GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
GOIATZ LABANDIBAR
Idazlea

«Ideia zurrunbiloaren barruan koherentzia aurkitzea izan da erronka»

Berea ez den ohe batean, berea ez den bikotekidearen alboan iratzarri da Garazi. Marrubi zaporeko tekilen biharamuneko ajeak, fisikoak baino emozionalagoak, ordea, bere-bereak ditu. Literaturaren munduan aspaldidanik badabil ere, Goiatz Labandibarrek «Bekatua» (Elkar) bere lehen eleberria aurkeztu digu.

(Jon URBE | FOKU)

 

«Bekatua» nobelako protagonista da Garazi. «Ospa» dio Garazik, baina ez da ohe horretatik, berea ez den ohe horretatik, mugitzen...

Ez; hain justu ere, nobela osoa pasatzen du ohe horretan kateatuta.

Kateatuta bai, fisikoki, zeren buruan darabilen ideia-zurrunbilo horretan aurrera eta atzera dabil iraganetik etorkizunera, orainetik igaroz... Marrubi zaporezko tekilazko gau batek, ezin erresaka onik utzi. Erresaka emozionala, denetan gogorrena?

Bada, bai. Garaziri behintzat hori gertatzen zaio. Egia da, ez dela ohetik mugitzen, baina egia da bere burua etengabeko ideia-jauzi batean dabilela eta horrek erritmo bizia ematen dio narrazioari.

Zure lehen eleberria da «Bekatua»; narrazio laburretan aritu zara orain artean. Zenbat aldiz galdetu ote dizute «noizko lan luzea?».

Beti jasotzen dugun galdera da hori narraziogintzan gabiltzan idazleok. Badirudi benetako idazle izateko derrigorra dela eleberri bat idaztea. Niri ere askotan galdegin didate horri buruz, eta orain arte beti erantzun izan dut ez nekiela inoiz idatziko nuen ere. Eta iritsi da, baina ez nire buruari proposamen hori jarri diodalako, baizik eta oso modu naturalean. Ideia bat neukan, eta ideia hori paperera eramateko modu egokiena eleberri bat zela iruditu zitzaidan.

Zein zen hasierako ideia hori?

Abiapuntua zen loezin momentuetan gaudenean sortzen diren itxuraz lotura gabeko pentsamendu multzo hori nola eraman paperera. Kasu honetan ez da gaueko loezin bat, goiz bat da, biharamun bat, aje emozional bat. Baina gauza bera da; une horietan buruan darabiltzagun ideia ilunak jaso nahi nituen.

Eleberriko protagonista Garazi da; ausartuko nintzateke esatera eleberria Garazi bera dela...

Hala da, eleberri honetako protagonista absolutua Garazi da; hori nahita izan da horrela. Ez zait momentu batean ere burutik pasa aipatzen diren beste pertsonaiei ahotsik ematea. Garazi nahi nuen izatea protagonista eta bere burutik pasatzen ziren ideia horiek guztiak.

Pixka bat joan nintzen idazten, kasu batzuetan nahiko suelto edo, zein ideia landu nahi nituen eta gero harilkatuz joan naiz. Itxura batera, ideia batzuk elkarrekin loturarik ez zuten eta, noski, horrekin ezin da eleberri bat idatzi. Guzti horri koherentzia bat eman behar zitzaion eta uste dut lortu dudala, atzera eta aurrera eginez. Egia da ariketa horren barruan, Goiatz bera ere Garazi bilakatu dela zenbait unetan, zeren enpatia minimo bat beharrezkoa da idazte prozesuetan. Jarri behar nuen kasu honetan ohe horretan, jakiteko zer den Garaziren burutik pasatzen dena.

36 urteko emakumea da Garazi; Mattinen, 19 urteko mutil baten, ohean jarri duzu parranda gau baten ondorenean. Itxuraz gertakari hutsal bat izan zitekeen, baina Garaziren burutazioen joan-etorri horretan gai sakon asko ukitzen dituzu, nahiz eta oso modu arinean irakurtzen den...

Azken batean Garazi ohe horretan jartzea aitzakia bat baino ez zen, aitzakia bat behar nuen ideia-zurrunbilo hori idazteko. Eta hasieratik garbi nuen gertakari hori ez nuela nahi izatea atzerakorik ez duen gertakari bat, heriotza bat izan daitekeen moduan. Horrek uste dut eleberriaren tonu guztian izango zuela eragina, ilunagoa izango zen, eta ez zen hori nire intentzioa. Horregatik erabaki nuen sozialki akaso gaizki samar ikusita dagoen zerbait egitea protagonistak; alegia, kasu honetan Garazik adarrak jartzen dizkio bikotekideari, Axiri. Eta adarrak jartze horri plus bat erantsi nahi izan nion, adin tartearekin jokatuz, emakume helduagoa eta gizon gazteago bat jarriz. Uste dut hori oraindik okerrago ikusita dagoela. Horrek ematen dio aitzakia Garaziri bere buruari begira jartzeko, bere inguruari begira jartzeko, baita belaunaldi desberdinei begira jartzeko ere. Eta horrek aurrerabidea ematen zidan gaur egungo gizarte honi begira jartzeko.

Belaunaldien arteko talka hori eleberri osoan behin eta berriz ageri den zerbait da...

Bai. Azken batean, Garazi ez dago bere buruari bakarrik begira eleberri honetan. Bai, bere buruari begiratzen dio, baina aitzakia bat da pertsonala kolektibo bilakatzeko ere. Askotan aipatzen du, esate batera, bere ama, zer pentsatuko ote lukeen hark Garaziri buruz, honek egindakoen inguruan, honen belaunaldiaren bizimoduaz...

