GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Durangon bazkaldute


Behin batek jolas bat proposatu zidan jolas bat proposatzen ari zitzaidala ohartu gabe. Sinesmen osoz eta eskuineko hatz erakuslea dantzan zerabilela (errieta egiteko mugimendu zuzenekin baino, armiarma sarean harrapatuta geratu berri den euliaren oszilazioz) esan zidan: «Bi esparru desberdinetan terminologia berbera erabiltzeak bienganako duzun jarrera adierazten du». Eta ordutik hemen nabil kointzidentzia eta salbuespenen bila bertsoaren ekosistemari, lege organikoei eta Gâteau Basque-ei begira.

Jolasa ez da eragozpen beste aktibitate batzuetarako eta, aste honetan, Durangon ibili naiz, aurten ere bi modutan; in situ eta ex situ. Durangoko Azokak baduelako halako hedapen mediatiko bat, errazten duena egunkari, irrati eta telebista bidez bertako berri eta autore interesgarrien esanak jasotzea. Geroni ere adiago egoten gara bertan esaten direnetara, hori horrela da. Tira, bada, egun batzuk atzera, egunkari honetan, adimen artifizialaren eta euskararen arteko bidegurutzeez egindako mahai-inguru baten kronika agertu zen, eta interesgarria zen parte hartu zuten gazteen kokalekua, euskara identitatearen parte sentitzen duten edo hizkuntzarekiko kezkarik ote duten zalantzan jartzen den belaunaldiko gazteen kokalekua. Gazteetako baten aipua da «Euskara hizkuntza gutxitua da eta horregatik guk dugu hizkuntza teknologietan abangoardia izateko beharra; besteek kopiatu ahal digute. Guk joan behar dugu garatzen, behar hori dugulako» eta beste batena, berriz, «ez dugu planteatzen euskara erabiltzea. Egia da ingelesera jotzen dugula. Euskara bultzatzeko zerbait egin dezakegu eta hori da erronka».

Adimen artifizialak ez daki ezer euskaraz, ez eta euskal kulturaz ere, ikusi besterik ez dago zein diren gaiaz egindako galderen erantzunak. Baina bistan da jendea horretan dela eta ez digula burlaizeak luze iraungo. Gainera, euskaraz izanda, har lezake mendeku aire bat, zeren, euskara batua artifiziala dela esanez gaitzesten bada, ea zer leku hartzen duten euskara naturalek adimen artifizialean.