GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Sailkapena bitan hausteko arriskuarekin helduko da Binakakoa bere ekuatorera

Partida biribilik jokatu behar izanik gabe, Jaka-Mariezkurrenak garaipen erosoa lortu zuten. Eta Bilbon, Lasoren bertsiorik onena ez zen nahikoa izan.

Jon Mariezkurrenak asko agindu zuen atzean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Bi abiaduratako Binakako txapelketa bihar helduko da bere ekuatorera eta sailkapena bitan hausteko arriskuarekin beteko du bere lehen erdia. Euren partidarik biribilena jokatu gabe, Jakak eta Mariezkurrenak garaipena eroso samar lortu zuten burua altxa ezinik jarraitzen duten Ezkurdia-Tolosaren aurka Labriten (22-14). Eta haiek bezala gorantz begiratu nahi duten Elordi-Rezustak askoz gehiago sufritu behar izan zuten, euren bolada txarra Laso-Arangurenen aurka amaitu eta lehen itzuli hau lau punturekin amaitzeko (22-19). Atzoko bi bikote galtzaileek, ordea, bina punturekin amaitu dute, eta azken bi postuei ihes egiteko borrokak gogorra behar du.

Lan horietarako sentsazio hobeekin amaitu zuten urtea Laso eta Arangurenek, batez ere bikotearen zama eraman behar duen Unai Laso ari delako bere ohiko maila berreskuratzen. Bizkaia pilotalekuan jokatutako partidaren bigarren erdian, erritmoa bizituz partidak aldatzen dituen pilotaria ikusi genuen berriro, urrutitik sartu eta tanto ikusgarriak lortuz, arriskuak hartzeagatik akatsak egiten ere bai; hitz bitan esanda, betiko Laso. Baina itzuli zenetik ikusi dugun Bizkarreta-Gerendaingoaren bertsiorik onena ez zen nahikoa izan Aitor Elordi eta, batez ere, Beñat Rezustaren sendotasuna gainditzeko.

Gorriak 11-3 aurreratu ziren eta, Arangurenen deserosotasuna ikusita, partidak erabat hautsia zirudien. Ez Lasorentzat. Hortxe agertu zen partida iraultzeko prest eta oso gutxi falta izan zitzaion, 12 tantorekin. Markagailua berdintzeko izandako bost aukera izan zituzten, baina unerik txarrenean egindako akatsak izan ziren euren kondena.

BIKAINTASUNIK GABE

Kezkatuago egoteko arrazoi handiagoak dituzte Ezkurdia eta Tolosak, haien jokoak ez duelako askorik hobetzen, nahiz eta azken aldera, arbizuarra errematean eraginkorrago arituta, markagailua zertxobait txukundu zuten. Etxeberria-Zabaleta eta Altuna-Martija bezalako bikoteei irabazi izanak nolabaiteko esperantza ematen zien arren, gaur egungo Jaka-Mariezkurrena orduko bikote horiek baino maila bat gorago daude, eta Baikokoek asko sufritu behar izan gabe lortu zuten seigarren puntua. Berriozarkoa oso nagusi izan zen atzean eta hasi bezain laster hautsi zuten partida.