Kuriosoa da Garazi ez dela horren epaitua sentitzen, adibidez, amaren aldean amonarengandik...

Bai, amona ere aipatzen du eta esaten du amonak dena barkatuko diola. Agian hori topiko bat da, aitona-amonen eta biloben arteko harreman horretan hauek eskuzabalagoak direla, gurasoei dagokiela zorrotzagoak izatea. Egia da Garazi mugitu gabe badago ere ohe horretan, bere ideia joan-etorri horretan informazio asko ematen digula bere ingurukoez ere, bere familiaz edo lagunarteaz, esate batera.

Lagunak aipatu dituzu; hor ere oso ondo bereizten ditu kuadrilla eta bestelako lagunak. Kuadrilla kasik harri bat bezalakoa da; aldiz, beste lagun batzuekin askeago sentitzen da.

Esaten da gure euskal gizarte honetan kuadrilla badela halako estamentu bat. Eta egia da. Nik uste dut oso ondo markatzen direla zer den kuadrilla eta zer ez den, nahiz eta horrek ez duen esan nahi hortik kanpora laguntasunik ez dagoenik. Hemen Garazi jartzen da bere kuadrillakoei begira, hauen bizitzari erreparatuz, eta aldi berean pentsatzen du kuadrillakoek nola ikusten duten bera. Eta gero hor daude beste lagun solteak, zeren liburuan bertan ere aipatzen da kuadrillak sarritan halabeharrez sortzen direla, dela adinagatik, bizilekua edo ikastetxea konpartitu ditugulako. Laguntasunak askotan hortik kanpo eraikitzen dira, modu libreago batean bizi ditugun esparruetan.

Gurasotasunak ere lerro asko hartzen ditu eleberrian. Edo guraso izan, bai ala ez, zalantza horrek. Garazi 36 urteko emakumea da, eta badirudi galdera derrigor planteatu behar duela...

Uste dut hori gertatzen den zerbait dela. 36 urte ditu Garazik, bikote harreman egonkor bat, urte askokoa, eta hor bai uste dut gizarteak oraindik emakumeari jartzen diola presio bat, ea umeak noizko galderarekin, kuestionatu gabe, nahi duen, ahal duen, edo beste mila gauza.

Kontatzen ditu amatasunarekin aurretik izan dituen esperientziak, abortu bat kasu, nahita abortatu zuela urte batzuk atzera eginda. Horren inguruan ere hausnarketa batzuk egiten ditu. Uste dut Garaziren belaunaldiko emakumeentzat badela zeharkatzen dituen gai garrantzitsu bat. Eta pertsonaiari sinesgarritasuna emateko iruditzen zait aipatu beharreko gaietako bat zela.

«Bekatua» jarri diozu izenburua; badu probokaziotik ere...

Egia da hau ez dela nire lehen izenburua; lan hau landu nuen ‘‘Biharamuna’’ izenburuarekin. Hau izan zen editorearen proposamen bat, eta azkenean erabili dudan aitzakia hori, adarrak jartzearena, aipatu dugu sozialki ez dagoela ondo ikusita, eta Garazik berak ere hala bizi du. Badaki kritikatua eta epaitua izango den ekintza bat izango dela oro har. Berak onartzen du bekatu hori egin duela, nahiz eta zenbait unetan hori ere zalantzan jartzen duen... baina ez dugu spoilerrik egingo!

Kontraesanak agertzen zaizkio Garaziri, baina ez gai horrekin bakarrik. Oso pertsonaia humanoa da; kontraesanez betea, beraz; kontraesanak onartzen dituena. Ez da oso zigortzailea ez bere buruarekin, ezta ingurukoekin ere. Zeren kontziente da kontraesan horietan dabilela bera, eta besteak ere horrelatsu ibiliko direla. Azken batean oso humanoa da, kontraesanik gabeko pertsonarik ez dago! Eta baldin bada, bejondeiola!

Gaiari lotuta tonu tragikoagoa izan zezakeen eleberriak, baina ez da horrela, umorea oso presente dago.

Bai, nik uste dut ironia asko duela, eta horrek asko arintzen duela testua. Ironiak beti laguntzen du irribarre batzuk ateratzen. Ez nuen nahi istorioak tonu dramatiko edo tragikoa izan zezan; hori hasieratik izan dut argi. Ez da nire helburua ez Garazi ez Garazik egindakoa epaitzea. Ni ere onbera izan naiz pertsonaiarekin. Baita beste pertsonaiekin ere; Mattin edo Axi ere ez dira pertsonaia gorrotagarriak.

Zein izan da zuretzat erronka nagusia eleberri hau aurrera eramateko garaian?

Erronka nagusia koherentzia mantentzea izan da, ideia-zurrunbilo horren barruan. Zalantza gehien sortu didana hori izan da, baina baita ere nola kontatu. Zerbait idazten hasten naizenean, kasik garrantzitsuena hori izaten da, nola kontatu asmatzea. Kasu honetan hirugarren pertsonan kontatzen dut. Probatu nuen lehen pertsonan kontatzea ere, baina emaitza askoz tragikoagoa zen, zigortzaileagoa zen bere buruarekin. Hirugarren pertsonan kontatzeak distantzia bat ematen zidan gertakariarekiko, arintzen zuena tonua. Uste dut, asmatu dudala narratzailea hirugarren pertsonara pasatuta.