Floren AOIZ
@elomendia
JOPUNTUA

Lurrikara politikoa Iruñean

Zentsura mozioak bazterrak nahasi ditu. Espainiar eskuina sutan dago, eskuin mediatikoa, sozioekonomikoa, politikoa… Ekaitza piztu da, gehiegikeria handiena nork zabalduko ote duen lehian dagoelarik. ETA agertzen da diskurtso guzietan, jakina, irain, gezur eta deskalifikazio moralisten artean. Eskandalu moralaren narratiba nagusitu da, edonola ere: gaiztoak elkartu dira zintzoak Iruñeko alkatetzatik kanporatzeko. Kaleak militarizatzen dituen Mileik «Malignoa» aipatzen duen moduan, gurean ere pulpitoaren logika inposatzen da eskuinaren esparruan.

Sakonean, botere eta demokraziaren ulermena daude eztabaidaren erdigunean. Nafar (zein espainiar) eskuinarendako, demokrazia, instituzioak eta hauteskundeak beren nagusitasuna zuritzeko tresnak besterik ez dira. Botere hori beren eskuetan badago, hiperdemokratak eta super-instituzionalistak dira diskurtso mailan. Galtzen badute, akabo! Ezin dute onartu, eta indignazio morala antzezten dute. Batzuetan, patetikoki, ikusten ari garen moduan. Ibarrolaren erridikuluak muga asko gainditu ditu, UPNk zer-nolako ordezkari eskasak dituen agerian utziz.

Ikusten ari garenak eskuin horren tradizio kolpista oroitarazten digu. Azkenean, inpotentziaren isla da beren inflazio dialektikoa: ezin dute, iraganean bezala, estatu kolpe bat eman eta beren kontrakoak akabatu, atzerrira kanporatu edo kartzelatu. Eskuin horrek poz handiaz ospatu zuen duela urte batzuk ezker abertzalearen ilegalizazioa, eta orain, deskubritzen ari da noraino okertu ziren. Bazterketan oinarritzen zen ordenu politikoa aldatzen ari da, de facto, eskuinaren porrota azaleratuz.

Aro berri bat irekitzen ari da. Ez dago zer emanen duen jakiterik, baina posible denaren mugak zabaldu dira, atzo ezinezkotzat jotzen genuena gaur egun gure aurrean dugularik. Urrats hauek egiten dute bidea. Izan ere, horrela eraldatzen da mundua bizitzen ari garen garai hauetan, ez hautsa kenduz eskuliburu zaharkituei.