Imanol CARRILLO
PILOTA

Jon Anderrez osaturiko binomioak joko ederra erakutsi zuen Ederrenan

Peña II.ak eta Albisuk gaur egun aurkariek baino bikote sendoagoa osatzen dutela erakutsi zuten Urretxun, Santa Lutzi egunean. Gorriek huts gehiegi pilatu zituzten, atzelari urdina indartsu aritu zen eta bere aurrelariak ederki amaitu zituen tantoak.

Jon Ander Peñak behetik gora egin zuen Urretxuko Ederrena pilotalekuan.
Jon Ander Peñak behetik gora egin zuen Urretxuko Ederrena pilotalekuan. (Jon URBE | FOKU)

Peña II.ak eta Albisuk Binakako Txapelketako bigarren garaipena lortu zuten atzo arratsaldean, Urretxuko Ederrena pilotalekuan, Santa Lutzi egunean. Ezkurdiak eta Tolosak huts gehiegi pilatu zituzten eta ezin izan zuten atzelari urdinaren kolpeari eta behetik gora aritu zen bere aurrelariaren erasoei aurre egin.

Binakako aurkezpena egin zenean, argi ikusi zen Joseba Ezkurdiak eta Xabi Tolosak bikote sendoa osatuko zutela eta, beren lana ondo eginda, oso zaila izango zela hauei tantoak egitea. Hala ere, atzo gorriz jantzitako pilotariak bere mailatik urrun aritu ziren, engranajea oraindik martxan ez dagoela erakutsi eta bigarren porrota gehitu zuten.

Huts gehiegi egin zituzten bien artean. Tolosak dudaz beterik hasi zuen neurketa. Peñaren lehen sakeari ezin izan zion eutsi, nahiz eta pilotak arazo handiegirik ez izan. Hain bikote sendoak ezin ditu halako hutsak pilatu; atzoko norgehiagokan, bien artean, bederatzi galdutako batu zituzten. Horiei Peñari sakez egindako biak gehituz gero, hamaika zenbatu genitzake.

Gainera, atzoko aurkariek ez zuten ezer oparitzeko asmorik. Egia da Jon Ander Peñak jokoan sartu ezinik hasi zuela norgehiagoka, baina ez zuen asko inporta, atzean bikain ari den Jon Ander Albisu zeukan eta. Ataundarrak sekulako maila erakutsi du hiru partidetan, eta Ederrenan ederra egin zuen jokoa. Hasiera-hasieratik dominatu zuen Tolosa atzeko koadroetan, bi tanto egin ahal izan zituen -bat atzean eta bestea bien tartera- eta bere aurrelariari laguntza handia eman zion.

AZKAR APURTUTA

Hala ere, partida nahiko orekatua hasi zen. Ezkurdiak ezin izan zuen jokoan asko sartu lehenengo piloteoetan, baina sartu zenean, lehenengo ezker gantxoa egin eta tantoa lortu zuen (1-2). 2-2, 3-3 eta 4-4 berdinduta iritsi ziren lehenengo minutuetan bi bikoteak. Gorriak eustea lortzen ari ziren. Arbizuarrak beste jokaldi polit bat eskaini zuen zabaletik zabalera dejada indartsu batekin 5-6koa egiteko. Baina hortxe hasi zen norgehiagoka apurtzen.

0-7ko partzial bati esker, urdinek alde egin zuten markagailuan (5-13). Tartean, Albisuk errebotera bidali zuen pilota bat -Tolosak eramatea lortu zuen, baina hurrengo pilotakadan ataundarrak tantoa amaitu zuen- eta Peña II.a bereak egiten hasi zen aurreko koadroetan, tanto ederrak eta ikuskizuna eskainiz.

Gorriek bi tanto egin zituzten jarraian, baina segituan iritsi ziren hutsak, inolako aukerarik gabe utziz. Peñak ederra egin zuen 8-19koan, ezker airez txokoan dejada batekin eta Ezkurdia engainatuz. Ederrenako zaleek, behintzat, tanto politak ikusi zituzten eta Peña-Albisu oso kontuan hartzeko bikotea dela konfirmatu.

IGANDEAN, FESTA DURANGON

Atzo aurkeztu zen igandeko Lau eta Erdiko emakumeen final handia eta horren inguruan antolatu den egitarau osoa. Bide horretan, pilota mistoko elite mailako finalak talka ezin interesgarriagoa ekarriko digu Durango Ezkurdi pilotaleku eraberritura: Amaia Aldai egungo erreferenterik handienaren, eta Goiuri Zabaletaren, 14 urterekin okerrik ezean kirol honetan historia egitera deitua dagoen pilotariaren, artekoa, hain zuzen.

Eguerdian, ETBko kamerak zuzenean direla, maila nagusiko finala jokatuko da, baina Durangokoa egun osoko pilota festa izango da, arratsaldean beste lau final jokatuko baitira -pilota goxoan gazteak eta seniorrak, eta pilota mistoarekin gazteak eta promesak- Ezkurdi pilotaleku eder eta historikoan.