GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Amnistia eta gainerako akordioak, aurrera egiteko


Amnistia legearen inguruko eztabaida Madrilgo Kongresura iritsi zen atzo eta haren proposamena aintzat hartzeko saio horretara arteko hitz berdintsuak entzun ziren. Hori bai, PSOEko eledun Patxi Lopezek argi eta garbi onartu zuen Konstituzioaren aurreko Amnistia Legeak barkatu zuela «herri oso bat menderatu izana», Estatu sena dela-eta ontzat jo bazuen ere. Estatuko indar politiko gehienak agertu dira amnistiaren alde eta askotariko iritziak daude haren inguruan, baina gehienek diote Kataluniako procésaren aurrean inoiz erabili behar izan ez ziren tresna errepresiboen ondorioak arindu baino ez duela egiten. Amnistia, amnistia lege hau, ezinezkotzat jotzen zuen orain dela gutxi arte ikuspegi nazionalista espainiarrak, baina ez inongo lege ezintasunengatik, gai tabua zelako baizik, beste zenbait bezala, hala nola lurralde eztabaida.

Eskuin edo ultraeskuin espainiarrak uste du berari dagokiola gobernatzea, garai bateko absolutismoak edo beste bateko diktadurak bezala, boto gehienak lortuta nahiz lortu gabe. Kudeatu eta erabakitzea, betiere establishment esaten zaion horren zerbitzuko. Ez dute ulertzen, ezta onartzen ere, bestela izatea. Horrenbestez, ez dute ezer baztertzen bestelako helburuak dituen gobernuari aurre egiteko, gezurra eta manipulazioa, kaleko mobilizazio lotsagarriak eta justizia kezkatzeko moduan barregarri uzteraino bide judiziala erabiliz. Amnistiaren eta oro har Gobernu horren aurkako estrategiak errazago ulertarazten du zergatik indar atzerakoi horiek ez duten gobernatu behar.

Horiek horrela, muturreko eskuinaren gobernua saihestea da helburua, baina ez geldirik egoteko, aitzakia gisa eskuinaren jarrera erabiliz. Arlo politiko, sozial eta ekonomikoan hainbat lehentasun daude eta arriskutsua litzateke, zilegi ez izateaz gainera, lehentasun horiek baztertzea eskuinaren haserrea baretzeko. Ausarta izan beharra dago gizarteko sektore gehien-gehienei laguntzeko, lehenik ahulenei, jakina. Eskuinaren gobernua eragotzi beharra dago benetako helburua aurrera egitea delako; bestela, ez luke zentzurik. Izan ere, bestela, eskuinak gobernatuko luke, gobernuan izan gabe ere.