GARA Euskal Herriko egunkaria
HIMALAIA

Jannuko iparraldeko hormak ikaragarrizko eskalada izan du estilo alpinoan

Joan den urrian Matt Cornell, Jackson Marvell eta Alan Rousseau estatubatuarrek sei egun behar izan zituzten “Round trip ticket” bidea zabaldu ahal izateko. Alpinismoaren komunitatearentzat ekarpen handia izan da jarduera hori.

Jannuko iparraldeko horman estatubatuarrek zailtasun tekniko gogorrak gainditu behar izan zituzten. (Argazkilariak: Cornell/Rousseau/Marvell)

Conrad Anker: «Jannuko iparraldeko murru erraldoia estilo alpinoan igotzea belaunaldi berrien ekintza gogoangarria da. Soka finkoetan oinarritzen den turismoaren antidotoa. Eskalada hori adierazpen garbiena, zorrotzena eta gorenena da. Azken hogeita hamar urteotan Frantziako Urrezko Pioleta ekimenean aitortu dituzten jarduera alpino guztiak aztertu ditut, eta argi eta garbi dut Jannukoak ez duela parekorik. 2011. urtean, Jimmy Chin eta Renan Ozturkekin Meru eskalatzeagatik egundoko aitortza jaso genuen. Jannukoak itzala egiten dio guk Merun lortutakoari».

Mark Synnot: «Nire iritziz, inoiz egin den eskalada alpino bikainena da».

Alan Rousseau: «Badakit oraindik jarduera alpino ederrak egiteko aukerak ditudala. Baina une jakin honetan uste dut Jannun egin duguna aparta dela».

Goi mailako alpinista Ankerren eta Synnoten iritziek, oro har, bat egiten dute nazioarteko alpinismoaren komunitateak plazaratu duen hausnarketarekin. Hirugarrena, berriz, Rousseaurena da; hots, Matt Cornellekin eta Jackson Marvellekin Jannuko edo Kumbhakarnako (7.710 m) iparraldeko hormatzarrean “Round trip ticket” bidea (M7, AI5+, A0, 2.700 m) estilo alpinoan zabaldu duen protagonistarena.

Estiloa aipatu dugunez, aurreratu behar dugu alde handia dagoela 2.004. urtean Alexander Odintsovek zuzendutako espedizio errusiarrak erabilitakoarekin. Hamar kide izan zituen, soka finkoetan eta kapsula eran oinarritu ziren. Azkenean, bi espediziokidek, Alexander Ruchkin eta Dmitry Pavlenkok, tontorra zapaldu zuten. Horregatik jaso zuten Urrezko Pioleta. Bide batez, aurreratu behar dugu estatubatuarrek errusiarren bideak dituen zenbait sekzio ukitu zituztela.

Bada, Marvell (27 urte), Cornell (29) eta Rousseau (37) estatubatuarren bide tekniko eta zail hori duela hamar urte forma hartzen hasi zen. Rousseauk Jannuko iparraldeko horma Google Earth-en ikusi eta, ondoren, errusiarraren marraren berri izan zuen: «Informazio hori nuen, baina garai haietan murru hori nire gaitasunen goitik zegoen. Duela hiru urte, berriz, Jackson eta biok Utah-n geunden, eta proposatu zidan Himalaian elkarrekin eskaladaren bat egin behar genuela. Nik Jannuren argazkia erakutsi nion eta, bostekoa eman ondoren, mendi horretara joatea erabaki genuen».

2020. urtean horma erakargarri horretan egon ziren, baina 7.150 metrora zirela atzera egin zuten. Rousseauk esan du ez zutela itxaropen handirik estilo alpinoan murru horretan arrakasta lortzeko. Alabaina, lehen ekinaldi horrekin gustura geratu ziren, eta ikusi ere murru horrek aukera bikainak eskaintzen dituela kalitate handiko marra bat zabaltzeko. Bigarren saialdia, berriz, Cornellek eta Rousseauk egin zuten iaz. Hotza, haize bolada indartsuak… Gehienez, 6.700 metroko kotara heldu ziren. Baina bigarren bidaia horretan ohartu ziren baldintza perfektuekin isuri hori estilo alpinoan igotzeko aukerak zituztela.

