GARA Euskal Herriko egunkaria
LEHEN MAILA

Irribarre eginez agurtu nahi dute urtea

Alavesek Mendizorrotzan jokatuko du. (Iñigo URIZ | FOKU)

Realak, Osasunak eta Alavesek 2023ko azken partida jokatuko dute gaur iluntzean. Gasteiztarrak dira puntu premiarik handiena dutenak, eta etxean jokatuko duten bakarrak. Real Madril hartuko dute Mendizorrotzan 21.30ean.

Hirugarren aldia izango da harmailak betetzen direna denboraldi honetan, eta Alaves zaleen babesa baliatzen saiatuko da. Izan ere, lehen itzulian lortutako 16 puntuetatik 13 etxean batu ditu taldeak.

Carlo Ancelotti italiarrak zuzentzen duen taldean ez dira izango: Alaba, Courtois, Militao, Mendy, Vinicius, Carvajal, Camavinga eta Arda Guler, min hartuta baitaude. Lehenengo taldeko hamabost futbolari bakarrik daude deialdian. Adibidez, defentsa osatzeko Lucas Vazquez, Rudiger, Nacho eta Fran Garcia bakarrik ditu. Antza denez, Kepa Arrizabalaga izango da atezaina.

Bestalde, Osasunak Rayoren aurka azken unean lortutako garaipenari jarraipena eman nahi dio Mallorcan, 21.30etik aurrera. Jagoba Arrasatek onartu zuen lasaitasun apur bat berreskuratu dutela. Nolanahi ere, gorritxoek sei puntuko aldea bakarrik daukate jaitsiera postuekiko, eta ezin dute hutsik egin aurkari zuzen baten kontra. Ruben Garcia lesionaturik dago, eta Moncayola hamaikakoan izan liteke, maila ona eman baitzuen Rayoren aurka.

BRAIS, DEIALDIAN

Osasunarekin eta Alavesekin batera sailkapeneko azken tokietatik ihes egiteko lehian murgildurik dagoen Cadizi bisita egingo dio Realak. Partida 19.00etan abiatuko da. Txuri-urdinak garaipenaren bila doazela nabarmendu zuen Imanolek, eta ezustean Brais Mendez sartu da deialdian. Besoko hezur bat apurtu eta ebakuntza egin eta gero, uste baino azkarrago bueltatu da.