GARA Euskal Herriko egunkaria
IPAR EUSKAL HERRIA

Lurralde egitasmoen araberako tresnak izateko estrategia

Etxebizitzaren krisiak eta euskararen aurkako erasoek erdigunean ezarri dute erakunde sistemaren gaineko gogoeta. Euskal Elkargotik bertatik erronka nagusiei erantzuteko aitortzen den gaitasun faltak erabakiguneak birlokalizatzeko aldarria berpiztea ekarri du.

«Euskal paradisuan» badira langile eta ikasleak urte osoan kanpinean bizi behar dutenak. (Guillaume FAUVEAU)

Ipar Euskal Herrian hauteskunde ziklo berria irekiko da 2026an eta, hala aitortu edo ez, aktore politikoek hitzorduari begirako lanketa abiatzeko izendatu dute 2024. urtea.

Euskal Herria Baik bere Biltzar Nagusia baliatu du urte amaieran, hauteskunde horiei begirako prestaketa lanak abian emateko. Eskualdez eskualde eta arloz arlo garatuko duen prozedurak balore bikoitza hartuko du, programa politikoa mamitzeaz gain, lurraldearen gaineko eztabaidan pantaila berri batera igarotzeko balio behar lukeelako.

Euskal Elkargoan gutxienez pultsio bi azaldu dira azken urte hauetan. Bere zuzendaritzak, jakobinismoak uzten dituen zirrikituak argitasunez baliatzearekin batera, ahalmenak muturreraino xurgatzeko nahikeria nabarmendu du.

Agenda politikoa markatzen duten auzi nagusiak ez aurrera ez atzera gelditzen joan diren heinean, bigarren pultsioa bizkortzen joan da. Hala, aurreikus daiteke ondoko hilabeteetan erakunde bilakaeraren gainean adostasunak gaurkotzearen aldeko sektoreek gero eta aiseago entzunaraziko dutela haien ahotsa.

Alde batetik, Hexagono mailan, intentsitate eta heldutasun maila ezberdinarekin bada ere, burujabetzaren eztabaida su txikian gozatzen ari delako. Korsikan, Bretainian, Alsazian, Kaledonia Berrian edo Martinikan herri horiei guztiei dagokien erabakitzeko eskubidearen inguruan egitasmoak martxan dira.

Bestetik, bereak egin duen urteak baieztapen argiak utzi dituelako lehenagotik zetozen erronken gainean. Esaterako, Legebiltzar frantsesera heldu da, Euskal Herritik soilik ez, Bretainiatik edota Korsikatik ere pizturiko alarma oihua etxebizitzaren aferarekin.

Airbnb bezalako plataformek ohiko alokairua fagotizatu dute berdin hiri nagusietan zein kostako herrietan, gero eta gehiago landa eremuetan ere, herritarren kezkarik nagusietakoa bilakatu arte.

ADREILUA ETA ELEA

Elkargoak krisi horri irtenbideak emateko politika propioak garatzeko nahikeria berretsi duen urtean, behin-behineko garaipenak eskuratu dituzte, bestalde, etxebizitza eskubidearen alde jarduten duten taldeek. Elkarlanean, alokairuen prezioen gaineko kontrola ezartzeko bidean esperimentazio ekimena martxan jartzeko apustua irabazi dute. Hori bai, seguruenik udazken arte itxaron beharko da, Prefeturak alokairuen gaineko prezioen kontrolpean atxikitzeko egitasmoa martxan emateko. Estatuaren egutegia hobetsita entseatuko dute, beraz, lurralde honentzat aspalditik hil ala bizikoa bilakatu den etxebizitza eskubideari dagokion baliabidea.

Larritasun hori markatzera etorri dira, besteak beste, Alda eta Lurzaindia bezalako elkarteek etxebizitza eta laborantza lurren gaineko espekulazioa salatzeko hauspotu dituzten mobilizazio dinamikak.

Plazara ekimenaren eskutik, bestalde, hizkuntzari buruzko politika lozorrotik ateratzeko exijentzia heldu da. Orain arte erabilitako baliabideekin ez baita modurik euskalgintzak bizi duen egoera prekarioa gainditzeko. Are gutxiago, hizkuntzari bilakaera demografikoaren eskutik azalduko zaizkion desafioak behar bezala jorratzeko. Irunen hasi eta Baionan amaituko den Korrikak, azterketak euskaraz egin ahal izateko lan egiten duten hiru lurraldetako ikastoletako kideak omenduko ditu.

Euskaltzaleen bultzada ezinbestekoa dela frogatu du Beskoitzeko ikastolaren auziak. Horretan ere kaletik bulegoetara heldutako energia klabea izan daiteke, Gabonetako oporren atarian udalak erakutsitako aldarte eskasa gaindituz, 2024an gatazkan urtze fase bat irudikatzeko.

Iraun soilik ez, aurrera egiteko herri nahikeria oso bestelako ekimenetan presente izan da 2023. urtean zehar, bertan lan harremanak finkatu edota eskuin muturraren amesgaiztoari uko eginez migratzaileen aldeko harrera duina aldarrikatzeko orduan.

2024an erronka zahar eta gogo berriak ez dira faltako. Baten bat aipatzearren, euskal bakegile bi epaituko dituzte sugar olinpikoa Euskal Herritik igaro baino hilabete lehenago, Parisen.

Elkarbizitza eraikitzeko xedez, Euskal Bideak eman duen emaitza eta aitzina begira ere irudikatzen dituen eginbeharrak azaltzeko tribuna bat eskainiko du, noiz eta Baionako Adierazpenaren 10. urtemuga kari, arotik kanpoko auziak.