GARA Euskal Herriko egunkaria
REAL SOCIEDAD

Cecilia, gauza txikiekin disfrutatzeko irrikaz

Cecilia Marcos eta Natalia Arroyo, Zubietan. (REAL SOCIEDAD)

2023ko urtarrilaren 7an, Cecilia Marcosek eskuineko belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi zuela komunikatu zuen Realak. Urtebete geroago, aurrelari donostiarrak deialdian sartu eta zelairatzeko aukera izango du berriro.

Lesioaren albisteak min handia sortu zuen bezala, poz bereziki handiz ospatu da haren itzulera. Izan ere, Ceciliak bi denboraldi luze eman ditu ia ezer jokatu gabe, 2021eko irailean lesio bera izan baitzuen ezkerreko belaunean. 2021/22 denboraldian ez zuen gehiago jokatu, eta hurrengoan hamaika partida baino ezin izan zituen jokatu, lotailua berriz hautsi aurretik. Kolpe latza edozein kasutan, eta are gehiago bere ibilbide profesionaleko lehen urratsak egiten ari den jokalari gazte batentzat.

Baina aurrekoa gainditu zuen bezala, bigarrena ere utzi du atzean. Eta prozesu luze honek ikasgai bat utzi dio besteen gainetik, jokalariak berak azaldu duenez: «Gauza txikiei garrantzia ematea. Taldearekin entrenatzea, entrenamendua bukatu, bidaiatu... Uste dut ez garela konturatzen zer ondo gauden, ondo gaudenean». Hori da, beraz, bere asmoa hemendik aurrera, eta urte berriari eskatzen diona, urte «normala» izatea. Hau da, «taldearekin egotea, jarraitutasuna eta egonkortasuna izatea... batez ere lesioei dagokienez, azkenean hori baita gehien gustatzen zaizuna egiten uzten ez dizuna, taldearekin egotea eta futbolean jokatzea», nabarmendu du.

Bihar ekingo dio bide berriari, eta «pixka bat urduri» dagoela aitortu du: «Taldearekin lan egiten hasten zarenean, hasieran gehiago kostatzen zaizu hanka sartzea. Baina konfiantza hartzen zoaz, ausartzen, azkenean bakarrik irten arte, pentsatu gabe. Baina orain sentsazio onak dauzkat, solte eta eroso sentitzen naiz, eta garrantzitsuena hori da, lesionatuta egon zarela pentsatu ere ez egitea».

Natalia Arroyok ere «oso pozik» dagoela esan du: «Epe guztiak oso ondo gainditu ditu eta ondo ikusten dut, sartuta, lehiatzen... Igandean minutuak baditu, ikusiko duzue zeinen ondo dagoen». Taldearentzat albiste pozgarria dela uste du, donostiarrak «asko eskaintzen duelako. Desorekatzeko gaitasun handia dauka, asistentziak, erdiraketak eta jaurtiketak ateratzeko... Aurkaria asko baldintzatzen du. Aurkaria bere zelaian daukagunean, espazio txikietan gauzak ateratzeko gaitasuna dauka; eta partida irekiagoa bada, hegazkin bat da».