Iraitz MATEO
HEZKUNTZA ETA HIZKUNTZA

BABESA ETA BATASUNA, HEZKUNTZA LEGEAK BIDEAN GALDUTAKOAK

Zeresan handia eman du hezkuntzak 2023. urtean, eta ia mundu osoa aurka duen Hezkuntza Legea kudeatzea egokituko zaio Lakuari datorren urtean. Arloan dabiltzanek, baina, eskakizun zehatzak dituzte oraindik, eta bideak sortutako gatazkak konpontzeko denbora hartu eta aurrera begira daude.

Iruñean, euskarazko hezkuntza eskatzeko, Ikama ikasle antolakundeak egindako mobilizazioa.
Iruñean, euskarazko hezkuntza eskatzeko, Ikama ikasle antolakundeak egindako mobilizazioa. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Zortzi milako espedizioak nola, halakoa aurreikusten zen pasatutako hiru urteetan hezkuntzaren arloa. Aurrez pentsatu behar izaten da estrategia, baina inoiz ez da jakiten bidean zerekin topo egingo duzun. Ziurtasun bakar bat: malda gorakoa izango dela bidea. Hori berretsi du azken urtean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Hezkuntza Legeak, abenduak 21ean onartu zuten Gasteizko Legebiltzarrean. Heldu dira batzuk tontorrera, baina bidean zer galdu duten ikusteko ez dute atzera begiratzen, eta tontorretik lanbroz estalitako 2024 gandutsu bat ikus daiteke; baita aterpean geratu direnen begietatik ere.

«Akordio historikoa» izan behar zuena zapuztuta geratu zen. EAJren eta PSEren babesa soilik lortu zuen, %54koa; adostasunak ehuneko askoz ere baxuagoa luke hezkuntza komunitatearen, sindikatuen eta euskalgintzako eragileen artean. Zaila izango da babes hain gutxiko lege bat kudeatzea Lakuarentzat, are zailagoa hezkuntza komunitateari entzungor egin ostean.

Hezkuntza komunitateko kidea da Asier Etxenike, eta, espedizio horretan zein hezkuntza komunitatean orokorrean gertatutakoari begiratuta, kezka nagusi bat du: «Hezkuntza komunitatea Euskal Herrian oso fragmentatuta dago». Hizkuntza ereduen arabera; publiko-pribatu ereduen arabera; irakasle, ikasle eta gurasoan artean; hezkuntza formalaren eta ez formala bereizita ulertzean... azaldu du. Bide osoan sumatu duen zerbait izan da oztopoa, eta, beraz, aurrera begirako erronka hezkuntzan: «Bide bat egin ahal izateko, herri ikuspegi batetik josi behar dugu hezkuntza komunitatea». Euskalduntzea, segregazioarekin amaitzea, curriculuma eta kultur transmisioan sakontzea izan daitezke adostasunak eraikitzeko elementu funtsezkoak, haren ustez, eta datozen urteetan horiei arreta jarri behar zaiela iruditzen zaio.

Zortzi milakoa igotzeko ahaleginean ari ziren bitartean, «Hezkuntza kontseiluak herriz herri antolatzea» proposatzen zuen Hezkuntza Plazara dinamikak, eta oraindik ere «talkarako elementuak arindu eta bide bat egiteko» modua hori dela uste du Etxenikek: «Errealitate ezberdinak daude tokian toki, eta ezberdintasunetik elkarri begiratu eta aurre egin beharko zaie; ez da erraza izango. Baina bestetik, uste dut elkarlana indartu dezakeela, eta, gainera, komunitate horretan integratu daitezkeela egon ez diren eragile batzuk: udaletxeak, aisialdi elkarteak, elkarte euskaltzaleak, eskolaz kanpoko ekintzetakoak… Herri ikuspegi aberatsago bat lortzeko aukera izan dezakegu».

NEGOZIAZIORIK EZEAN, MOBILIZAZIOA

2024ak akordio berriak ekarri beharko lituzkeela uste du Irati Tobarrek, LAB sindikatuko hezkuntza arduradunak; baina batez ere «borrokarako urtea» izango dela, zenbait negoziazio, mobilizazio eta greba deialdi jada martxan baitituzte. Borondate politiko falta da haren ustez oztopo nagusia.

Arlo ezberdinetan akordio laboralak lortzeko lanean dabil sindikatu abertzalea. Testuinguru eta adostasun berriak etortzea espero dute, eta egun blokeatuta dauden zenbait lan hitzarmen ere gauzatzea. Haur eskoletako partzuergoko langileetan, sukalde eta garbiketako langileetan, heziketa bereziko kolektiboan eta irakasle funtzionarioen kasuan negoziazio horiek bide egokian doazela aurreratu dezake. Gizarte ekimeneko ikastetxeetan, aldiz, «patronala guztiz itxita» dagoela kontatzen du, eta jada beste hamar greba egun deitu dituzte urtarrilerako eta otsailerako.

EAEko Hezkuntza Legearekin hasieratik hartu du posizio kritikoa LABek eta horretan berresten da: «Onartutako legearekin ez dago biderik. PSEk eta EAJk ateak itxi dizkiote hezkuntza sistemak behar duen eraldaketari». Epe luzerako begirada gailendu nahi du, ordea, Tobarrek: «Gure bokazioa lege hau 30 urtetarako ez izatea da. Bestelako hezkuntza legeak behar ditugu Euskal Herrian». Horretarako, aurrez testuinguru hobe bat lortu behar dela iruditzen zaio, eta horrek denbora behar duela gaineratu du.

