GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Bestelako gorria espero


Hara, solstizioa! Urtez urte, gabonetako atarian nagoela, neonezko kale-argiek hola aginduta, ez nire erabakiz, beti pasatzen zait burutik zalantza bera: zerk eragiten du neguko solstizioa izatea? Bai, badakit, kontu astronomikoak argudiatzen dituzte aditu batzuek... Tira, ez dakit ba, mesfidati nago, planetaz kanpoko dinamikak planetakoak bertakoak baino ziurtasun handiagoa ematen badit ere. Hortaz, translazioa translazio, akaso ezin dugu Lurraren errotazioa arindu — dezente arindu ere, azeleratu esate aldera—, biraz bira hainbat gizabanako eta gizatalde behingoz kanporatuak izaten diren zentrifugoan, lurretik desjabetuak, eta kanpo horretako nonbaiteko orbitan behin betiko geldo gelditu? Horixe berrikuntza!

Total, neguan gara, sasoiz. Eta solstizioaren ondorioak begi-bistakoak dira, urtez urte: loteria, aurrekontuak deitzen dituzten atzekontuen onarpen parlamentarioa, lagun arteko bazkari-afari behartuak, koinatuak mahaikide, mugikorren tekla higatuak, aireportuak lepo, Olentzero saiatuak, jan eta edan bietan jarrai eta gero dietan jarri... eta taloak! Ni beti zalantzan: neguak taloa ekarri ala taloak negua? Kolpea gero taloarena, egun bakarreko taloa izatea ere! San Tomas egunean talo, gainerakoetan auskalo! Gure lurrak laboratzen dituztenen nekezak bestelako nekazaritza eskatzen du, talo eta txaloetatik haratago. Bestela, nekezari izango dira, izatekotan.

Urtea bere hondarrean dagoenean ere badugu zer ikasi. Kasurako, azkenean ulertu egin dut zergatik hango Itsasoari Gorria esaten dioten. Askoren odol hustuak emandako kolorea. Mingarria itsaso horretatik pasatzea, erasotzaile jaio direnek erasotzeko behar duten guztia. Itsaso Gorria gurutze! Erlijioaz aparte! Ea egun hauetan abiada hartzen dugun, udaberriko ekinokzioa helduta, gorriaren motiboa bestelakoa izateko.