IKER GURRUTXAGA
MUSIKHARIA
Entrevista
JON ANDER ARTOLA ETA YERAI GASCON
Habi taldea

«Guretzat sekulako plazera da oholtza halako taldeekin partekatzea»

Habi bikoak ‘‘Lilura’’ singlea kaleratu, eta ohartzerako ‘‘Ohartu’’ diskoa etorri zen, azaroaren 17an. Yerai Gascon eta Jon Ander Artola dira Habi; tira, Victor Sanchez ere bai, taldearen muinean sartuta baitago teknikaria ere. Ohituta gauzkaten indarrarekin dator Villabonako taldea.

(Arri IRAETA - Nagore ARIN)

«Lilura» kantuak ohartarazten zuen diskoa kaleratuko zenutela; aurreko diskotik nahikoa jarraipen duen abestia. Erritmo aldetik erokeria bat da, ordea. Ba al dakizue zer konpasetan ari zareten?
JON ANDER ARTOLA:

Uf. Erritmoa berez nik eramaten dut eta ez dakit. Zuk Yerai?

YERAI GASCON:

Lau lauko konpasa duela esango nuke, baina bateriak hautsi egiten du erritmoetan. Hala ere, gu ez gara ez math rock ez halakoetan ibiltzen; zerbait gogoko dugunean horrela geratzen da eta kito. Ez dago halako hausnarketa sakonik gauza hauen atzean.

J.A.A.:

Saiatu gara guretzat betiko erritmoak diren horietatik aldentzen eta kasu honetan bai badela berezia bateriaren erritmoa, baina gero errepikakorra denez, ohitu egiten zara. Lehenengo singlearekin, ‘‘Oinatzak’’ kantuarekin, oso argi eduki genuen zein izan behar zuen, baina honekin, bigarren singlea ateratzea bera ere zalantza egin genuen. Baina bideokliparekin ondo geratu zen eta pozik geratu gara.

Diskoa bera, ordea, «Oskol» kantuarekin hasten da. Musikalki ere badu epikotasun bat, zeinean oskol bat apurtu eta jaiotzen ari den norbait ikus dezakegun. Metal ukitua du sarreran eta beste kanturen batean ere nabaritu dut hori.
Y.G.:

Gitarraren soinua da mundu horretara eramaten zaituena, marrazkia bera pixka bat motelago jotzen bada stonerrean zaudelako, grunge ukitu bat ere bai. Egia da orokorrean gitarra indartu dugula disko honetan eta intro honetan ere bai, argi genuen diskoa honek irekiko zuela, epikoa zelako.

Biluztearen inguruan egiten den deskribapena ere oso berezia da.
Y.G.:

Erronka bat zen niretzat sexuari buruz idaztea, sexua bera aipatu gabe eta zikina izan gabe. Nik uste dut uneren batean sexua dagoenik ere ez dela ulertzen, beste era batera ere biluztu zaitezkeelako, baina hitzen bat edo beste esplizituagoa horregatik da. Musikalki badu indar bat, gorabehera asko du, Habiren unibertsokoa da.

J.A.A.:

Kontinuista da, baina kantu honetako metal alde hori apustu bat izan da, propio egindakoa, bagenuelako beharra gure ohiko egoeratik ihes egitekoa. Nahiz eta entseatzerakoan inprobisatzen ibiltzen garen.

Disko honetara iritsi arte, hainbeste BPMetara jo duzue inoiz? Esan daiteke «Zama» dela orain arteko kanturik azkarrena?
J.A.A.:

Ez dut uste, ez, hain azkar inoiz jo dugunik. Kantu honetan izerdia botatzen dugu jotzerakoan.

Y.G.:

Niretzat gitarreo horrek eta bateriak nahikoa sinplea dirudien arren, bi pertsonaren artean hori sortu eta betetzea zaila izan da guretzat. Hori lortzeko lana egin behar izan dugu. Kotxean joateko kantua da niretzat; erritmoak martxan ibiltzera behartzen nau.

Soinu aldetik lehorragoa da, baterian zein gitarran; gordinagoa da nolabait esatearren.
J.A.A.:

Bai, hori bilatu nahi genuen. Abestiak abiadura bat hartzen duenean, definizio bat bilatu nahi diozu soinuari, gauza bakoitza bere tokian egon dadin. Kutxaren afinazioa, bonboarena ere bai… gora eraman genituen, definizio horren bila. Beste kantu batzuetan lodiago utzi ditugu, soinu enbolbenteagoa izatearren. Hemen garbiago egon behar zuen guztiak, gitarrak ere presentzia handia duelako.

Bateriaren afinazioa, ordea, zuzenekoetan ezin da aldatu. Erabakiren bat hartu beharko duzu hor.
J.A.A.:

Zaila da erabaki hori, bai. Dena dela, zortea dut estudioan teknikari izan den Victor Sanchez etortzen dela zuzenean ere gurekin eta ekoizpenaz ere bera arduratu da. Hain ongi ezagutzen nau, kanpotik zer entzun behar den ere hain argi du, eskua sartzen duela bateriaren afinazioan kontzertu aurretik eta hor asko irabazten du. Dena dela, kutxan hasieran oso lodi edukitzea bilatzen genuen arren, orain soinu definituago eta altuago batera bideratzen ari naiz.

