Iker GURRUTXAGA
DONOSTIA
Entrevista
GALDER IZAGIRRE
Musikaria

«Banuen halako anfora puskatu bat, piezak itsastea zen zegokidan lana»

Ibilbide luzeko musikaria da Galder Izagirre (Irun, 1972). Dut, Kuraia, Berri Txarrak eta Bazka taldeetan entzun dugu bateria astinduz. Orain, ordea, bakarkako proiektuarekin dator, eta ez daki zuzenean zer egingo duen, “Esc” diskoan berak sortu baitu guztia. Esperimentaziorako tartea hartu du, baina aurretik egindakoaren eraginik ez du ezkutatu Izagirrek.

(G.I.)

Zer moduz zaude Galder?

Ongi, zarata arraroen artean.

Beldurrak ere zarata bihurtzen dira batzuetan.

Bai, eta horiekin bizi gara, horiei aurre egin behar diegu, borrokatu eta beldurrik gabe bizi, ahal den neurrian.

Diskoaren irekiera kantua da «Beldurrekin batera», crescendo moduko bat duen abestia. Ahots prozesatua duzu abesti honetan, beldurren zati da hori?.

Baten bati beldurra sartu zitzaion ahotsa sartu zen unean, efektua entzun zuen eta «ya estamos» esan zidan. Gero, diskoa osorik entzunda, ohartu zen testuinguruarekin bazuela zentzua ahots prozesatu horrek, eta gainerako guztiak ere bai.

Hortaz, hari ere beldurra joan zitzaion.

Zer izan nahi du beldurrak kenduta Galderrek?

Ni neu, ezta? Azkenean, gure etsairik handiena gu geu garela uste dut, eta gure beldur handienak gure barnean garatzen ditugula. Norbera izatea beldur horiek uxatuta hobe izaten da, edo ideala litzateke.

«Ilunabarrean» abestian ikusezinak garela esaten duzu, behin baino gehiagotan gainera, zuk gaur egun horren beldurrik baduzu?

Ez, beldurra baino, kontrakoa. Niri ikusezin izatea gustatzen zait eta esposizioa eta protagonismoa saihesten saiatzen naiz. Bateria atze horrek beti babestu izan nau, eta ikusezin izatea ez da batere txarra. Baina norberak ulertuko ditu hitz hauek bere modura.

Argazkilari, zuzendari, bateria-jotzaile… Ezkutuko lan asko egindakoa, tartean «Bidegurutzean» telebista saioan ere bai. «Ilunabarrean» bera ere izan zitekeen saio horretatik ateratako kantua.

Iruditzen zait, gainera, disko honen iturburu nagusia saio horretan dagoela. Berri Txarraken bidea bukatu eta ezbai batean sentitu nintzen, zer egin nire bizitzarekin. Azken hamarkadan modu profesional batean musikara emana bainintzen eta ia-ia zerotik hasi behar nuen berriz ere. Saio honetan nire bi munduak elkartu ziren, musikaren mundua eta argazkilaritzarena. Saio hauek bukatuta eta hainbeste musikari entzunda, beren prozesu, beldur, arima saltze edo ez saltze eta abarretan, oso atsegina egin zitzaidan artista bakoitzak duen barne mundua zeinen desberdina den ikustea. Bakoitzak funtzionatzeko modu oso desberdina du eta beldur hauei aurre egiteko modua ere guztiz desberdina da. Beldur esaten dut, baina disko baten hastapena izan daiteke, edo zuzeneko baten aurreko momentu hori, non oholtzara igotzera zoazen. Niri hori guztia ikusteak sekulako gogoa sortu zidan nire bidea egiteko, eta orduantxe nire ideia batzuk elkartzen eta pilatzen hasita nintzen, argi neukalako ez nuela ez gogorik ez pazientziarik beste musika talde baten zain egoteko.

Eta saio horretan, aipatu dugun kantuan bezalaxe, Joseba Ponce ondoan.

Joseba eta biok institutu garaian ezagutu ginen, nerabe ginela, eta biok elkartu gintuen musikak eta irudiaren inguruko guztiak. Lehenengo garai horretan gogoan dut hardcore-a eta serigrafia zirela gure pasioa. Gogoratzen dut Leninen irudi bat izan zela serigrafiatzen saiatu ginen lehendabizikoa. Bi mundu horietatik abiatu ginen eta elkarrekin jarraitzen dugu hainbeste urte eta gero, eta, egia esan, gozada bat da berarekin lan egitea, oso ondo ulertzen dugulako elkar eta ia-ia hitzik egin gabe, begiradarekin soilik badakigu gutxi gorabehera nondik joko duen bakoitzak.

Martxel Mariskalenak dira «Bilaketan» kantuko hitzak. Martxel bera ere urte askoan gertu izan duzun pertsona, da, ezta?

Gertu izan dut lagun bezala eta ni bere zale bezala ere bai. Beti Muganen hitzak idazten zituenetik, DUTen bat edo beste ere bai, Lisabörenak eta ‘‘Me llamo Ezequiel y así será siempre’’ eleberria ere asko disfrutatu nuen. Kasu honetan, testu hori beste mobida baterako idatzia zeukan eta proiektu hori bertan behera geratu zen, baina testu hori behin eta berriz buruan izan dut azken bost edo sei urte hauetan. Hala, sartu behar nuela sentitzen nuen eta, beharbada, kantu hau izango zen kasu bakarra hitzak musikaren aurretik egon direna, paraleloan sortu dira bi gauzak.

Dena zuk jo duzu diskoan, eta instrumentu batzuk badaude.

