GARA Euskal Herriko egunkaria

Desioa


Gabonetan munduan gehien entzun zen abestia izan omen zen Mariah Carey-ren “All I Want for Christmas Is You” (zeu zara gabonetarako nahi dudan guztia), egun bakarrean ia hogeita lau milioi entzuletara helduta, Spotify plataformak aditzera eman duenez. Datuok kontuan hartuta, bitxia da Carey-k abestia lehen aldiz plazaratu zuenean, 1994an, zalaparta handirik sortu ez izana. Egiazki, “Love Actually” (2003) filmari zor dio kantuak gaur egun duen ospea. Eta ospearekin etorri dira kantuaren errepikaren hamaika egokitzapen eta meme. Israel Gazan burutzen ari den genozidioaren gaineko kontzientzia piztu asmoz denetariko egitasmoak antolatzen dabiltzan ekintzaileak ere, haien artean Gazatik bertatik Instagram eta bestelako gizarte sareen bidez gertaeren berri ematen ari diren kazetari palestinarrak, baliatu dira Carey-ren abestiaz, kasu honetan su-etena eskatzeko, palestinarren askapenerako lehen urrats gisa.

Gabonak pasatu dira, ordea, su-etenik ekarri gabe. Are gehiago, eguberrietan bertan Israelek eraso bortitzenetako batzuk egin zituen, Bureij errefuxiatu zelaian bakarrik ehunetik gora pertsona hilda.

Urte berrirako desio bihurtu da su-etena lortzea Gazan. Eta ezin ahaztu mota ezberdinetako indarkeria pairatzen ari diren beste hainbat herri: Siria, Sudan, Kongo, Myanmar, Kurdistan, Ukraina, Afganistan, Iran…