Maite UBIRIA
BAIONA

Argiontziak joan dira, eztabaida bizia utzita

Urte amaierako bestak iragartzen dituzten ekimenak ez dira falta Ipar Euskal Herrian. Hendaian eta Baionan haurrek ongietorria egin zieten Olentzerori eta Mari Domingiri, asteburuan. Aldiz, giro lasaia zapuztu zen baionarren artean argiontzien jaurtiketarekin.

Faroltxo andana aireratu zuten Baionan joan den larunbatean.
Faroltxo andana aireratu zuten Baionan joan den larunbatean. (Guillaume FAUVEAU)

Ipar Euskal Herrian goiztiarrak dira, baita Mari Domingi eta Olentzero ere. Joan zen larunbatean, musika eta dantza lagun, han eta hemen ibili ziren biak, berdin Hendaian zein Baionan. Ehunka haurrek harrera egin zieten. Beste hainbeste zain dira Azkaine, Senpere, Donapaleu, Biarritz edo Donibane Lohizunen, ondoko egunetan iritsiko baita neguko solstizioaren garaian arribatzen den ikazkinaren segizioa.

Bide mozketa bat edo beste kenduta, giro lasaian igaro ziren Hendaiako eta Baionako harrera ekitaldi aitzindari horiek. Poztasun betean. Ez zen berdin gertatu, ordea, hilaren 9 eta 10eko asteburu kaotiko baten ostean -Hego Euskal Herriko bisitari franko hurbildu zen, bertako matrikula zuten auto hainbat nahitara kaltetu zituzten, “Mediabask” astekariak jaso zuen lekukotasunen arabera, eta A63 autobidean sekulako auto ilarak sortu ziren jendea iluntzean etxera itzuli zenean-, abenduaren 16an Baionan antolaturiko argiontzien jaurtiketaren bigarren saioarekin.

Jende uholdea izan zen, eta horrek hirian bertan, baina batez ere sartu-irteeretan, eragin itzela izan zuen.

ARRASTOAK, EDONON

Hori gutxi ez, eta argiontzien arrastoek hirigunea zenbait egunetarako zikinduta utzi dute. Zuhaitzetan, lorategietan eta terraza batean edo bestean poltsa zurien zatiak azaldu dira.

Baionako zentro historikoan oraindik egurrezko egitura duten eraikin anitz izanik, baita zuhaitz andana ere, sutearen arriskuaz ohar egin eta argiontzien jaurtiketa bertan behera uzteko agindua eman zuen iaz Prefekturak. Baina honek aitorturiko salbuespen bati esker, argiontzien ekimena antolatu du aurten ere Baionako Herriko Etxeak. Nahiz eta joan den larunbatekoa azkeneko jaurtiketa izan, paper horren arabera, udal Gobernuak ez du ezkutatzen, baimen berezia eskuratuz gero, milaka bisitari erakartzen dituen ekitaldia ikusgarriari eusteko asmoa.

Baionan jai ereduari buruz aitzinetik piztua zen eztabaida areagotu egin du argiontzien aferak. Hiriko besta nagusiari erreparatuz, batzorde batek berriki Herriko Etxearen esku jarri du Baionako besten birmoldatzeko hamar neurriz osaturiko proposamena.

Eredu masifikatutik aldenduz, bestak berriz ere hiriaren dinamikan sustraitzea dute helburu.

Parisko Olinpiar Jokoak tartean, 2024ko jaietako datak aurreratuko direnez, ezin jakin horrek zer nolako eragina izanen duen bere azkeneko edizioan 1,3 milioi herritar bildu ziren jaietan.

Edonola ere, hiriko elkarte, kultur eragile, peña zein besta batzordeko kideak bildu dituen gogoetaren baitan, 2032ko muga ezarri du batzordeak, alegia bestak sortu zirenetik mendeurrena ospatuko den urtea, egiturazko aldaketa bat plantan emateko.

XINGAR FERIAREN DATA ALDAKETA

Argiontziak piztear zirela, beste erabaki baten berri eman zuen Herriko Etxeak. Hala, «bisitarien uholdea» ekartzen duen Xingar Ferian aldaketak izanen dira heldu den urtean: apirilaren 4tik 7ra iraganen da.

Hala, azoka ez da ospatuko Ipar Euskal Herrian soilik, ez baita Akitania Berria Eskualde osoan eskola oporrak diren egunetan, hau da Pazko astean, baizik eta hurrengoan.

Baionako bestetako errepika txikia bilakaturik, hiriari segurtasun eta garbitasun aldetik erronka zailak sortzen dizkio zerriari zor zaizkion produktuak ohorean ematen dituen azokak. Xingar Feriaren «izaera komertziala» babestu nahi duela azaldu du Udalak, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ekoizleentzat sekulako garrantzia duen azoka dela nabarmendurik.

Gertakari eta erabaki hauek denek galdera bat jarri dute baionarren mahai gainean aspaldian: nola erantzun diezaioke Baiona bezalako hiri ertain batek, bere bizimodua eta ohiturak lanjeran eman gabe, aipaturiko horiek zein beste hainbat gertakarik biltzen duten jende pilaketari? Ez dauka erantzun errazik.

Argiontzien azkeneko pasadizoak haserrea areagotu du eta eztabaidak eremu politikoa kutsatu du. Dagoeneko ezkerreko udal oposizioak ohartarazi du Lapurdiko hiriburua «bere arima galtzeko arriskuan» dela.