Dena jo dut, gaur egun elektronikak eta teknologiak ahalbidetzen duelako kale edo bale horretan gehiago aritzea. Hala egin nuen, gehienbat pentsatuz maketa baterako ideia soil batzuk baino ez zirela izango, atzetik beste norbaitek hobeto joko zituela. Azkenean, egia da ahalik eta ondoen egiteko saiakera horretan konturatu nintzela entzutearen poderioz akats horiek ez zirela hain inportanteak. Erakutsi nahi nituen ideiak bertan ikusten zirela jabetu nintzen eta arazo tekniko horiek bigarren plano batera pasa ziren. Mugikorrarekin grabatutako hainbat gauza diskoan bertan geratu dira. Grabatutako hori soinu hobearekin eta medio hobeekin berriz grabatzen saiatzen nintzenean, ez nuen ez atmosfera hori ez arima bera lortzen. Hortaz, horretaz konturatu nintzenerako, jabetu nintzen banuela halako anfora puskatu bat eta egin behar nuena pieza horiek itsastea zela, eta ez anphora berri bat egitea. Itsatsitako zati horiekin osatutako anforak, bere inperfekzio guztiekin, edertasun gehiago zuelako. Hala osatu nuen diskoa eta, gerora, horrekin kamiseta bat egin nuen.

Estudioan, Aitor Etxebarria ibili da batetik, eta Iñigo Etxarri ere bai, bestetik. Nolakoa izan da prozesu hau guztia?

Hasiera batean Aitor Etxebarria eta Txufo Wilsonekin hasi nintzen Bilboko estudioan, baina, egia esan, oso zaila zen gure agendatan behar bezainbeste denbora hartzea hau guztia egiteko. Aitor bi telesailen soinu banda egiten zebilen, Txufo ere bere talde eta proiektuekin zebilen… Hortaz, ideia politak sortzen ari ginen arren, ezinezkoa zen diskoa bertan bukatzea, sesiotik sesiora denbora tarte zabalak zirelako eta diskoa banatu egiten zelako. Abuztuan ezinezkoa zen diskoa bertan bukatzea eta, ordurako, Iñigo Etxarrirekin ahotsaren froga batzuk egiten hasia nintzen In Estudioan. Egia esanda, bedeinkapena izan zen Iñigo agertzea bat-batean hor, gogoz, sekulako ilusioarekin eta pasioarekin. Eta pasioa duen norbaitekin lan egitea ia-ia bidearen herena eginda izatea da. Etxarri teknikari oso ona da, musikari bezala ere bai, eta belarri oso fina dauka. Horrez gainera, oso azkarra da edizioan, eta teknologiaren eta plug-in-en ezagutza sekulakoa du. Hortaz, buruan neukan hori bere eskuekin soinuetara pasatzea izan da bere egitekoa. Hor kontzentratu ginen abuztuko beroaldian eta, egia esanda, plazer bat izan da eta asko zor diot berari.

Emakume biluzi bat ageri da azalean, bular bat falta duena. Eta, hutsune horretan, «Galder» idatzi duzu, tipografia nahiko elektrikoan. Nondik etorri da ideia?

Azala zakarretan jasotako koadro bat da, Donostian, erori zen une horretan galdu zuen bularra. Jaso nuenean lanerako mahaian jarri nuen eta ez nion gaur duen garrantzirik eman, baizik eta koadro eder bat iruditu zitzaidan, besterik gabe. Denboraren poderioz, barneko gatazka eta poz guztietan presente egon da koadro hori mahaiaren gainean. Gauza ederrenekin askotan gertatzen den bezala, begien parean neukan eta ez nintzen konturatu koadroak behar zuela azala. Ez diseinuz dotorea zelako soilik, baizik eta diskoaren ibilbidearekin erabateko zentzua zuelako. Artistikoki, diseinurako letra txikien bila ibili nintzen, margolanarekin batera joateko, baina konturatu nintzen, hirugarren kantuarekin bezalaxe, harmonia hori puskatzea eskatzen zidala.

Hutsune hori modu klasikoan tratatu ordez, bizi berri bat eman nahi nion, disko honek eskatzen zidan haustura bezalaxe. Letra mota Slayer, Suicidal Tendencies… thrash munduko letratan oinarritzen da, kontrakotik abiatu nintzelako eta honekin dena apurtzen nuelako. Eskerrak momentu hori eduki nuen.

Koadroaren jaberik ez da azaldu oraindik, ezta?

Ez da azaldu eta nahiko nuke nire bizitzako uneren batean norbaitek esatea koadro hori bere etxekoa zela, edo nor den koadrokoa edo nor zen margotu zuena. Gauza asko ditu esateko eta galdera asko sortu dizkit honek. Donostian topatu nuen, esanda bezala, ez nire inguruan, bestela bizilagunei begira eta horrela hasiko nintzatekeen. Baina nire ingurunetik kanpora zegoenez, galderak ere handiagoak izan dira.

Zuzenekoei begira esan duzu ez dakizula zer joko duzun, baina noiz izango dira edo aurreikusten dira?

Udara aldera etorriko direla esango nuke. Prest gaudela sentitzen dudanean, hobeto esanda. Lan asko dago egiteko, zuzenekoetan ez dut diskoa erreproduzitu nahi, pauso bat harago joan nahi dut. Era berean, hogeita hamabi minutuko disko bat da eta zerbait gehiago prestatu nahiko nuke zuzenekorako. Lan asko dut egiteko, taldea osatzen, lokal baten bila eta diskoa xehatu eta berrikasten. Eta, egia esanda, ez dakit nola izango den guztia. Nahiko nuke argi erantzun, baina une honetan ez dakit non kokatu. Gustura nagoen tokietan izan dadila, dibertitzen naizen tokietan. Etor dadila etorri beharrekoa.