Jon ORMAZABAL
PILOTA

Javier Zabalaren sasoi onak saria izango du Peio Etxeberriaren ordezko gisa

Hatzean hausturarik ez duen arren, Zenotzekoak eskuin eskuko hatz txikian duen zauria ez da behar bezala itxi, eta Peña-Albisuren aurka gaur gauean jokatzeari uko egin zion atzo, Labriten egindako probaren ondoren.

Javier Zabala, pilota astintzen.
Javier Zabala, pilota astintzen. (Jon URBE | FOKU)

Jaialdietako hirugarren partidetan aritu beharra etsigarria suerta daiteke txapelketetatik kanpo diren pilotarientzat, baina Javier Zabala errioxarra azken aste luzeetan egiten ari den lan izugarriak bere saria izango du gaur gauean Sestaon, Logroñokoak bere ibilbideko lehen aukera izango baitu lehen mailako Binakakoan, Peio Etxeberriaren ordezko gisa. Jose Javier Zabaleta lagun, Peña-Albisuren aurka jokatuko du bosgarren jardunaldia itxiko duen partida.

Eskuin eskuko hatz txikian hausturarik ez dagoen arren, Labriteko eserlekuen babesen aurka jota egindako zauriak ez dio Peio Etxeberriari nahi bezala piloteatzen uzten. Zenotzekoak uko egin dio gaur jokatzekoa zen partidari. Ultzamarrak atzo Labriten egin zuen, Jokin Etxanizekin batera, bere esku hori nola dagoen ikusteko azken proba eta, zauriak oraindik behar bezala itxi gabe jarraitzen duenez, geratzea erabaki zuen. Larunbateko partidaren ostean bi puntu eman zizkioten hatz txiki horretan eta, hobera egin badu ere, ez zuen bere burua Peña-Albisuren aurka jokatzeko moduan ikusi. Garapenaren arabera erabakiko du igandean Artola-Imazen aurka ariko den Tolosan.

Eta lehen hiru jardunaldietan Jokin Altunaren ordezko aritzeko enpresak Danel Elezkanorengana jo bazuen, oraingo honetan Logroñokoa azkenaldian egiten ari den lan ona saritu nahi izan du.

Duela hilabete inguru Asperekin kontratua berritu zuen Zabalak, bi urtez, eta ordutik, itxura oso ona emanez, binaka jokatu dituen sei partidak irabazi ditu, denak Dario edo Elezkano, Etxeberria ordezkatzeko balizko hautagaien aurka jokatutakoak.