GARA Euskal Herriko egunkaria
KIRGIZISTAN

Pik Alpinist geltoki berezia izan da hirukote estatubatuar batentzat

Jared Vilhauer, Seth Timpano eta Dane Steadman estatubatuarrek Tian Shan mendilerroko ipar-ekialdeko horman “Trophy hunt” bidea (AI5+, M5, 1.100 m) zabaldu dute. 27 orduko joan-etorria izan da.

Dane Steadman, sokaburu, “Trophy hunt” bidearen luze batean. (Jared VILHAUER)

Kirgizistaneko Tian Shan mendilerrora joan gabe ez genuen urtea bukatu nahi. Eta hori diogu Kokshaal-Too mendigunean talde estatubatuar batek jarduera oso interesgarria egin zuelako joan den udazkenean. Jared Vilhauer (42 urte), Seth Timpano (41) eta Dane Steadman (25) izan dira protagonistak. Bada, hirukote honek Pik Alpinisten (5.482 m), ipar-mendebaldeko murruan, bide tekniko ederra zein zuzena zabaldu zuen. “Trophy junt” du izena, eta 1.100 metroko ibilbidean alpinistok AI5+ eta M5 zailtasunak gainditu zituzten.

Jarduera hori egin ahal izateko, estatubatuarrek estrategia oso zehatza zuten. Arin joan ziren, besteak beste, bibaka egiteko tresneria kanpaleku nagusian utzi zuten. Eta 27 orduko joan-etorrian eta estilo alpinoan aipatutako jarduera hori sinatu zuten.

Espedizio hori egin ahal izateko, protagonistek American Alpine Club-aren Cutting Edge izeneko beka jaso zuten. Irailean abiatu ziren Kirgizistanera, eta esku artean hiru helburu zituzten. Duela hamahiru urte Vilhauer-ek eta Tinpanok elkar ezagutu zuten Antartikara eginiko espedizio batean. Ordutik, elkarrekin makina bat eskalada egin dituzte; batez ere, oso gustuko duten izotz-jauzietan. Horrez gain, Alaskara eta Indiara bidaiatu dute.

Berez, azken espedizio horretan aipatu ditugun bi alpinista horiek parte hartu behar zuten, baina Timpanok aurreratu du hirugarren kide bat nahi zutela: «Danek bat egin zuen geure espedizioarekin. Gazte sutsua da. Jaredek eta biok 40 urte baino gehiago ditugu, eta espedizioan aurrera egiteko guk baino energia gehiago duen gazte bat batu behar genuen. Dane, gainera, mistoko eskaladan oso indartsua da. Jaredek, berriz, ultrarunner baten sasoia du. Eta nire kasuan, mendi garaietan eta izotz-eskaladan eskarmentu handia dut. Horregatik uste dut talde oso konpletoa osatu dugula».

Uda bukatzen ari zenean, hiruko horrek bizkar-zakuak antolatu eta Tian Shan mendilerrora bidaiatu zuen. Bazekiten udazkenean tenperaturek behera egiten dutela, eta, hortaz, izotzean eskalatzeko sasoi egokiagoa dela. Horrekin batera, klima askoz ere egonkorragoa da. Elurra egiten du, baina ez kopuru handitan eta ia beti arratsaldero.

Nahiz eta iragarpen horien berri bazuten, alpinistak beldur ziren mendilerro horrek izaten dituen aldaketekin. Negua aurreratzen bada, erronka askoz ere zorrotzagoa bihurtzen da: «Inguru hartan izan diren beste lagun batzuek aholkatu ziguten urria hasi baino lehen handik alde egin behar genuela».

Pik Alpinist aztertzen ari zirela, alpinistak ohartu ziren esku artean zituzten hiru helburuetan zailena zein izango zen: «Bidaia antolatzean argazki batzuk aztertu genituen. Eta horietan ikusten zen ekialdeko paretan izotzak etenak zituela. Esplorazioan oinarritutako espedizioa zenez, Kirgizistanera iritsi arte ezin izan genuen ezer argitu. Baina mendi horren oinarrira heldu ginenean, hirurok ala hirurok ahoa bete hortz geratu ginen. Zirraragarria zen! Hori gutxi ez, eta izotzean eskalatzeko zirrikitu eder bat ikusi genuen. Beste bi aukera horiek aztertu ondoren, argi eta garbi izan genuen Pik Alpinist izango zela gure erronka nagusia».

