Arnaitz GORRITI
ACB LIGA

Bilbao Basketek garesti ordaindu du Breogani aukerak eman izana

Bizkaitarrek 13 puntuko aldea izan zuten partida hasieran, baina Lugoko taldeari bizia eman zioten 17 baloi galduta, eta honek ez zuen barkatu.

Anderson, Killeya-Jonesen aurrean, zital aritu da.
Anderson, Killeya-Jonesen aurrean, zital aritu da. (ACB PHOTO)

Futbolean ohikoa da esatea aurkariaren ate aurrean barkatzen duenak garesti ordaintzen duela. Bada, antzekoa esan daiteke Bilbao Basketek Lugoko Breoganen aurka atzo jokatu zuen partidari buruz ere. Bizkaitarrak hobeto hasi ziren, eta 13 puntuko aldea ere izan zuten, baina 17 baloi galdu zituzten Jaume Ponsarnaurenek eta, azken laurdenean 15-27ko partziala jasota, 68-76 eginik, burua makurtu zuten.

Aitzitik, talde galiziarrak behetik gorantz egin zuen eta beltzezko gizonen ihesaldi saiakerei eusteaz gain, azken laurdenean eztena sartu zion. Azken minutuetan hirukoz josi zuen talde bilbotarra Momirov, Jogela eta Andersonen bitartez, eta jaurtiketa libreetan ere finago aritu zen baloiak gehien erretzen zuenean. Ondorioz, Breoganek sailkapeneko zulotik apur bat ateratzea lortu zuen, eta Bilbao Basketek, aldiz, ezin lehiaketako zortzi onenen artera hurbildu.

GOITIK BEHERANTZ

Partida hastapen ederra izan zuten bilbotarrek. Bilbao Basket oso kamuts aritu zen erasoan eta etxekoen aurreneko zazpi saskiratzeak zazpi jokalari ezberdinek sartu zituzten. Zortzigarrenean, Adam Smithek errepikatu zuen, markagailua 20-7 jartzeko.

Handik aurrera beherantz joan zen etxekoen jokoa, eta gorantz Lugokoena. Baloiak errazegi galdu zituzten aurretik zihoazelarik, eta bizia eman zioten Breogani. Hamar minuturen faltan oraindik ere 53-49 aurretik ziren Ponsarnaurenak, baina 2-12ko partziala jaso zuten, eta orduan kontuak! Killeya-Jones eta Denzel Anderssonek 60-61 jarri zuten markagailua, baina galiziarren hirukoek hautsi zuten partida.