EDITORIALA

Biden eta Netanyahu, gerraren bi «biktima»

AEBetako presidentea saiatzen da Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurrean eskuak garbitzen, berak finantzatu, armatu eta propagandarekin bultzatu ez balu bezala. Benjamin Netanyahuren errua omen da, ultrekin osatu duen gobernuarena. Egin dituen gehiegikeria guztiengatik bera da gaitzetsi behar dena, munduaren aurrean Israelen ospea zikindu duena. Narratiba hau zentzugabekeria da. Ez dago bizirik dagoen beste figura politiko bat, Israelgo historia modernoaren muinean hain sartua egon dena. Netanyahu 1970eko hamarkadatik egon da erabakiguneetan, maisuak izan ditu Menahem Begin eta oso bereziki, Sabra eta Xatilako harakina, Ariel Sharon. Azken buruan, AEBek Israelekiko izan duten politikaren kreatura delako, dolarrekin eta armekin elikatua eta indartua. Bere politika, hortaz, ez da aberrazio bat. Sharonen sarraski politikaren jarraipen logikoa da, hark berarentzat propio ezarritako politika eredutik sortua, errukirik gabeko espantsionismo eta muturreko biolentziaren eredutik.

Hamas errausteko helburuarekin konprometitua dago Netanyahu, gero zer etor litekeen ideiarik izan gabe. Eta harekin konprometitua dago Biden. Aukera militarra besterik ez dute ikusten. Bidenek bi estatuen soluzioa babesten duela dio, Netanyahuk ez. Palestinar Autoritatearekin negoziazioak babesten omen ditu; Netanhayuk edozein negoziazio arbuiatzen du. Nabarmena da: Biden gero eta dudatsuago ageri da publikoki, gerraz aritzean; Netanyahu, urduriago eta setiatuago.

Asko aldatu da mundua. Duela 30 urte itxaropenerako zantzuak ikusten ziren, norabide egokian joan gintezkeela. Berlingo Harresia erori eta Hego Afrikako Apartheida bukatu zen, Osloko Akordioek israeldarren eta palestinarren arteko konpromiso baterako esperantza zabaldu zuten. Orain biolentzia eta anabasa aro betean bizi gara, gerretan odolusten, arma lasterketa berriekin, Europan eskuin muturraren hazkundearekin, Asiako hego-ekialdean dinastiak bueltan dira. Netanyahu ez da bizirik aterako urriaren 7ak suposatu zuen inteligentzia mailakoa eta militarra izan zen porrotetik. Eta oso litekeena da Bidenek antzeko patu bat zain izatea.