Lehen aipatu duzue «Oinatzak» izan zela lehen singlea eta oso argi zenutela hori. Jon Anderrek kantua nola betetzen duen harrigarria da; oso jostari ikusi zaitut abesti honetan.

J.A.A.:

Bai, nik ere horrela ikusten dut.

Y.G.:

Broma ukitu bat badu abestiak, baina kantua oso dotore geratu dela esan dezaket. Madrilgo pop talde batzuk entzuten eman nuen denbora bat eta erdi brometan-edo kantu bat idatzi nuen, baina iragazkia pasa zuen. Abesti asko egiten ditut erdi brometan eta Habiren kupulara bidaltzen ditut eta eztabaidatu egiten dugu horren gainean. Batzuetan iragazkia pasatzen du eta besteetan ez. Nik autotunearekin bertsio elektroniko batean eta abar bidali nien, eta gustatu zitzaienean, Habira eraman eta hau izan da emaitza.

J.A.A.:

Esan dituen erreferentziak bagenekien hor zeudela, baina gero lokalera moldaketa bat ekartzen du gitarran eta ahotsean, eta nik horri bateria erantsi behar izaten diot. Kanta entzun eta zer behar duen jakitea gustatzen zait bateria sortzerakoan; hortaz, kantu honek bai behar zuela jolas hori, erreferentziei begiratuta, erritmo oinarrizkoagoak diren arren, pop mundura eraman behar nuen bateria.

Esan dezakegu «Berde» kantuan gitarrak atzerago geratzen direla eta ahotsak aurrerago?
Y.G.:

Hausten den arte bai, giro intimoago bat izatea nahi genuen eta horregatik erabiltzen dira tinbalak eta abar. Diskoko balada dela esan dezakegu, gitarra zerra bat bezala sartzen den arte. Aurreko laneko ‘‘Kondenatu’’ abestiarekin lotzen dugun kantua da, guretzat intentzioa hori birbisitatzea izan zelako.

Kolaborazio bat ere badago, Nagore sartzen baita abesten. Berezia izango zen zuentzat, noski.

Y.G.: Oso berezia, oso-oso berezia. Baina ez zen nire ideia izan, hori ere argi utzi nahi dut. Egia da kantuak begi berde batzuen inguruan hitz egiten duela eta Nagore bada Habiren parte nolabait ere, kontzertuetara asko etortzen delako gurekin eta argazkiekin, bideokliplekin… laguntzen gaitu. Kasualitatez bikote eta bizikide gara eta bere begien inguruan berarentzat idatzi nuen letra hau; berriz ere Habiren kupulara bidali nuen eta han esku zabalik jaso zuten. Diskoa ilun samar geratzen ari zen eta honek maketatik abiatuta handitasuna lortu zuen, epiko samarra. Jon Anderrek eta Victorrek proposatu zuten kolaborazio hau egotea. Nagorerentzat ere lehenengo aldia zen halako mikrofono baten aurrean abesten jartzen zena eta gugatik egin du, eta hori ohore bat da.

«Zapatak» abestia, berriz, oso grafikoa dela iruditu zait; gerra egoera bat ikusten dut.
Y.G.:

Kasualitatea da, baina hau idatzi genuenean Ukrainako gerra ere ez zegoen martxan. Ukrainakoa “Helmuga” atera genuenean gertatu zen eta hau aurretik geneukan eginda. Zapaten zatia soilik neukan idatzita eta buruan genuen kontzeptua etxean bakarrik geratu den norbaitena zen. Umeak joan eta bakarrik geratu den guraso batena, arazo mentalak eduki eta bakarrik bizi den bat edota adinean aurrera joan eta etxe horren bakardadean etxeak berak izandako bizitzari so jarri dena. Hori nahi genuen kontatu, baina gu nahikoa grafikoak gara eta hautsi, odola, dardara… aipatuta, badirudi oraintxe Gazako etxe batean gaudela kantuan.

Kontzertu dezente dituzue eta batzuk artista interesgarriekin partekatuta, hala nola Liher-ekin, Sara Zozayarekin eta Cala Vento taldearekin. Eta, nola ez, Etxekalte taldearekin ere bai Bermeon. Bira hasiera polita duzue.

Y.G.:

Bat edo beste gehiago ere badago ixteke oraindik. Hil honetatik aurrera Gasteizko Jimmy Jazzen, Gernikako Astran, Amurrioko Burubion, Azpeitiko Sanagustinen edota Bermeoko Nuntxakun izango da gu ikusteko aukerarik.

J.A.A.:

Bira luzatu egingo dela esango nuke. Oso pozik gaude aurkezpen bira honekin. Egia da Bidean Produkzioak dagoela gure atzean lan handia egiten eta gure hirugarren lan honekin sendotasuna bilatzen bagenuen, bada kontzertu zerrenda hori bada sendotasun horren isla. Jotzen dugun tokiengatik eta jotzen dugun artistengatik ere bai, guretzako sekulako plazera delako oholtza halako taldeekin partekatzea. Egurra!

Y.G.:

Egurra!