OIHANA AZKUE
DONOSTIA
Entrevista
Xabier Zeberio
Musikaria

«Diskoa entzutean pentsatzen dut: hau ni naiz»

Xabi Zeberiok bere lehen bakarkako lana plazaratu du: ‘‘Pause’’. Forbbiden Colours diskoetxearekin argitaratu duen diskoak atmosfera malenkoniatsu bezain baketsu batera garamatza. Tolosarraren bederatzi konposizio jasotzen ditu lanak, berdingabea bakoitza, baina aldi berean osotasun baten zati.

(Argazkiak: Andoni CANELLADA | FOKU)

 

Batzuetan «pause»-ri eman behar zaio, benetan hasteko, benetan hazteko... ‘‘Pause’’ da Xabier Zeberioren lehen bakarkako diskoaren izenburua, eta badu horretatik. Tolosarraren lanik intimoena da, erradiografia-musikatu bat, musikariaren barne-mundua pentagraman zizelkatua. Malenkonia eta sosegu atmosfera batera garamatza, «pause bat», etenaldi bat proposatuz, presazko 24 orduko gurpil zoroan, tarte batez geratu eta berriz hasteko: beste tempo batez, beste begirada batez.

Forbbiden Colours diskoetxearekin argitaratu du ‘‘Pause’’, eta Aitor Etxebarriaren eskua nabaria da. Urtebetez ondu dute diskoa estudioan, sinpletasunak dakarren konplexutasun guztia landuz. Emaitzan antzematen da: abestiak erraz sartzen dira, eta behin barruan, haien barnean gordetzen dituzten ñabardura guztiek eztanda egiten dute.

Lan ederra da zentzurik literalenean: ederra hizkiz hizki, ederra notaz nota. Zintzoa, egiazkoa.

«Pause» da zure bakarkako lehen lana, ez dakit erreparorik eman dizun zure sinadurapean lan hau aurkezteak, baina diskoa entzunda mozorrorik gabe zatozela esango nuke.

Bai, horrela da, nik uste dut erreparo pixka bat bai, ematen didala, zeren ez da oso gauza planifikatua izan disko hau kaleratzea, bideak eraman nau horretara. Orain artean beti izan naiz aterkipean ezkutatuta, hasierako garaietan oskorriren izenean, gero Alos Quartetekin. Eta nahiz eta nire konposizioak izan, taldearen izenean joatea gauza bat da, baina zure izena lehen lerroan ikusteak ematen du halako gauza bat. Baina oso gustura nago, pozik, oso natural egin dut.

Zergatik orain «pause» hau?

Arrazoi askogatik, egia esan. Lehenengo hazia konfinamendu garaian dago. Egia da jende askok oso gaizki pasatu zuela, baina niri pertsonalki oso ondo etorri zitzaidan pause hori, eta besteak beste hor sortu nituen disko honetako abestietariko batzuk. Ez diskorako, baizik eta sortzeko behar hori behar izan dudalako. Batek daki zertarako, izan zitezkeen Alos Quartetentzako, pelikula baterako, antzerki baterako... batek daki, beti gustatzen zait karpeta apuntez beteta izatea. Eta horretarako sortu nituen. Egun batez Aitor Etxebarria lagun musikaria etxean zela eta erakutsi egin nizkion, eta berak bultzatu ninduen disko hau egitera; bera izan da bidaide ezinbestekoa lan hau aurrera eramateko garaian.

Diskoan ahots bakarra entzun dezakegu, kantu bakar batean...

Liam Ò Maonlaí irlandarraren ahotsa da. Oso kantu berezia da, berak gaelikoz sortu zuen zuen, bere lagun bati eskainita. Oso momentu hunkigarria izan zen, etxean grabatu genuen lehenengo toman, goitik behera, oso momentu hunkigarria izan zen. Bere gisako musikari handi bat diskoan izatea ohore izugarria da.

Nondik atera zen kolaborazioa?

Bera Amaia Elizaran dantzariarekin ikuskizun bat egiten dabil, eta nik ere Amiarekin urte askotan lan egin izan dut. Hortik sortu zen gure harremana. Behin etxera etorri eta maketa erakutsi nion, eta une berean sortu zuen kantua, eta grabatu ere une hartan egin genuen. Kariño handiz gogoratzen dudan momentua da.

«Non zira» abestiarekin egindako bertsioa zoragarria da...

