GARA
GASTEIZ

EDA Drinks & Wine Campus-en egoitza Lakua auzoko lursail publiko batean kokatuko dute

Basque Culinary Centerrek Gasteizen bultzaturiko edarien munduari buruzko campusa Euskaltzaindia plazan izango da, autobus geltokiaren ondoan, udal titulartasuneko lursail batean eta 4.000 m2 inguruko eraikin berri batean.

Autobus geltoki ondoko lursail hau aukeratu dute.
Autobus geltoki ondoko lursail hau aukeratu dute. (BCC)

EDA Drinks & Wine Campuseko egoitzan, «edarien unibertsoari buruzko prestakuntza, ikerketa, berrikuntza eta ekintzailetza garatuko dira, Guardiako egoitzan landuko denaren osagarri gisa, zeina ardoaren munduan zentratuko baita», argitu zuen atzo Basque Culinary Centerrek Gasteizen zabalduko duen egoitza berriari buruz. Hau BCCk garatu eta gidatutako proiektua baita, Lakua eta Arabako Foru Aldundiak sustatua.

Atzo iragarri zutenez, Lakua auzoan kokatuko da Gasteizko egoitza, autobus geltoki ondoan (Eusko Jaurlaritza parean) dagoen 8.610 metro karratuko lursail batean. Udal titulartasuneko lursail bat da, beste lurralde batzuekin eta hiriko beste auzo batzuekin ongi konektatua eta sarbide errazekoa. «Alderdi horri dagokionez, EDAren ikuspegi lurralde egituratzailea indartzen du. Laburbilduz, aukera ugaritasuna eta kokapena dira lursailaren alderdi nabarmenenak», bidalitako oharraren arabera.

Laster, nazioarteko arkitektura lehiaketa baterako deia egingo dute, Gasteizko eta Guardiako egoitzen proiektuaz arduratuko den arkitektura estudioa hautatzeko. Egoitza 4.000 m2 inguruko eraikin batean egongo da: «Edarien unibertsoaren ikuspegia garatuko du, sektorea nazioarteko proiekzio batetik indartuz, unibertsitate prestakuntzaren, ikerketaren, berrikuntzaren eta ekintzailetza babestearen bitartez. Bikaintasunean oinarrituta, talentua eraldatzearen ikuspegitik sektorea zabaltzeko beharra asetzera dator EDA Drinks & Wine Campus», adierazi zuten sustatzaileek.

Aurreikuspenen arabera, EDAk 2026ko irailean jasoko ditu lehenengo ikasleak, baina jarduera 2024an hasiko da (ikastaro espezializatuak, lantegiak eta prestakuntza espezifikoak).

«EDA Drinks & Wine Campusek edarien sektorea eraldatzen lagunduko du. Hala, nazioarteko berrikuntzaren erreferentzia bihurtuko da; enpresei eta erakundeei negozioak, produktuak eta zerbitzuak kalitate, jasangarritasun eta osasun printzipioen arabera eta ikuspegi lokal eta globalarekin diseinatzean osagai bereizgarri bat emango die; eta garapen ekonomiko eta soziala sortuko du», esan zuen BCCek. Edarien unibertsoa aukerez beteriko mundua da, eta, beraz, oso presente egon da BCCren prestakuntzan, bai unibertsitate graduan, maila guztietako irakasgaien bidez, bai sommeliergintzako, enomarketingeko edo koktelgintzako ezagutzak ikasleei transferitzen dizkieten era askotako jardueretan eta ekimenetan, besteak beste master eta ikastaroetan. 2013az geroztik, BCCek Sommelierrean eta Enomarketingean Masterra du, eta koktelgintzan, bartenderrean edo ardoaren turismoan espezializatzeko hainbat ikastaro ditu.