Jon ORMAZABAL
ESKU PILOTA PROFESIONALA, TXAPELDUN BERRIEN BILA

EPEL-en desorekan oreka apur bat jartzera behartuak

Gizonezkoen esku pilota profesionalaren oligopolioan, gurea bakarkako kirol bat dela argudiatuta, asko dira enpresei eta hauen arteko lehiari garrantzirik ematen ez diotenak. EPELen negozio ereduak, ordea, azken urteetan bi promotoreen artean egon ez den oreka bat behar du bizirauteko.

Jon Mariezkurrena eta Unai Laso dira Baikon txapelen lehian aritzeko aukera garbien dutenak.
Jon Mariezkurrena eta Unai Laso dira Baikon txapelen lehian aritzeko aukera garbien dutenak. (Iñigo URIZ | FOKU)

Eta, amaitzear goazen urtearen azken erdian, zorionez ondo osatu den Unai Lasoren hutsuneari Baikoko gainontzeko pilotariek uste baino hobeto erantzun dioten arren -Lau eta Erdikoan eta Binakakoan desorekak zertxobait berdindu direla dirudi-, bi talde baino ez dauden liga batean azken 24 txapeletatik 20 alde batera erori izanak arazo bat izan behar luke zirkuituarentzat. «Ni uste nabaritu dela bi pilotarik alde dezente markatu dutela azken urteetan, eta biak Aspen egon direla: Zabaleta binaka eta Jokin buruz burukoetan. Eta horri gehitu Joseba Ezkurdia Lau eta erdikoan». Hitzok galtza zuriak eskegi dituen azken mitoetako batek esanak dira, Baikon ardura handiak dituen Aimar Olaizolarenak, hain zuzen.

Arrazoirik ez zaio falta; amezketarra buruz buru jokatu diren azken hamabi finaletatik hamarretan izan da, iritsi ezinezkoa zirudien Goizuetarraren kaiolako zazpi txapelen marka ia eginbehar bat izatera pasatu da, eta, txapel kopuruari dagokionez ere, Olaizola II.a bera, Juan Martinez de Irujo eta Julian Retegi baino ez ditu aurretik. Sailetik aparteko pilotari bat, Altuna III.a, eta horren aurka gutxi dago egiterik.

Bost final jokatu eta lau txapela jantzi dituen Zabaletaren markak ere gutxi du arruntetik. Duda gutxi dago etxarrendarra dela gutxienez XXI. mendeak eman duen atzelaririk onena eta berak egin dituen aldeak beste inork ez dituela egin.

«Baditugu bi pilotari horiekin inolako arazorik gabe lehiatzekoak: Laso eta Mariezkurrena; eta gero beste multzo on bat ere badago», gaineratu zuen Goizuetako txapeldun handiak, etxe honetan egindako elkarrizketa batean. Bitxia, edo agian ez hainbeste, duela hiru urte eskas enpresatik kanpo utzitako bi pilotariren zaman dago, hein handi batean behintzat, indarrak orekatzearen ardura.

Momentuz, Bizkarreta-Gerendaingoarena da -2022ko Buruz Burukoa- Baikoren azken txapela, eta inork gutxik jartzen du zalantzan, jokoan den Binakakoan galdutako erritmoa berreskuratuta, berak behar duela Bilbokoen aukera nagusia buruko lehiatan.

Hori Binakakoan Jakak eta Mariezkurrenak osatutako bikoteak aurre hartzen ez badiote. Berriozarkoa da, momentuz, joan Zabaletari aurre egin ahal dion pilotari bakarra. Udan sarri erakutsi dio bizkarra, eta neguan ere agintzea da atzelari gaztearen erronka. Azken urteetan hotzarekin eskuko arazoak izan ditu, baina hauek saihestea lortzen badu, txapelen borrokan egoteko pilotaria da, azkenaldian emandako jauziarekin.

Aurten, gainera, txapel egarri hori asetzeko fitxatu zuten Erik Jakarekin bikote oso ahaltsua osatzen du. Bihotzeko gaixotasunak eta ondorengo txakalaldia gaindituta, lizartzarrak gero eta gertuago du txapeldun izatera eraman zuen maila eta oso kontuan hartzeko pilotaria da.

ERRELEBOA HARTU

Bi enpresa hauen artean alderik izan bada, hori txapeldunak ordezkatzeko Aspek izan duen egokitasuna eta Baikoren ezina izan dira. Ezin esan eibartarrek zorterik izan dutenik, ze Irujo edo Irribarria bezalako txapeldun handiek behar baino lehenago eskegi behar izan zituzten praka zuriak, baina une kritikoenetan hor egon ziren prest Irribarria bera, Altuna, Ezkurdia edo azken urtean Elordi, erreleboa bermez hartzeko.

Baikon, aldiz, oraindik inor ez da Olaizola II.a, Oinatz Bengoetxearen edo Mikel Urrutikoetxearen zuloa betetzeko mailara heldu. Larrazabalen apustuak oraindik denbora behar du; berdin Iztueta edo Ugartemendia, baina horiek beharko lukete 2024 honetan gertutik jarraitzekoak.

Eta zein izan daiteke Asperen hurrengo harribitxia? «Bat bakarra esan beharko banu, Zabala aipatuko nuke. Azken bi-hiru hilabeteetan gorakada handia egin du. Buruz salto handia egin du eta errematean askoz eraginkorrago dabil». Jon Apezetxearen apustua.