20 DIC. 2023 EUSKARAREN AURKAKO OLDARRALDIA «Ez dugu ihes eginen, ikastolarentzat aukera hobe batera joateko ez bada» Beskoitzeko Udalak ataka are zailagoan jarri du herriko ikastola. Ikastetxeak baliatzen duen lur sailari buruzko hitzarmena bertan behera utzita, heldu den uztailetik aurrera eskolarik gabe gelditu daitezke 50 bat ikasle. «Nahi dugu mundu eder batean gure haurrak babestea, baina ohartu dira arriskua hor dagoela», aitortu dio GARAri Julen Jauregi ikastolako lehendakari ohiak. Fabienne Ayensa auzapezak bultzaturiko erabakia babestu zuen herriko kontseiluak. (Guillaume FAUVEAU) Maite UBIRIA BESKOITZE «Gure haurren bizia salbatzea dugu xede, eta ez dugu gure gain hartuko ikastola ixteko deliberoa». Julen Jauregi, Beskoitzen ikastola sortu zenetik herri eskolak izan dituen gainerako lehendakariekin batera, Herriko Etxean astelehen gauean antolatu zen osoko bilkurara bertaratu zen. Azken orduan jakin zuten tokiko hautetsiei auzapezak aurkezturiko gai zerrendaren lehen puntuan ikastola eta udala lotzen dituen hitzarmenaren gaia zegoela. Bileraren biharamunean Jauregik GARAri baieztatu dionez, Fabienne Ayensaren bulkadapean hartu zen, edozein eztabaida galarazita, Mikael Dacharry ikastolako egungo lehendakariak «ikastolaren ehorzketa» bezala laburbildu duen erabakia. «Gure burua ez zegoen hor, bitartekaritzari begira ginen, Herriko Etxearekin elkarrizketa abiatzeko prest», azaldu du, gurasoentzat «eta haurrentzat ere» deliberoa «kolpe gogorra» izan dela aitortuz. Udalbatzan 14 hautetsik babestu zuten ikastolaren geroa heldu den uztailetik aitzin airean uzten duen deliberoa. Bertze lau hautetsi horren kontra azaldu ziren, ordea. Auzapezaren asmoari aurre egin zieten hautetsien elkartasuna jaso dutelako, esker oneko hitzak izan ditu Jauregik. Udalaren bileran bertan Ayensa auzapezari «herritarrei emandako hitzari uko egin izana» egotzi ondoren bere dimisioa eman zuen Marie-Jose Jocou zinegotziaren jokabideari aipamen berezia egin dio Jauregik. Beskoitzeko ikastolako lehendakari ohiak onartu duenez, bozketa horren ostean beste fase bat zabaldu beharko dute gurasoek, «gure haurren bizitza salbatzeko xedea» lehenetsita, betiere. Bihar bilera eginen dute Seaskako ordezkariekin, 2014an dozena erdi bat haurrekin abiatu zen ikastolaren geroa nola berma dezaketen aztertzeko. Kurtso honetan 52 ikasle errezibitu ditu espazio faltari prefabrikatuak baliatuz erantzun dion ikastolak. Kanpoko jolas eremua desagerrarazteko behartuak izan dira ikastolako gurasoak, matrikulazioaren etengabeko hazkundeari erantzuteko. «Ezin da gehiago horrela segitu», berretsi du Julen Jauregik. Hain zuzen, «hirigintza arauak errespetatu gabe aldebakartasunez jokatzea» egotzi dio udal gobernuak ikastolari. Bosgarren etxola altxatu zutenean, bi aldeen arteko harremanak ozpindu ziren. Geroztik, hartu-eman naturalak ez dituzte berreskuratu. Irtenbidea nondik etor daitekeen galdetuta, Jauregik ohar argia utzi du: «Ez dugu gure gain hartuko ikastola ixteko erabakia, guk ez dugu gauden tokitik ihes egingo, gure haurrak egoera hobe batera eramateko ez bada». MARTXA JENDETSUA 2.500 euskaltzaleren sostengua jaso zuten Beskoitzeko ikastolako haurrek, gurasoek zein irakasleek iragan azaroaren 18an herrian eginiko manifestazioaren bidez. Martxa jendetsu horren amaieran, berriz ere ikastolaren handitze planari ezarritako trabak altxatzea galdegin zioten ikastolako arduradunek Herriko Etxeari. Alta, bai mobilizazio horren bezperan bere webgunearen bidez plazaratu zuen oharrean bai astelehenean udalak eginiko bilkuran auzapezak berretsi zuenez, hirigintza eta segurtasunaren irizpideak ez betetzeagatik ukatu zitzaion ikastolari eraikitzeko baimena. Seaskak aitzakiatzat hartu ditu betidanik udalaren argudioak. Hala eta guztiz ere, joan zen urrian Peio Jorajuriak balizko akatsak zuzenduko lituzkeen eraikin baimen berria aurkezteko asmoa agertu zuen. Bide batez, «euskararen geroa Beskoitzen jokatzen dela» oroitarazi zuen Seaskako lehendakariak, lurraldeko zenbait hautetsi eta eragileri Beskoitzeko ikastolaren alde indarrak biltzeko gonbita luzatuz. Ayensa buru duen udalak ikastola hitzarmenik gabe uzteko erabakia baieztatu eta berehala, sostengu mezuak jaso zituzten ikastolako arduradunek. Hala, euskararen aurka eremu ezberdinetan ematen den oldarraldiaren barnean kokatu dute erabakia Euskal Herriko Ikastolen Federazioak eta Euskalgintzaren Kontseiluak. Euskal Herria Bai alderdiak eta Xuti Gazte dinamikak Beskoitzeko Herriko Etxeak harturiko erabakiari erantzun bateratua emateko premia nabarmendu dute. Ostegunean Seaskak antolaturiko bileran zehaztuko direla erantzunak baieztatu du euskaltzaleen sostenguari buruz «batere zalantzarik» ez duen Julen Jauregik. Dagoeneko, 2024ko maiatzaren 12an Senpereko aintziran iraganen den Herri Urratsen bestaren 41. edizioan bilduko den dirua Beskoitzen ikastola berria eraikitzeko baliatuko duela hitza emana du Seaskak. REUNI��NLos responsables de la Ikastola han organizado una reuni��n con Seaska para ma��ana. En ella analizar��n c��mo responder a la decisi��n adoptada por la Casa del Pueblo de Beskoitz. Previamente, Seaska hab��a decidido destinar el dinero que recaudar�� la 41 edici��n de Herri Urrats a la construcci��n de la nueva ikastola en la localidad de...