Arnaitz GORRITI
BINAKAKO TXAPELKETA

Ongi etorri Jon Mariezkurrenak eta Zabaletak agintzen duten eremura

Ligaxkako aurreneko itzulia amaitu berritan, berdintasuna da nagusi eta bikote guztiek dute oraindik final-laurdenetako play-offetarako sailkatzeko aukera. Edonola ere, bi atzelari nafarrok beren legea ezarri dute Binakako Txapelketaren hasiera honetan.

Mariezkurrena eta Zabaleta, Binakako Txapelketa honetako agintariak, orain arte.
Mariezkurrena eta Zabaleta, Binakako Txapelketa honetako agintariak, orain arte. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Binakako Pilota Txapelketa bere aurreneko faseko ligaxkaren erdira iritsi da eta zernahi gerta daitekeela esatea da albisterik onena. Ez dira jardunaldi asko sailkapena «erdibitzearen» beldurra sumatzen zela, non aurreneko bi postuen bila hiru bikotek hanka egin zezaketen, beste batzuk aukerarik gabe utzita. Zorionez, ez da halakorik izan.

Ez da gaurko kontua esku-huskako pilotak aurrelarien jabetza pribatua dirudiela. Baina Binakakoa, letra larriz, iristen denean, hor daude atzelariak, eta lehen itzuli honetan ez dago Mariezkurrena II.a eta Zabaletari eztulik egingo dienik.

Azken hamarkadako Binakako Txapelketako erreferente nagusia da Etxarrengoa eta, hortaz, inor ere ez da harritzen aurreneko itzulian zazpi partidatik bost irabazi eta sailkapen nagusiko bigarren postuan ikusita bera eta Etxeberria. Akaso aurrenekotik at ikustea izango da ezusteko nagusia, baina hain egoki ari da Mariezkurrena II.a! Kasualitatez, edo ez, Etxeberria eta Zabaletaren aurka bakarrik galdu dute egun lidergoan dauden Jaka eta Mariezkurrenak. 20-22 galdu ere.

Hamaika aldiz esan da dagoeneko Baiko enpresaren apusturik garbiena dirudiela Jakak eta Mariezkurrenak osatzen duen bikoak. Bilboko enpresak arinegi egin gura izan zituen Berriozarkoarekikoak -miopearen bista zorrotza erakutsiz-, baina egia da honek ere azkenaldian gorantz egin duela, eta aurten, gainera, uda sasoian erakutsi zuen maila ari dela erakusten neguan ere.

Duela pare bat urte ere elkarrekin ziren, baina orduko hartan ez ziren balizko «joa + inspirazioa= tantoak» izango litzatekeen formula hori betetzeko gai izan eta final-laurdenetako ligaxka ere harmailetatik ikusi behar izan zuten. Aurten, ondo bidean, final-laurdenak harmailetatik ikusteko bidean dira berriro, baina finalerdietan aurkari zein izango duten aztertzeko.

TROPEL MARDULA

Mariezkurrena heldutasun puntura iritsi da, hortaz, eta beste batzuk atzera bidali ditu; Elordi eta Rezusta, kasu. Mallabikoa da Binakako egungo txapelduna eta Rezustak ez dio inbidiarik inori.

Alabaina, aurreneko jardunaldietan fin aritu ostean, hiru porrot jasan behar izan dituzte laugarren garaipena lortu arte. Etxeberria eta Zabaletarengandik garaipen bakarrera daude, baina zaila da bigarren postura iristeko gai izango ote diren pentsatzea; ez, ordea, play-offetan aritu beharko direla.

Are ariketa zailagoa dirudi zazpigarren eta zortzigarren nortzuek amaitu behar duten apustu egitea. Zein da Peña eta Albisuren benetako aurpegia? Altuna eta Martijaren aurka bigarren erdian hondoa jo zuen hauskor eta depresibo hura? Jaka eta Mariezkurrena soken aurka izan zutena? Edo Elordi eta Rezusta 12an laga zuen bikotea?

Tropel mardul horren erdian kokatu dira Jokin Altuna eta Julen Martija. Sorbaldako arazoak atzean utzita, Amezketakoa erasokor eta artista ez ezik, indartsu eta sasoiko ikusten da; iritsi denetik lau partidatik hiru irabaztea ez da gutxi. Ikusi egin behar Mariezkurrena, Zabaleta edota Rezusta agintzera pasatzen diren horietan bikote honek sendotasun hau bera erakusten ote duen ala ez.

Seigarren dira Artola eta Imaz, Etxeberria eta Zabaletari irabazita. Jaka eta Mariezkurrenaren aurka 5ean geratu ziren hartan salbu, neurketa latzak jokatu dituzte, eta akaso pilatutako tantoek mesede egingo diete berdinketetan.

Ezkurdia eta Tolosarena marka da: bi partida irabazi dituzte, nortzuei eta Etxeberria eta Zabaletari, eta Altuna eta Martijari. Alta, gorago izango badira, Ezkurdiaren bertsio onena azaldu beharko da.

Izar baten atzelari izatea gogorra da Arangurenentzat, porrotetan soilik oroitzen baitira berataz. Laugarrenean lortu zuten aurreneko puntua, baina dagoeneko bi puntu dituzte. Zaila den arren, «sustoak eman» baino gehiago egiteko gai direla erakusten ari dira. Laso eta biak. Atzelariek zeresanik badutelako.