27 ORDU

Horma zorrotz horretan ekinaldi on bat egiteko, estatubatuarrek astebete igaro zuten girora egokitzen. Timpanok esan du aukeratutako marrak estrategia aldatzera eraman zuela: «Bide hori oso tentea ikusi genuen, eta horregatik erabaki genuen bibakerako tresneria kanpaleku nagusian utziko genuela. Nortasun handiko horma horretan arin joan behar zen. Goizeko hiruretan errimaia gainditu eta jarraian ipar-ekialdeko horman sartu ginen. 70 metroko soka batekin 16 luze egin genituen. Alabaina, tarte batzuk sokarekin bai, baina geure buruak babestu gabe eskalatu genituen. AI4 mailako sekzioak barne. Nire kasuan argi eta garbi esango dut: mendi handietan eskalatu dudan izotz ederrena izan da. Montana, Wyoming edo Coloradon aurkitu daitekeen izotzarekin antz handia zuen: itsaskorra eta kalitate handikoa. Arrokari dagokionez, oso trinkoak babesteko buruhausteak eragin zizkigun. Horrekin batera, artesi sistemak puskatuta zeuden. Babesteko leku onenak izotzean aurkitu genituen».

Mistoko luzeak gainditu ostean, ilunabarra iritsi zen. Taklamakan basamortutik azken argi izpiak jaso zituzten. Eskaladaren une kritikoenena zen. Aurrean gau oso luzea zuten, baina gailurretik gertu zeuden: «Pribilegiatu hutsak ginen. Taklamakan basamortua ikusteko leku paregabea zen. Hots, munduko basamortu gogorrenetariko baten aurrean geunden. Baina eskalatzen jarraitu behar genuen. Gailurrerira arratsaldeko zortziak eta laurdenean heldu ginen. Tarte hori zeharkatzeko hamabost minutu behar izan genituen. Gauak harrapatu zigunez, jaitsierari ekin genion. Goiko sekzioa sokara lotuta egin eta gero, hemezortzi rappel egin genituen. Ia denak izotzean. 26 orduko jardunaren ondoren, errimaiara iritsi ginen. Beste ordubete eta oinarrizko kanpalekuan geunden».

Era horretan, “Trophy hunt” bideak leku berezia hartu du Pik Alpinist-eko ipar-ekialdeko murruan. Timpanok dio lan eskerga eskatu ziela, baina, oro har, pozik daude klima ona izan zutelako: «Tenperatura nahiko hotza izan zen, eta eguraldiarekin zorte handia izan genuen. Oso gutxigatik bazen ere, neguko ekaitz bat atzean utzi genuen. Irailaren 24an Pik Alpinst-en lortu genuen arrakastak asko bete gaitu. Bidearen giltza oso zorrotza izan zen. Marrarren erdian geunden, eta izotzezko 300 metroko tarte bati ekin genion. Eguzkia sartu aurretik, luze horietan asko gozatu genuen. Baina itzaletan ginela, tenperatura asko jaitsi zen. 5.200 metrora, berriz, beldur handia ematen zuen izotzezko zutoin baten oinarrira heldu ginen. Zorionez, izotz mehea zuen korridore batean sartu eta sekzio hori saihesteko aukera izan genuen».

Azkenik, Timpanok eskertu nahi izan du American Alpine Cluben laguntza: «Hirurontzat Cutting Edge izeneko beka oso garrantzitsua izan da. Azken urteotan izaera bereko beste batzuk jaso ditut, baina azken honek kutsu berezia du. Izan ere, profesionalak ez garenok jasotzeko aukera dugu. Eta horri esker, bidaia zoragarriak egiteko aukerak ematen dizkigute».