Bitartean, onartutako legeak ekar ditzakeen dekretu edo agindu ezberdinak baldintzatzea dute xede, eta gutxienez hiru elementu aipatu ditu hurrengo urtean aurreratu beharrekoak: segregazioarekin amaitzea, ikasleak euskalduntzeko egiturazko neurriak eta ituntze sisteman aldaketa.

Segregazioari dagokionez, Hezkuntza Sailak ikasleen matrikulazioari lotutako dekretu bat atera zuen. Bada norabide bat, Tobarren ustez; baina zaurgarritasun indizea bi urteko ikasgeletan soilik aplikatzea gutxiegi dela deritzo: «Etapa guztietan aplikatu behar da». Gaineratu du lege berriak dagoen sistemari aldaketa txikiak eta oso epe luzean egiteko dekretuak jasotzen dituela, eta aldaketak azkartzeko apustua egin behar dela. Euskalduntzearen kasuan ere, ados dira ikasleek B2 maila eskuratu behar duten printzipioarekin, baina horretarako Hezkuntza Sailak egiturazko baliabideak jarri behar dituela defendatzen du: «Arreta berezia jarri behar dugu hizkuntza ereduak gainditu eta euskalduntzea lortzeko. Eta ituntzeari lotuta, Hezkuntza Sailak diru publikoa ikastetxeei ezeren truke ez emateko».

EUSKALDUNTZEA ERRONKA

Nafarroan 2024a «borroka urtea» izango dela aurreratu du Tobarrek, Nafar Gobernuak, hezkuntza publikoan behintzat, «ratioak jaitsi eta lan baldintzak hobetzea» eskatzen jarraituko dutelako. Sindikatuen elkarlan bateratu bat egon daitekeela aipatu du, mobilizazio eta greba egunak antolatuz. Bestalde, nafarrek haur eskolak euskalduntzearen erronka dute eskuartean, bai eta D eredua zabaltzearena ere. Urteetan urratzen ari diren bideari jarraipena ematea izango dute xede. Etxenikek helburu partekatu hori betetzeko batasunean egiten duten bidea txalotzen du: «Azken urteetan D ereduaren matrikulazio kanpainak batera egin dituzte ikastolek eta eredu publikoko ikastetxeek. Indarrak biltzen direnean, eraginkorragoak gara».

Euskalduntzeari lotutako urratsa dute batetik Ipar Euskal Herrian, eta hori ezinbestean lotzen zaio Seaskari. Egun murgiltze eredua osoki eskaintzen duen sare bakarra baita. Azterketak Euskaraz kolektiboko kideek hezkuntza komunitate osoa inplikatu eta Brebeta euskaraz egiteko aukera irabazteak itxaropena eta indarra eman die aurten, baina hurrengo erronka jada ezarrita dute: Baxoa euskaraz egin eta zuzendu ahal izatea.

Bestetik, Seaskaren ibilbidean historikoa izan den baliabidea eskatzearen aldarria ere badute. Azken egunetan ezin ageriagoan geratu dena Beskoitzeko ikastolaren kasuarekin. Baliabide materialak eta humanoak behar dira, azpiegitura eta irakasleak. Horiek dira urtez urte estatu frantsesari errepikatu behar izan dizkioten eskakizunak.

Aurrera jarraitzeko, aterpean arnasa hartu, azken urteetako «digestioa egin» eta hausnarrerako deia egiten du Etxenikek. Ikuspegiak aberastu eta herri perspektiban pentsatzeko garaia dela uste du: «Zer den batzen gaituena, zein helbururen alde lan egingo dugun eta ahalik eraginkorrenak izatea», hori da aterpetik atera eta gora egiteko bidea.

OLDARRALDIA, ALDE GUZTIETATIK

Hizkuntza ereduena izan zen Hezkuntza Lege proposamenean gatazka sortu zuen gaietako bat. Eta hezkuntza eragin eremu nagusietako baten gisa badu ere, oldarraldi zabalagoa eta sakonagoa jasan du euskarak azken urtean: «Oldarraldi judiziala. Baina oldarraldi hori ez da posible oldarraldi politiko eta mediatikorik gabe», dio Idurre Eskisabel Euskararen Kontseiluko lehendakariak.

Etorkizuneko belaunaldiei euskaraz jabetzeko eskubidea bermatu gabe dago egun Euskal Herri osoan hezkuntzari dagokionez, baina bestelako esparruetan ere antzeko gabiltza. Izan ere, hizkuntza eskubideak bermatzeko zenbait neurriren aurkako epaiak aspaldikoak dira Nafarroan, eta azken urteetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere helegiteak asko igo dira; Udal Legearena izan daiteke adibide garbia.

Jakintza ez dago bermatuta, beraz, eta erabileraren datuak ere ez dira hoberenak, baina ukaezina da herritarren mobilizazio gaitasun handia. Azaroaren 4an 70.000 lagun elkartu ziren Bilbon, zoru eta zeru partekatu baten alde. Etxeko lanekin agurtuko dugu 2023a, plaza betetzeko hamaika hausnarketa zintzilik.