04 ENE. 2024 AZKEN PUNTUA Saidow Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria Semea azkenengoz ikusi zueneko negarra ezin burutik kendu ibili zen asteotan. Handik eternitate batera, Gineatik ateratako neska gaztea itsasoan itota hil zen, hiru hilabete lehenago Europara abiatutako ontzi txikian bidalitako semea berriz ikusteko aukerarik gabe. Gurasoek bost hilabete eskaseko haurra ezezagun batzuen besoetan utzi zuten, Europara eraman zezatela erregutuz. Geroztik, harengana iristea besterik ez zuen buruan amak baina, beste askori lez, itsasoa den hilerrian bukatu zitzaizkion asmoak eta ametsak. Saidow txikia Hierro uhartean bizi da orain harrera familia batekin. Ez dakit sekula egia esanen dioten. Ez dakit kontatuko ote dioten amak bizitza galdu zuela bere biziraupena bermatu ahal izateko. Gurean, urteko lehen haurrak gero eta beranduago jaiotzen direla entzun dut. Arazotzat jotzen duten fenomeno orokorra omen da eta jaiotza-tasa txikia kontinente zaharrarentzat tragedia gisa aurkezten digute. Baina nik desesperazio hotsak besterik ez ditut entzuten, haur gaixoen negarrak bailiran. Ez dakit ahots horiek Atlantikotik, Mediterraneotik edo Gazako eskola izandako leku bonbardatu batetik datozen. Baina entzuten ditut eta orain, urte berriari nola ekin pentsatzen ari garela, ez dakit Europa ote den munduan egoteko lekurik eta modurik egokiena.