GARA Euskal Herriko egunkaria

Gazteen kezka iturria: emantzipatzeko ezintasuna

Etxebizitza kezka iturri nagusienetakoa bihurtu da gazteen artean. 6.000 gazteren ezinegon hori jaso eta Gasteizko Parlamentuari helarazi diote, Gurea Geroa parte hartzeko prozesuaren bitartez. Galdekatuen %86k ezintasun ekonomikoak ditu emantzipatzeko.

Gurea Geroak ikerketaren ondorioak azaldu zituen, azaroan, Lakuan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Etxebizitza gazteen kezka nagusietako bat da gaur egun, eta Gurea Geroak osatutako ikerketak adierazi du galdekatuen %86k ezin duela emantzipatu, ez duelako gaitasun ekonomikorik. NAIZ irratian izan zen atzo Laura Olabarria proiektuaren koordinatzailea, ondorioen nondik norakoak ematen. Egoera «kezkatzekoa» dela esan zuen, eta gaineratu zuen gazteek gizartearekiko duten kontratu soziala ez dagoela hautsita: «Lortu behar da gazteak legebiltzarkideekin konektatzea».

6.000 euskal gaztek etxebizitzaren inguruan duten iritzia ezagutu dute, Gurea Geroa parte hartze prozesuaren bitartez. Eta ondoren emaitzak Gasteizko Legebiltzarrera eraman zituzten. Olabarriaren esanetan, «oso zaila da instituzioetatik gazteekin konektatzea».

Prozesuan parte hartu dutenetatik %61 alokairuan bizi da. Hala ere, Euskal Herriko gazteek nahiago dute beraien etxea edukitzea. Izan ere, galdekatuen %80k jabetzako etxebizitza batean bizi nahi du. Proiektuko koordinatzaileak kontatu zuen, beste herrialdeetan, jabetza baino nahiago dutela alokairua.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Gaztelagun Programa dago, alokairuan dauden 18 eta 35 urte arteko gazteak zuzeneko laguntza izan dezaten. Baina datu argigarri bat azaldu zuen koordinatzaileak: galdekatutakoen artean 600 lagunek bakarrik entzun dute laguntza horiei buruz. Hori iruditu zaio kezkagarriena Olabarriari, «ikusten baita instituzioek ez dutela konektatzen gazteekin».

GAZTEEN KEZKAK ENTZUTEKO BEHARRA

Horretarako sortu zuten Gurea Geroa, gazteek instituzioekin bat egin zezaten.

Proposamen hauek helarazi zizkieten gazteek legebiltzarkideei: alokairuen prezioak mugatzea, ikasleen bizitzak nola hobetu jakitea, eta alternatiba berriak eratzea. Etorkizunari begira, Olaberriak adierazi zuen gazteak badutela konpromisoa eta haien iritzia emateko prest daudela; bestelakoa dela, inork entzuten ote dien.

Olabarriaren ustez instituzioek ez dute gazteekin konektatzen, baina Gurea Geroak bai: «Gaur egungo sareak erabiliz, gazteok ezagutzen ditugunak, gazteokin konektatzea, gardentasuna izatea. Gakoa da gaur egungo teknologietara egokitzea, zerbait erraza eta eskuragarria izatea guztiontzat, eta batez ere feedback-a ematea. Askotan gazteok sentitzen baitugu ez digutela entzuten».