GARA
BILBO

45 pertsona hil ziren 2023an Araba, Bizkai eta Gipuzkoan trafiko-istripuen ondorioz

Trafiko-istripuek utzitako heriotza-tasak gora egin zuen 2023an Gipuzkoan (31 heriotza), eta behera, Bizkaian (8) eta Araban (6). Guztira, 45 pertsona hil ziren hiru lurraldeetan.

Istripu bat Hernani parean, artxiboko irudi batean.
Istripu bat Hernani parean, artxiboko irudi batean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 45 pertsona hil ziren trafiko-istripuen ondorioz 2023an, aurreko urtean baino bat gehiago eta 2019an baino sei gutxiago (pandemia aurrekoarekin parekatzeko moduko azken urtea). Sexuaren arabera, hildako pertsonen %87 gizonak izan dira (39 hildako), eta %13, emakumeak (6). Horrela jakinarazi zuen atzo Estibaliz Olabarri Lakuako Trafikoko zuzendariak, 2023ko behin-behineko balantzea aurkezteko Bilbon egindako prentsa agerraldian. Oro har, istripu tasaren azken urteotako beheranzko joera finkatu dela esan zuen, baina heriotza tasaren banaketa ezberdina izan dela, gora egin baitu Gipuzkoan eta behera Araban eta Bizkaian.

Zehazki, lurraldeak aztertuta, heriotza-tasa baxuagoa izan ohi da Araban historikoki, eta oso antzekoa, aldaera txiki batzuekin, Bizkaian eta Gipuzkoan. Halere, 2023an, Gipuzkoan heriotza gehiago izan ziren (31 hildako); 2022an 18 lagun hil ziren, eta 2021ean, 16. Aitzitik, hildako kopuruak nabarmen egin zuen behera Bizkaian iaz, 8 hildakorekin; 2022an 18 izan ziren eta 2021ean, 16. Araban neurri txikiagoan egin zuen behera, 6 heriotza gertatu baitziren (2022an 8 eta 2021ean 10).

EAEn trafiko istripuetan 2023an hildako 45 pertsonetatik %47 kolektibo zaurgarriren batekoak ziren: 11 motor gidari, 8 oinezko eta 2 txirrindulari. Sexuari dagokionez, txirrindulari guztiak gizonezkoak ziren, bai eta motor gidarien %91 (emakumeak %9) eta oinezkoen %62 ere (emakumeak %38). Aurreko urteekin alderatuz gero, kolektibo zaurgarrietako hildakoen portzentajea %32 jaitsi zen iaz 2022arekin alderatuta, %2 2021ekin alderatuta eta %21 2019arekin alderatuta.

Bestalde, sentsibilizazioaren arloan, 2023an 65 urtetik gorako biztanleriari zuzendutako programa berria jarri zen martxan, talde horretakoak baitira EAEn herritarren %23,5 baitira. Kolektibo horri bideko arriskuak identifikatzen eta euren burua babesten laguntzea izan zen xedea, 2023an hildako oinezkoen erdiak adin horretatik gorakoak izan baitziren.