Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA
TXIRRINDULARITZA

Txirrindularitza sasoi berria «bermatu» gabe dago Gipuzkoan

Oinarrizko lasterketak antolatzeko zailtasunei aterabidea emateko, mahai bat osatzeko ardura hartu zuen Lakuak, baina bilera bakarra egin dute.

Zumaiako Saria probako irudia, aurten.
Zumaiako Saria probako irudia, aurten. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Tourra Euskal Herritik abiatzeko gutxi falta zela, oinarrizko txirrindularitza lasterketak antolatzeko zailtasunak agertu ziren Gipuzkoan. Hainbeste, bertan behera ere geratu zirela, Aiztondo Klasikoa bezalako proba entzutetsu bat, esaterako. Lotura lanak egiten dituzten motoek behar bezala aseguratuta egotea kostu bat gehiago bilakatu zen antolatzaileentzat, eta zenbait kasutan ezinezkoa izan zen bermatzea. Bada, denboraldi berria abiatzear dagoela, «egoera iaz baino okerragoa» dela ohartarazi dio GARAri Santi Osorok, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidenteak.

Aurreko denboraldia, «behin-behineko konponbidea Aldundiarekin adostuta», nola edo hala, osatu ahal izan zuten, baina egoera horretan sasoi berria hastea ezinezkotzat joten dute, «bermerik ez dagoelako». Osorok gogorarazi du Gasteizko Legebiltzarrean, ekainean, Tourra hasi baino aste batzuk lehenago, aho batez onartu zela arazo honi aterabidea emateko mahai bat osatzea, eragile anitzekin, eta gaur-gaurkoz bilera bakarra egin dutela, Trafiko Sailarekin.

«Trafikoaren legedia errespetatzea negoziaezina dela esan digute, tartean segurtasuna dagoelako», azaldu du Osorok. Konprenitzen dute izapide hau, baina kexu dira: «Lasterketa normal baten informe txarra jaso ahal duzu segurtasun aldetik, baina tasak ordaindu eta UCI maila hartzen badu lasterketak, ezer aldatu gabe, egin egiten da».

Jakinarazi du lotura motoen auziaren oinarria «lan horretarako ertzain nahikoa ez egotetik» datorrela, eta honenbestez, aterabidea erakunde publikoetatik etorri behar duela.

Honek, gainera, bete-betean talka egiten du euskal erakundeek Tourrerako egin zuten 12 milioi euro inguruko inbertsioarekin.

Lehen itxaropentsu bazeuden orain «belztu» egin da. Urtarrilean da hurrengo bilera, baina oraindik benetako arazoak ez daude mahai gainean: lotura motoez gain, anbulantzien afera edo instalazioen zaharkitzea. Epe hain motzean zaila izango da konpontzea.