Maddi TXINTXURRETA
SAN TOMAS EGUNA

Atzeko lanak erakusmahaira

Baserritarrak izaten dira urtero hirira hurbiltzen direnak, baina gaur egun San Tomas egunak gehiago egiten du hiritarrek baserritarren mundua ezagutu dezaten. Baserrietako lan gogorraren erakusleiho apain eta merkatu erraldoi bilakatu ziren Donostia eta Bilbo aurten ere.

Ezkerrean, Xixili, 350 kiloko txerrama. Eskuman, txistorrak eta haragia zintzilik, Bilboko postuetako batean.
Ezkerrean, Xixili, 350 kiloko txerrama. Eskuman, txistorrak eta haragia zintzilik, Bilboko postuetako batean. (G. ARANBURU; | AGENTZIA)

Txalapartaren doinuak hurbiltzen du bisitaria Boulevard aldera, Idiazabal gaztaren usainak erakartzen Alde Zaharrean sartzera, eta jende saldoaren inertziak Konstituzio plazara. Han zegoen Xixili, Donostiako San Tomas eguneko festako erregina.

Bake ederrean egongo zen Xixili Aizarnazabalgo Larraxko baserriko lurretan, Etxabe auzoko goiko zelaietan, atoian sartu eta Donostiako Konstituzio plazara eraman aurretik. Belarriekin begiak tapatuta zituen Manu Eizagirre Basatxerriko ekoizle eta abeltzainak ekarritako txerriak, lotsatuta agian, baina aztoratu gabe, txintxo, haur eta helduek argazkiak egin zizkioten bitartean, Zinemaldira datorren izarra nola. Ez zen gutxiagorako, 350 kiloko txerrama.

Neguak iritsi bezain laster ekarri zuen eguraldi gozakaitzari sagardoarekin aurre egin zioten baserritarrek eta baserritarrez jantzitako kaletarrek, Elena Odriozolaren kartel berriak ilustratu modura. Goizetik ilarak zituzten Baztango Marrakukuko eta Ataungo talogileek, eta zenbaitek antxoa poteari heldu zion, beste batzuek plazaren kontrako ertzera egin zuten gozo bila, datozen egunetan kutixiak mahairatzeko.

Barazkiak, fruta, gazta, erroskillak, eztia, ogia, euskal pastela. Atzo hirian jarri ziren 167 postuetan etxeko produkturik onena zabaldu zuten baserritarrek, jan-edaneko egun pasara heldu zenaren atentzioa erakarri nahian, merkatuak ez baitu helburu, soilik, herritarrek tripa betea eta otarra hutsa eraman dezaten: postuan dagoena lortzeko, lan asko dago atzean.

Artadikoek (lehen Ezkurtxerri), kasurako, hilabete eman dute buru-belarri lanean, hiru pertsonaren artean San Tomas egunerako 1.500 kilo txistorra prestatzen. Etxe honetako Agurtzane Subijanak zehaztu zuenez, Getariako Meaga auzoko Eguzkitza baserritik EAEko ikastetxe, jatetxe eta saltoki handi zein txikietara banatzen dute txistorra atzoko egunez.

Subijana-Zendoiatarren produktuak, gainera, eskarmentua du San Tomaseko txistorra txapelketan: lehenengo saria jaso zuen 2018an eta 2014an, hirugarrena iaz eta 2016an. Lehian zen atzo ere.

Gipuzkoa plazako karpa baten pean zintzilik zeuden Euskal Herriko XXVII. Txistor Lehiaketako hogei parte hartzaileen produktuak. Alde batetik eta bestetik miatu zituzten epaimahaiko kideek, aztertu zituzten bakoitzaren barruko osagaiak eta, azkenik, kozinatuta dastatu, sagardoa edo ardo beltzarekin lagunduta. Epaileen artean zen Txarri Txikiko (Aia) Carlos Lekube, iazko txapelketaren irabazlea.

Aurten, Zarauzko Gesalaga Okelaneko Jose Luis Gesalagak jaso du txistorra onenaren saria, eta lehenengoz egin zen “Txistorra gastronomian” lehiaketan Ilunpe elkartekoak izan ziren garaileak. Barazki onenak Soraluzeko Ezozi Etxeberriak ekarri zituen, eta fruiturik goxoenak Maddi Iradik, Hernanitik.

«LA OTXOA» ETA INDABAK

Bilbon zorte hobea izan zuten eguraldiarekin, goizean bederen. «Bizkaiko hiriburuko pertsona ospetsua izanda, LGTBI kolektiboaren errealitate zabal eta askotarikoa ikusarazteko eta normalizatzeko egin duen lan bikainagatik», Jose Antonio Nielfa “La Otxoa” artista omendu zuten inaugurazio ekitaldian, eta hark hasiera eman zion San Tomas azokari.

Ohi bezala, Areatza eta ingurua izan ziren Bilboko San Tomas azokaren erdigunea. 122 ekoizlek parte hartu zuten atzoko, 216 salmahaitan eta 12 txosnatan banatuta.

Goizean, ekoizleen saltokietatik hurbilen dauden aterpeetan 2.000 anoa indaba prestatu zituzten Bisubi Fundazioko sukaldariek. Proposamen gastro-solidario honekin bildutako dirua Aspanovas Fundaziora, Zaporeak Fundaziora, Koop SF34 Elkartera eta Bizkaiko Elikagaien Bankura bideratuko dute, azaldu zutenez. Halaber, San Tomaseko menu handi horren soberakina tuper solidarioak sortzeko erabili zuten, atzo salgai jarri zituzten batzuk eta aurtengo edizioko laguntzaileen artean banatu zituzten beste batzuk.