Hirugarren eta azken bisita arrakastarena izan da. Horretarako, pareta erraldoi horretan bost bibak (horietako hiru zintzilikatuta) egin zituzten, eta seigarren bat jaitsieran. Girora egokitu ondoren, urriaren 7an eskalatzen hasi ziren. Cornellek aurreratu du leiho on bat itxaroten egon zirela, eta iritsi arte estres handia bizi izan zutela: «Hortaz gain, hotz handia egin digu. Alanek eta Jacksonek izozketak izan dituzte hatzetan. Kanpaleku nagusira heldu bezain laster, helikoptero batek Katmanduko erietxe batera eraman zituen. Bestalde, egoera oso arriskutsuak bizi izan genituen. Une jakin batean Alan eta Jackson “desagertu” egin ziren. Eroriko bat zen, eta oso gutxigatik ez ninduten beraiekin eraman. Bestalde, hormaren gainetik harkaitz eta izotz puskak erortzen ziren. Horietako zati batek hamakaren olana zeharkatu zuen. Zorionez, ez zen ezer gertatu».

OSO ZAILA

Eskaladari dagokionez, lehen egunean 300 metroko (V/V+) espoloi batean sartu ziren. Ondoren, goi-ordoki glaziar batera eramaten zuen izotz-jauzi handi bat gainditu zuten. 5.800 metrora lehen bibaka egin zuten.

Bigarren eskalada eguna 6.700 metroko kotan amaitu zen. Aurretik, 60°-90°ko elurrezko aldatsak igo zituzten.

Hirugarren egunean, berriz, zailtasun teknikoak handitu ziren. Mistoko (M5) eta izotzezko (AI4) tarteei aurre egin zieten.

Headwall-a gertu zuten. Eta haren oinarrian, 7.100 metrora, gaua igaro zuten. Hurrengo bi egunetan ere lan eskerga egin behar izan zuten M6-7 eta AI5 mailako tarteak igotzeko.

Eskaladaren azken egunean hego-mendebaldeko isurira igaro ziren, eta, luze oso zorrotzak eskalatu eta gero, “Round trip ticket” bidea amaitu zuten.

Cornellek baieztatu duenez, oro har, sortutako bidea teknikoki oso zaila da. «Gailurretik 100 metrora ginela, zailtasunak erabat samurtu ziren. Hala ere, ordurako nire kideek hatzak izoztuta zituzten. Erabaki bat hartu behar genuen, eta hirurok ala hirurok erabaki genuen aurrera jarraitzea. Egundoko leiho on bat izan genuen, eta hori aprobetxatu behar zen. Aurrera jarraitzeak merezi zuela onartu genuen».

Rousseauk, bere aldetik, gehitu du laugarren eskalada egunean kale itsu batean aurkitu zirela. Bloke handi batek ibilbidea moztu zien, eta kosta egin zitzaien bide egokiena aurkitzea: «Pazientziarekin eta nire kideen babesarekin oztopo hori gainditu nuen. Ondoren, murru horretatik ihes egiteko tarte bat ikusi genuen, baina ordurako zailtasunak lasaitu ziren. Headwall-a, berriz, erronka handia izan zen. Adibidez, 7.000 eta 7.500 metro artean zeuden luzeek aho bete hortz utzi ziguten. Inoiz eskalatu ditudan luze bikainenak izan ziren. Hori zen bilatzen genuena: eskalada tentea eta zailtasunean iraunkorra. Abentura handia zen; haatik, eskalada hori gutxitan izan zen arriskutsua. Aipatu dudan 500 metroko sekzio hori eskalatu gabe zegoen. Errusiarrek irekitako marraren zati batzuk errepikatu genituen. Bide batez esan behar dut igotako bidetik oso gertu jaitsi ginela».

Protagonistek diote duela ia hogei urte errusiarrek eginiko jarduera errespetatzen dutela, baina uste dute egun izaera horretako eskalada bat estilo alpinoan egitea askoz ere egokiagoa dela: «Pena izan da errusiarren bidean soka finkoak eta bestelako tresneria ikustea. Horregatik, errusiarren bidearen eskuin aldera jo genuen. Iparraldeko horma hori ikaragarria da. Bazirudien Lurraren orbitatik kanpo geundela. Hirurontzat dena da estilo alpinoa, interesatzen zaigun estilo bakarra! Gainera, uste dugu jarduera horrekin geure ibilbideetan beste urrats garrantzitsu bat egin dugula. Pozarren gaude eginiko lanarekin eta etorkizunean elkarrekin egin ditzakegun eskaladekin».