Kuriosoa da kantu honekin gertatu zaidana. Izan ere, niretzat oso ebidentea da ‘‘Maitia non zira’’ abestian oinarritutako moldaketa bat dela, baina lagun musikari asko ez dira horretaz ohartu! Asko harritu nau, kuriosoa da. Behin esan ondoren esaten didate orain beste modu batera entzuten dutela! Egia da beste eremu batera eramanda dagoela abestia, eta egia esan emaitzarekin oso pozik nago.

Aitor Etxebarriak ere lan asko egin du, ñabardura asko dituen pieza da, oso sinpleak diruditenak itxura batera, baina lortzen oso konplexuak direnak, lan asko dutenak.

Sinpletasunaren konplexutasuna...

Erabat, disko honetan lan asko egin dugu, ia urtebetez ibili gara estudioan. Grabaketa prozesua ere ohikoaren alderantzizkoa izan da: normalean dena konposatu, prestatu eta astebetean grabatu ohi da estudioan. Ni neu ere gauzak azkar egitekoa naiz, baina Aitorrek atera nau nire ohiko esparrutik eta beste pausa batez egin ditugu lanak.

Elkartzen ginen beharbada hiru astez behin edo egun oso batez estudioan, eta kantu bakar batekin ematen genuen eguna. Artisau lana izan da erabat. Aitorrek oso ikuspuntu irekia dauka, frogak egiteko, zerk funtzionatzen duen, zerk ez... artista hutsa da. Proba eta errorearen formula erabiliz, magia asko sortzen du estudioan, beharbada zuri inoiz bururatuko ez litzaizkizukeen gauzak, baina gero oso ondo funtzionatzen dutenak. Horregatik du oso sonoritate berezia diskoak. Niri oso gogorra egin zait, estudiora joan, gero hiru astez handik agertu ez... nire egiteko ohiko modutik urrun dago. Baina orain oso pozik nago, zeren azken emaitza beste bat da, oso murtxikatua, pentsatua presarik gabe egindakoa.

Oso prozesu lasaia izan da, diskoa maiatzerako amaituta zegoen eta urrian aurkeztu dugu, behingoz gauzak lasai egin ditugu, ‘pausez’, eta emaitza benetan autentikoa da, egiazkoa.

Eta oso identifikatuta sentitzen naiz egin dudan musika honekin, diskoa entzutean pentsatzen dut, ‘hau ni naiz’. Lehen aldiz sortu dut zerbait beste inorekin pentsatu gabe, benetan nik entzun nahiko nukeen musika saiatu naiz egiten, eta jasotzen ari naizen feedbacka ere hori da. Zuk zerbait zintzoa egiten baduzu, hori entzulearengana ere iritsi egiten da.

Horrelako lan pertsonal bat gauzatzean, lankide izango dituzunekin sintonia izatea ezinbestekoa al da?

Niretzat ezinbestekoa da, ez da erreza aukeratzea eta berebiziko garrantzia du, bai diskorako baina baita zuzenekoetarako ere, niretzat emaitzaren %90 da norekin egiten dituzun gauzak. Pertsonalki, ez horrenbeste zenbaterainoko musikari trebeak diren, baizik eta zer nolako pertsonak diren. Hori gero nabari da emaitzan, laguntasun horiek gero beste dimentsio batzuetara zaramatzate. Nik ez dut horrenbeste sinisten izen handiak gonbidatzearen zeran eta diskoari emango dion arrakasta mailan, baizik eta gertukoekin lan egitean.

Zuzenekoetan zer formatutan lan egiteko asmoa duzu?

Aurrestreinaldi bat egin genuen Beasaingo Igartza Jauregian, eta duo formatuan joan ginen Iñar Sastre eta biok, bera pianoarekin eta ni sokazko musika-tresnekin. Abenduan ditugun aurkezpen potoloetan, berriz, laukote moduan joango gara: Iñar Sastre bera izango da pianoan, Aitor Etxebarria teklatuekin eta soinu diseinuan, Eñaut Zubizarreta txeloan eta ni beste harizko instrumentuekin.

Diskoa eta zuzenekoaren artean ba al da desberdintasunik?

Ez, zuzenekoek diskoaren esentzia mantentzen dute, baita duo formatuan ere, nahiz eta sonoritate ezberdina izan, izate bera mantentzen du. Eta laukote formatuan zuzenekoa kasik diskoaren berdina izango da, diskoaren esentzia zuzenera eramateko aukera izango dugu.

Noiz eta non izango dira hurrengo hitzorduak?

Gaur, abenduak 23, Gasteizen izango gara Antzina Folk jaialdiaren barnean, abenduaren 28an Tolosan, Leidor aretoan, eta abenduaren 30ean, berriz, Markinan.r