Urtzi URRUTIKOETXEA
GERRA UKRAINAN

Washingtonen beso-zabalik hartu zutenetik urtebetera, esku-hutsik itzuli da Zelenski

Ukrainak AEBetatik jasotzen duen laguntza agortzear dela-eta, babes hori berritzea eskatu dio Bidenek Kongresuari. Alderdi Errepublikanoak, baina, beste gai baten baitan jarri du hori onartzea: immigrazioaren aurkako legedia zorrotzik ezean, ez daude Kieventzako neurriak onartzeko prest. Volodimir Zelenski Washingtonen izan berri da, baina ezin izan du blokeoa hautsi.

(Mandel NGAN | AFP)

I a urtebete da Volodimir Zelenski Ameriketako Estatu Batuetara etorri zela. Gerra hasiz geroztik lehen bidaia zuen Ukrainatik kanpo, eta harrera beroa egin zioten Washingtonen. Etxe Zurian zein Kongresuan, miresmena eta elkartasuna jaso zituen Ukrainako presidenteak, eta zutik egin zioten txalo bi ganberen aurrean emandako hitzaldiari.

Hamabi hilabete geroago beste Washington bat aurkitu du Zelenskik: laguntzarako dei etsia egin izan du Joe Bidenek berak, Ukrainarako 61.000 milioi dolarreko laguntzaren garrantzia azpimarratuz. Diru horren zati handiena AEBetan bertan geratuko dela errepikatu dute demokratek: Ukrainarentzako dira armak, baina Estatu Batuetako fabriketan ekoizten dituzte, errepublikanoen alde bozkatu ohi duten estatuetako langileek sarritan. Argudio horiek guztiak ez dira aski izan; Kongresuak gaur du urteko azken saioa Eguberrietako etenaren aurretik, eta zaila dirudi akordioa adostea, aurten behintzat.

Iaz 50.000 milioi dolarreko laguntza militarrarekin itzuli zen Zelenski Ukrainara. Aurten Washingtonen aurkitu duen giroa oso bestelakoa izan da. Bistan da gerraren nekeak eta uda aurretik iragarritako kanpainak espero baino emaitza gutxiago emateak zerikusia izan duela.

Baina oztopo nagusia ez da hori. 2024ko hauteskunde-kanpainan sartzen ari garela -datorren urteko azaroan izan arren- etxeko auziek ekarri dute blokeo nagusia, atzerri politikak baino gehiago.

Ukrainarako laguntza, Israel, Taiwan eta Mexikoko muga ere aintzat hartzen dituen pakete zabalago baten barruan kokatu dute demokratek, dena batuta errazago izango delakoan aurrera ateratzea. Mexikoko mugatik datorren presioa Etxe Zurian eta Alderdi Demokratan ere nabari dute, eta errepublikanoek ez dute hezur hori berehalakoan askatuko: delinkuentzia eta migrazioa lotzen dituen argudioa sarritan entzungo dugu 2024an.

Mugako kontroletarako («harresia», mugazainak eta abar) diru gehiago jartzea onartzen dute demokratek, baina errepublikanoentzat ez da aski: Ukrainaz hitz egiten hasteko baldintza gisa migrazioaren aurkako neurri zehatz eta zorrotzak adostea jarri dute. Asko dira Ukraina laguntzeko prest dauden errepublikanoak (beste batzuei, eskuin muturrean, gehiago nabari zaie Vladimir Putinen itzala). Batzuk zein besteak ados daude, ordea, oraingo honetan migrazioaren aurkako akordioaren baitan soilik onartuko dela Kieventzako laguntza. Demokratek azken unera arte negoziatzeko asmoa dute, baina errepublikanoen proposamenetako batzuk Trumpen garaiko atxiloketa eta kanporatze-neurrien antzekoak dira.

Zelenskiren bisita blokeoa askatzeko ahalegina izan da, baina mundu erdi zeharkatu arren, ez zen emaitza handirik espero, Ukrainako presidentearen esku ez dagoen gai bati lotuta dagoelako errepublikanoen botoa. «Miresten dut, baina ez dit iritzia aldarazi», adierazi zion Lindsey Graham senatari errepublikanoak BBCri: «Badakit zer behar den akordioa lortzeko. Gure mugan segurtasuna nahi dut».

Ukrainaren aldeko errepublikanoek jarrera hori izanda, asma liteke zer dioten muturrerago kokatu ohi diren kongresukide errepublikanoek. Zelenskik Mike Johnson Ordezkarien Ganberako buruarekin izandako bileraren ostean, esaterako, ez zen agerraldi bateraturik izan.

Etxe Zurian ere, Joe Bidenek egindako harrera oso urrun dago orain dela urtebete erakutsitako solemnitatetik. Eta Ukrainari zuzendutako mezuan ere ñabardurak begi-bistakoak dira; Ukrainari aire defentsak, artilleria eta bestelako arma batzuk «behar den beste» emateko prest agertu da Biden orain arte. Asteartean «ahal dugun neurrian», esan zuen.