GARA Euskal Herriko egunkaria

Erregai fosilen eztabaida konpondu ezinik dabil COP28

Dubain egiten ari den goi bilerako bi blokeak mugiezin daude: Errusia eta Saudi Arabiak ez dute fosilen inguruan hitz egin nahi; EB eta Estatu Batuak, berriz, fosilak amaitzearen aldekoak dira.

Protesta Filipinetan, Dubain egiten ari den COP28ko agintariei eskatzeko kutsatzaileei ordainarazi diezaiotela. (Earvin PERIAS | AFP)

Aste honen hasieran, OPEP petrolio ekoizleen elkarteak gutun bat bidali zien COP28ko aliatuei, azken akordioan erregai fosilei buruzko edozein aipamen bazter dezatela eskatuz, eta bi blokeen arteko talka areagotu dute hitzok: Errusia eta Saudi Arabiak ez dute erregai fosilen inguruan hitz egin nahi; Europar Batasuna (EB) eta Estatu Batuak (AEB), berriz, energia hau amaitzeko konpromisoaren aldekoak dira.

«Planteamendu errealistak behar ditugu emisioei aurre egiteko», adierazi zuen Chavham Al Ghais OPEP Petrolio ekoizleen elkarteko idazkari nagusiak, funtzionario batek irakurritako adierazpenetan. «Hazkunde ekonomikoa ahalbidetuko duen, pobrezia desagerrarazten lagunduko duen eta aldi berean erresistentzia areagotuko duen bat», gaineratu zuen.

OPEPeko idazkariak klimari buruzko NBEren elkarrizketetan parte hartzen duen lehen aldia izan zen. Saudi Arabia da elkarteko ekoizle nagusia eta, de facto, liderra. Errusia, halaber, OPEP+ taldeko kidea da. Bi herrialde hauek azpimarratzen dute Dubaiko goi bileraren ardatza kutsadura murriztea baino ez dela, kutsadura eragiten duten erregai fosilak aipatu gabe. Horrekin, arriskuan jartzen dute petrolioaren eta gasaren erabilera amaitzeko konpromiso irmoa lortzeko ahalegina.

Beste aldean daude gutxienez 80 herrialde, tartean Estatu Batuak, Europar Batasuna (EB) eta klima aldaketarekiko bereziki zaurgarriak diren nazioak. COP28ko akordioak erregai fosilen erabileraren amaiera argi eta garbi ezartzeko eskatzen du talde honek.

Beste herrialde batzuek, hala nola Indiak eta Txinak, ez dute esplizituki babestu COP28an erregai fosilak ezabatzea, baina bai herritarrek energia berriztagarriak bultzatzeko egiten duten eskaera.

OPEPI ERANTZUNAK

OPEPen jarrerak herrialdeetako ordezkari batzuen gaitzespena izan zuen. «Nazkagarria da OPEPeko herrialdeak presioa egiten aritzea iritsi behar den tokira ez iristeko», esan zuen Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministro espainiarrak.

Agnes Pannier Runacher Trantsizio Energetikoko ministro frantsesak, halaber, agertu zuen «harrituta» dagoela elkartearen hitzekin, eta bere haserrea adierazi zuen. «Energia fosilek CO2 isurien %75 baino gehiago eragiten dute», azpimarratu zuen.

Zentzu berean, klima aldaketarekiko zaurgarriak diren herrialdeek esan zuten erregai fosilak aipatzeari uko egiteak mundu osoa mehatxatuko lukeela. «Ezerk ez du gehiago arriskuan jartzen Lurreko biztanle guztien oparotasuna eta etorkizuna, OPEPeko herrialdeetako herritar guztiena barne, erregai fosilek baino», adierazi zuen ohar batean Tina Stege Marshall uharteetako ordezkariak.

Dubain dauden ia 200 herrialdeetako gobernuetako ministroek bat egin dute erregai fosilei buruzko desadostasunak konpontzeko beharrezkotasunean. Hala ere, Xie Zhenhuek, klimarako Txinako ordezkari nagusiak, aurtengo goi bilera bere ibilbideko gogorrena dela adierazi zuen. «16 urte daramatzat negoziazio hauetan parte hartzen. Bilerarik zailena aurtengoa da. Hainbeste gai daude konpontzeko», agertu zien kazetariei.

Nazioek erregai fosilen etorkizunaren inguruan ados jartzea lortzen ez badute, goi bilera arrakastatsutzat jotzeko aukera gutxi daudela adierazi zuen Xiek.