Kepa KORTA
Irakasle eta ikertzailea
JOPUNTUA

Hasieran, atzera

Iragarkien tartean ari ziren Arrate irratian, inguruko herrietako saltokien berri euskara lokalean-edo ematen, ez euskara batuan. Harritu ninduena «urrutizkina» entzutea izan zen, behin eta berriz. Aurrera ala atzera ari gara? Aita zenarekin gogoratu nintzen, nola, ikastolatik etorri berritan «kafea» esaten nuenean, burlaizez esaten zidan «akeita, txola eta txokola». Ez zuen dudarik egiten, hala ere, aurrera ari zela euskara, orduko ahaleginei esker.

Ohikoa zen Vienan gosaritarako ardoa edo garagardoa edatea. XVIII. mende bukaera aldera hartu zien tokia kafeak, nahiz eta garesti samarra izan. Beethovenek oso maitea zuen akeita, eta kontu handiz zenbatzen omen zituen dosi bakoitzeko erabiltzen zituen 60 aleak. Herenegun goizean, inguruotan ere, ardoa, garagardoa eta droga gogorragoak hartuko zituen makina batek gosaritarako. Alkohola aurrera, akeita atzera.

Nik dakidala, inork ez du lotu Beethovenen sorkuntzarako jenioa bere kafe kontsumoarekin, baina badira droga kontsumoa eta arte-sorkuntza batera ikusi dituztenak, artista drogazalea −edo artistaren drogazaletasuna− miresteraino. Adibidez, Shane MacGowan kantagile eta musikari hil berriaren kasuan, sorkuntzak zor zion zerbait droga kontsumoari, batzuen ustez. Kantagile, musikari, idazle, aktore eta, MacGowan bezala, drogazalea ere baden Nick Cavek bestelako iritzia dauka: «Badago mito bat dioena badirela pertsona ‘berezi’ batzuk, dena gehiegikeriaz eginagatik, nolabait sortzen jarraitzen dutenak; baina ez da egia. Tristea izan zen ikustea Shanek denborarekin bere dohain apartak nola galtzen zituen eta nola zihoan gutxitzen». Drogetan aurrera, osasunean eta arte-dohainetan, atzera.

Urtea joan eta urtea etorri, ez dago oso argi bizitzan aurrera ari garen ala heriotzarako atzerako kontaketan −joan ala etorri−. DBHko ikasleen %20 horren euskara mailaren antzera gabiltza seguru asko: ez aurrera, ez atzera; azkenean, hasierako puntuan atzera. Urteak hiru dauzkan honetan, dena den, zintzo opa dizuet bizi dezazuela urterik onena!