GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Jaramon


Denboraren makinarik banu, XX. mende hasierako Bartzelonara joango nintzateke. Gustura ikusiko nuke martxan Ferrer i Guardiaren Eskola Modernoa, Gaudiren tailerrean igeltsuzko maketa artean galdu eta, batez ere, garagardo bat hartu soseguz Salvador Seguírekin, “El noi del sucre” gisa ezagututako militante eta buruzagi anarkistarekin. Are gehiago Xavier Diazek idatzi eta Virusek argitaratutako “El pensament polític de Salvador Seguí” irakurri eta 3Cat-eko “La amarga lluita del Noi del Sucre” dokumentala ikusi ahala. Izan ere, margolari akratak batzen zituen langile autodidakten jakinduria, pentsamendu estrategikoaren grazia eta aldarte ona. Irekia, hizlari aparta, Lluis Companys Generalitatearen presidente errepublikano ezkertiar izango zenaren eta Layret familia oneko eta aldi berean langileen abokatu zenaren lagun eta aliatu izan zen.

Terriblea izan zen hirukotearen bukaera. Horrela, Seguí atxiloturik zegoen 1920ko azaroan, Model espetxean. Haren abokatu gisa aurkeztu zen bertara Companys, jakin gabe bere aurkako atxilotze agindua ere emana zela. Eta jakinda lagun biak Menorcako Mola espetxera lekualdatu behar zituztela, haien alde egitera joatea deliberatu zuen Layret abokatuak ere. Ez zen iritsi bere helmugara, ordea, Balmes kaleko 26. atari parean tirokatu eta erail baitzuten patronalak hauspotutako sindikatu libreen soldatapeko pistolariek. Hiru urte geroago hil zuten Seguí, Raval auzoan tirokatuta, Francesc Comas “Peronas” kidearekin batera. Companysen amaiera ere aski tragiko eta ezaguna da.

Oso pertinenteak dira Seguíren pentsamendu eta iritziak: Sobietar iraultzari buruzko analisiak, indarkeria iraultzaileari buruz duen ikuspegia, kapitalismo barruan egin beharreko borrokei buruzkoak… Oxala itzuliko balira mahai gainera halako kuestioak, beldur naizelako Katalunia kaosera eraman zuen burgesia itsu eta harroaren kasta bueltan dela mundu mailan. Azkena, gure Cambó ttipia; Repsoleko buru dena, gobernuei agintzen diharduena zein zerga jarri eta zein zerga kendu batere lotsarik gabe. Larru sendo halakoa.