.com webguneari.

Hasteko, bi urte eman zituen Montana Staten, eta bere freshman urtean -aurrenekoan, alegia-, NCAAko txapelketa nagusia jokatzen den March Madness delakoa ezagutu zuen. Batez beste, 7,8 puntu eta 4,3 errebote pilatu zituen partidako, jaurtiketen %63,7an asmatuz. Bere bigarren urtean Big Sky Top Reserve garaikurra ere lortu zuen.

FOKUEN ARGITAN

Alabaina, Soziologiako ikasleak lekuz aldatzea erabaki zuen eta Utah State Unibertsitatera jo zuen.

Bada, kamiseta aldaketa ez doakio gaizki, inondik ere. orain arte zortzi partida jokatu ditu eta guztietan atera da hasierako bostekoan. Batez beste, 33 minutu pasatxo jokatzen ari da eta 20,5 puntu eta 9,6 errebote sinatzen. Uztaipeko lanetan nabarmentzen da Tuterako semea eta hargatik ez da harritzekoa, batetik, hirukorik bota ez izana -aurreko bi denboraldietan orotara lau jaurti zituen eta bakarra saskiratu-, eta, bestetik, %60tik gora asmatzea bere jaurtiketetan. Jaurtiketa libreen marran, aldiz, %66ren bueltan dabil.

Ondorioz, azken asteotan jende ugari oroitu da behinola Tuteran jokatu zuen mutil hartaz eta NBAren ametsa xaxatzen hasi dira bere inguruan.

Gaia badu Great Osoborrek, eta, indarra ez ezik, abiadura ere bai. Baina oraindik bistan da baduela zer hobetua. Dagoeneko NBAko draftean izena emateko adina badauka, baina urte eta erdi geratzen zaio unibertsitateko zikloa amaitzeko. Ikasketei heltzen jarraitzeko ez ezik, jokoa fintzen joateko abagune aparta du Osoborrek.

«Hau hasiera baino ez da. Ikusiko duzue nola hoberantz egiten duen», dio John aitak, nolanahi ere. NBA urruti dago baina, tira, noizbait iritsiko da Euskal Herrian sortu eta munduko saskibaloi ligarik onenean lekua lortzen duen aurreneko jokalaria ere, ezta?